Frantzia. Erosahalmena

Frantziako Gobernua gasa faltako denerako prestatzen hasi da

Gaur aurkeztuko duen legegaian onartuko du ziklo konbinatuko zentralak bere kontrolpean hartzea eta gizarte laguntzak emendatzea

Erregaiaren prezioak gainditu egin du jada Frantziako Gobernuak emandako hemezortzi zentimoko laguntza. MOHAMMED BADRA / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Neguaren hasieran energia falta daitekeela dioten iragarpenei aurre hartu nahi die Frantziako Gobernuak ere. Gaur aurkeztuko duen erosteko ahalmenaren aldeko lege proposamenean energia hornidura bermatzeko zenbait neurri azalduko dira, hala nola gasa erretzen duten zentralak bere gain hartzea eta ikatza erretzen zuen Saint Avold berriro irekitzea. Herritarrei zuzen-zuzenean eragiten dieten beste zenbait neurri ere joango dira; besteak beste, ehun euroren laguntza zuzena baliabide apaleko familiei —gehi 50 euro seme-alaba bakoitzeko— eta gizarte laguntzen emendatze bat.

Ikusi gehiago:Bornek konpromisoa eta akordioak eskatu dizkie oposizioko alderdiei

Ukrainako gerrak areagotu egin du krisi energetikoa, eta negua kezka handiz ikusten ari dira mundu osoko gobernuak, gasaren eskaria handitzen bada denentzat nahikoa izango ez delakoan. Alemania energia larrialdirako planaren bigarren mailan dago jada, eta, hirugarrena dekretatuz gero, Berlingo gobernuak eskubidea izango du gasa errazionatzeko.

Ikatzaren beste aukera

Hain urrun ez doa Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa. Batetik, Frantzian gas eskaria Alemanian baino txikiagoa da, eta, gainera, erreserba biltegiak beteago ditu, besteak beste azken asteetan Bilbora itsasontziz modu likidoan iritsi eta han berriro gas egindakoaren zati bat bereganatzen ari delako.

Baina Alemaniak ez duen arazo bat dauka, eta handia: energia nuklearrak sortzen du Frantzian argindar gehien, baina erreaktoreen erdiak geratuak ditu, geldialdi teknikoei arazo tekniko ugari gehitu zaizkielako.

Les Échos egunkariak aurreratu duenez, testuaren zati batek Energia Subiranotasuna du izena, eta horretan agertzen da Energia ministroak eskumena izango duela ziklo konbinatuko zentralak bere kontrolpean hartzeko. Horrela bermatu nahi du zentralak itzaltzea gas nahikorik ez dagoenean, eta ekoizpena mugatzea gasa errazionatzeko. Halaber, gobernuak gas biltegiak betetzera behar ditzake haien jabeak, Storengy eta Terega.

Gainera, Parisek atea ireki du martxoaren 31n itxitako zentral termiko bat berriro irekitzeko, Saint-Avolden (Mosella), baldin eta argindar beharra izango balu. Itxita egongo dira aurrerantzean ere Le Havreko (Normandia) eta Gardanne-Meyreuileko (Proventza) zentralak, eta irekita, berriz, Cordemaiskoak (Loirerria) —beranduenik 2026an ixteko asmoa dago—.

Sariak eta hitzarmenak

Erosteko ahalmenari dagokionez, neurri nagusietako bat izango da gizarte laguntza gehienak handitzea. Le Monde-ren arabera, uztailaren 1eko atzerako eraginez, %4 emendatuko dira oinarrizko pentsioak, baita ezintasun pentsioak, gaixo baimenek eragindakoak, eta RSA gutxieneko errenta eta familia laguntzak ere.

Alokairuen garestitzeari muga bat jarri nahi dio Borneren gobernuak, %3,5ekoa, eta maila horretan handituko dira APL ostaturako sariak ere.

Lan hitzarmen batzuetan ere eskua sartu nahi du gobernuak. Izan ere, batzuek ez dute kontuan hartu Smic gutxieneko laguntzaren emendatzea, eta azken horren behetik daude haietan gutxieneko sariak. Eguneratu ez diren hitzarmenak —120 inguru— batzeko eskubidea emango dio gobernuak bere buruari.

Apirilaren 1az geroztik Frantziako Gobernuak erregai litroan egiten duen hemezortzi zentimoren deskontua ere luzatuko dute. Haren eragina jada desagertu da: martxoan, ezantza litroa 1,936 euroan saltzen zen Ipar Euskal Herriko gasolindegietan, eta ekainean, berriz, 2,083an. Gasolioa 2,032tik 2,098ra igaro da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.