Peru. Presidentetzarako hauteskundeak

Fujimorismoaren itzalean

Presidentetzarako bozen lehen itzulia izango dute bihar Perun. Alberto Fujimoriren alaba Keikori eman diote inkestek garaipena, eta aitaren legatuak zentratu du kanpaina; herriak zatitua jarraitzen du

Keiko Fujimori, kanpainaren azken egunean, ostegunean, Liman egindako mitinean. ERNESTO ARIAS / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
24 urte igaro dira Alberto Fujimorik (Lima, 1938) botere guztiak deuseztatu eta gobernua bere gain hartu zuenetik, baina oraindik aldekoen eta kontrakoen artean banatuta dago Peruko gizartea. Biharko hauteskundeen kanpaina izan da horren isla: Fujimoriren milaka biktimak eta haien oinordekoek alaba Keiko Fujimorirengan gorpuztu dute garai ilunen itzulera eta inpunitatea; aldekoek, berriz, Sendero Luminoso talde armatua garaitu osteko aro oparoa gidatu zuen buruzagi sendoa dute gogoan, eta Keiko Fujimoriren Herri Indarra alderdiak segurtasun horren berreskuratzea irudikatu nahi du. Hori dela eta, lehian diren hamar hautagaiak hari horri tiraka jardun dira, ekonomiaz edo arlo sozialaz baino gehiago.

Fujimorirekin bigarren itzulian lehian izan daitezkeenak Veronika Mendoza (Fronte Zabala) eta Pablo Kuczynsky (Peruarrak Aldaketaren Alde) direla diote inkestek, eta bigarren itzulirako Fujimorirekin geratzen denaren arabera, oso ezberdina izango dira kanpaina eta irabazteko aukerak: Mendoza ezkertiarra da, eta Kuczynsky, berriz, enpresarien begikoa. Oro har, gizarte kontserbadorea da Perukoa, eta adituek diotenez, ataka zaila izango dute zentro-eskuineko antifujimoristek Mendozak aurrera eginez gero. Kuczynsky igaroz gero, berriz, Fujimoriren kontrako indarra bereganatuko luke.

Fujimoriren estrategia

Fujimorik bigarren itzulirik gabe irabazi nahi luke, eta, horregatik, aitaren legatua lausotzen saiatu da. Hitzeman duenez, «iraganean gaizki egindakoak ez dira errepikatuko». Agiri bat sinatu du argi uzteko bere intentzioa ez dela aitaren garaietara itzultzea; «ordena demokratikoa eta giza eskubideak errespetatzeko konpromiso irmoa» du. Baina aitari miresmena dion alaba da, politikan daramatzan urteetan diskurtsoa moldatu baina aldatu ez duena: dagoeneko ez du esaten aita errugabea dela —2008an horixe zioen—; kontrakorik ere ez. Orokorrean hitz egiten du aitari buruzari denean. 2011n, lehen aldiz hautagai izan zenean, «aitak terrorismoaren kontrako borroka eredugarria» egin zuela adierazi zuen, eta, orain dioenez, «Peru 90eko hamarkadan hartutako neurri ekonomikoei esker hazi da»; beste hau ere erantsi izan du: «Inoiz gehiago ez da apirilaren 5a izango». Onespena eta aitak egindakoaren gaitzespena eskatu diote, ordea, biktimek, baina halakorik ez da gertatu.

Apirilaren 5a. Data seinalatua da Perun. Urtero ateratzen dira protestara, Alberto Fujimoriren 1992ko kolpea gogoan; baina joan den astean aspaldiko handiena egin zuten Limako eta beste hainbat hiritako kaleetan, eta Fujimorik kanpainako ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki zuen. «Antzutu ezin izan zenituen indigenen alabak gara», oihu egin zioten Fujimoriri emakumeek. Izan ere, 300.000 emakume baino gehiago antzutu zituzten 90eko hamarkadan, baina fiskalak duela bi urte erabaki zuen behartutako antzutzea ez dela gizateriaren aurkako delitua, eta kasua artxibatu egin zuen. Alberto Fujimori eta haren hiru ministro zigorrik gabe geldituko dira horregatik. Fujimori, dena den, 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Barrios Altos eta La Cantutako sarraskiengatik eta iruzur egiteagatik. 2004an Transparency International gobernuz kanpoko erakundeak egindako kalkuluaren arabera, 600 milioi dolarreko dirutza bildu zuen boterean egon zen hamar urtean (527 milioi euro), 1990etik 2000ra, eta horietatik 170 milioi soilik itzuli ditu.

Beste militar batzuk ere preso daude La Cantuta eta Barrios Altoseko gertaerengatik, baina askok jarraitzen dute oraindik libre, eta azken bost urteetan justiziak eta gobernuak hartu duten bidea berriz ere geldituko dutelako beldur dira Fujimoriren biktimak.

Herritar xumeen sustengua

Ez baitiote sinisten Keiko Fujimoriri. Enver Quinteros historialari eta ekintzailearen ustez, «Keiko Fujimori ez litzateke egongo haren aita ez balego», eta are okerragoa dena. «Gainera, Fujimorik fujimoristak ditu atzean, haren aitarekin aritutakoak, eta haren aitak sortutako alderdia da». Eta hori beldurtzeko modukoa dela uste du: «Fujimorismoak bi gauza eraiki ditu: batetik, babesten dutenen atzean komunikabide nazional handiak daude, enpresak zer esanik ez, eta Eliza». Baina horrekin batera, klase apalekoen babes handia dauka. «Sektore popularra atzean edukitzeak badu azalpena. 1990eko hamarkada arte, zoritxarrez, gure gobernuetako buruzagien itsutasun politikoaren ondorioz, inoiz ez ziren herritarrengana gerturatu. Fujimorik gertutasunean oinarritu zuen estrategia. Eta oraindik ere askok pentsatzen du komunitateetara gerturatu zela, haiengatik zerbait egin zuela, lapurtu zuela, baina doi. Alaba ere batetik bestera ibili da herritarrekin solasean».

Keiko Fujimori aitaren ondokoa izan da urte askoan. Fujimorik 40 urte dauzka, eta 15 zituenetik ari da presidente izateko prestatzen. Alberto Fujimori Susana Higuchirekin banandu zenean, 1994an, haren lekua hartzeko eskatu zion alabari, eta aita bota zuten arte aritu zen kargu horretan. Kongresuan eserlekua irabaziz geroztik, 2006tik, aitak egindakoa goraipatu du, eta 2011n bigarren itzulian Ollanta Humala egungo presidentearekin lehiatu zen. Galdu egin zuen, presidenteak haren aurka jende multzo zabala biltzea lortu zuelako.

2011tik, ordea, sostengua handituz joan da. Halere, ez du lortu % 30 baino gehiago, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.