Iragarria zuten, eta hala gertatu da: konfinamendu garaian inoiz baino kexa gehiago jaso ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak; zehazki, 205. Iaz garai berean baino %47 kexa gehiago dira, eta erakunde publikoei zuzendutakoak dira hamarretik sei (115 kexa). Behatokiak salatu du «gizartearen egoera bere gordinean» erakutsi duela alarma egoerak, eta euskarak ez duela «balio izan herritarrei osasunari zein segurtasunari buruzko berehalako mezu garrantzitsuak igortzeko». Hala, salatu dute euskara «bigarren mailakotzat» jo dutela erakunde publikoek.
Eusko Jaurlaritzari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei zuzendurikoak dira lau kexatik bat: «Herritarrek salatu dute gaztelera hutsean jaso dituztela Jaurlaritzako ordezkarien adierazpenak eta sareko zein herritarrentzako prestatutako argibideak», Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azaldu duenez. Nafarroako Gobernuari ere egin diote herritarrek protesta, nahiz eta kexak gutxiago izan. Gaubekak ohartarazi du, ordea, horrek ez duela erran nahi urraketa gutxiago gertatu direnik Nafarroan: «Nafarroan urraketak 'ohikoak' dira, zoritxarrez, eta herritarrek ere gutxiago salatzen dituzte, babesgabeago sentitzen direlako». Ipar Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen dela uste du Behatokiak.
Tokika, udalek ere jaso dituzte kexak, eta, sektoreka, Behatokiak osasungintzan jarri du arreta, COVID-19ari buruzko informazioa eta adierazpenak gazteleraz eta frantsesez jaso baitituzte maiz herritarrek. Hezkuntzan eta komunikabideetan ere antzekoa gertatu da. Gaubekaren ustez, «kezka handiz» hartu behar dira salaketok, «herritarren ongizatea dagoelako jokoan». Dena den, argi utzi nahi izan dute jasotako salaketak «izozmendiaren punta» baino ez direla: «Egoeraren larritasunagatik eta arduradunen jokaera ikusita, herritarrentzat ez da erraza izan osasungintzan nahiz bestelako sektoreetan gertatutako urraketak salatzea, ezta bertako langileentzat ere».
Eskutitzak erakundeei
Urraketen berri eman eta egoera salatzeko Behatokiak gutunak bidali dizkie erakunde publikoetako ordezkariei: Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariari, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuari, Bernadette Soule EEPko zuzendariari, baita Nafarroako eta EAEko Arartekoei ere. Argibideak eta neurri zuzentzaileak eskatu dizkiete.
Koronabirusa
Behatokiak 205 kexa jaso ditu alarma egoera hasi zenetik ekainera arte
Iaz garai berean baino %47 gehiago izan dira hizkuntz eskubideekin lotutako kexak. Hamarretik seik erakunde publikoekin lotura dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu