Ikerketa batek baieztatu berri du: idazten den bezala ahoskatzen den hizkuntza bat (gardena) eta letrako soinu ugari izan ditzakeen beste hizkuntza bat (opakua) batera ikasten dituzten haur dislexikoek alterazio gutxiago dituzte irakurtzean. BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroak egin du aurkikuntza, eta Marie Lallier ikerlaria (Blois, Frantzia, 1982) aritu da tartean buru-belarri.
Zein da gakoa dislexiaren eta elebitasunaren arteko loturan?
Gure hipotesia zen hizkuntza garden batean irakurtzen ikasteak hizkuntza opaku batean irakurtzen laguntzen duela, baldin eta umetan bi hizkuntzak aldi berean ikasten badira. Gakoa hizkuntzen arteko transferentzian dago; bati esker lortutako gaitasunak beste hizkuntza bereganatzen lagundu diezaieke dislexia duten umeei.
Zein zen hipotesiaren abiapuntua?
Jakina da hizkuntza garden bateko elebakarrak hobeto moldatu ohi direla irakurketan hizkuntza opaku bateko elebakarrak baino; orokorrean, ez dislexikoetan soilik. Dislexikoek arazoak dituzte zeinua eta soinua lotzeko, hitzak deskodetzeko, eta opakuetan kaotikoagoa da hori.
Ingelesa (opakua) eta galesa (gardena) erabili dituzue ikerketan. Parekoa litzateke ingelesa-euskara?
Bai. Euskara oso gardena da, eta harekin garatzen denak ingelesa deskodetzeko balio dezake. Alegia, euskarak ingelesez leitzen lagun diezaioke ume dislexikoari. Hizkuntza gardena praktika gehigarri bat bihurtzen da hizkuntza opaku eta—nahi bada— konplikatuago batean irakurtzen ikasteko.
Alderantziz gerta daiteke?
Prozesuaren arabera. Gure ikerketaren arabera, gardenak lagunduko luke opakua irakurtzen, hau da, euskarak ingelesa. Baina pentsatzekoa da alderantziz ere gerta daitekeela; badaude hipotesi batzuk.
Dislexiari aurre egiteko bide berri bat izan daiteke?
Tira, ez du dislexia sendatzen. Esaten diguna da umetan halako bi hizkuntza ikastea ona dela haientzat, irakurtzeko zailtasunak apaltzen direlako. Horrek aurreiritzi bat puskatzen du: guraso batzuek esaten dute beren umeak irakurtzeko arazoak dituela, eta, beraz, bigarren hizkuntza batekin hastea nahasgarria izango dela harentzat. Egongo dira haurrari mesede egingo ez dioten hizkuntza konbinazioak, frantsesa eta ingelesa, adibidez; baina opaku eta garden banaren kasuan, kontrakoa dela erakutsi dugu.
Eta halako bi hizkuntza geroago ikasiz gero?
Oinarrian hizkuntza garden bat badago, eta gero ikasten bada opaku bat, ingelesa, kasurako, lagunduko lukeela esango nuke, hasieran kaos uneak egon arren seguru. Halere, ikertu egin beharko litzateke, ez baita gauza bera, inondik ere, hizkuntza bat umetan edo helduaroan ikastea.
Oro har, zer leku hartzen du dislexiaren gaiak gaurko gizartean, zure ustez?
Gizarteak badaki dislexia irakurtzeko zailtasuna dela. Diagnostikatzeko orduan, baina, ez dago argi zein diren benetan kontuan izan behar diren sintomak. Irakasleetan ikusten dut hori maiz; askok esaten dute ikasgeletan ez dagoela dislexikorik, baina populazioaren %3-10ek du dislexia; hori ia ume bat da ikasgela bakoitzean. Kontua da ez dakigula alarma noiz piztu, eta pentsatzen dugu umea ez dela nahikoa saiatzen. Hori asko zaindu behar da.
Zenbaterainoko zama izan daiteke eguneroko bizitzan?
Arazoa izaten da maiz berandu diagnostikatzen dela. Diagnostikoa garaiz jasotzen ez dutenek ez dute astirik izan lantzeko eta dislexia dutela onartzeko; horientzat, pisutsuagoa da gero egunerokoan horrekin bizitzen ikastea.
ATZEKOZ AURRERA. Marie Lallier. Ikertzailea
«Euskarak ingelesez leitzen lagun diezaioke ume dislexikoari»
Dislexiaren eta elebitasunaren arteko harremana ikertu du Lallierrek; esan du lagungarria dela umetan hizkuntza opaku bat eta garden bat batera ikastea, eta ezinbestekotzat jo du dislexia garaiz antzematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu