ATZEKOZ AURRERA. Jorge Blass. Magoa

«Magia egoteko, ezinezkotasuna egon behar da»

Maila handiko magoa da Blass, eta teknologia berriak erabiltzen ditu batik bat trikimailuetan. Ikuskizunak ematen ez ezik, Madrilgo Nazioarteko Magia Jaialdiko zuzendari ere badabil.

BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Pertsona bat atera du oholtzara. Sare sozialean sartu, eta lagun bat aukeratu du, ausaz, eta, bat-batean, han agertu da, oholtza gainean. Hori da Jorge Blass magoaren azkenengo trikimailuetako bat (Madril, 1980). Iruñean ere egin du, Gaiarre antzokian, Palabra de mago (Magoaren hitza) ikuskizunean. Trikimailu horrekin David Copperfield ere txunditu du.

Fidatzekoa da mago baten hitza?

Fidatzekoa da, tranpati zintzoak garelako. Egia da zentzumenak engainatzen ditugula, ilusiozko errealitate bat biziarazten diogula aurrean dugunari, baina aldez aurretik abisatu egiten dugu hori eginen dugula. Beste jende batek abisatu gabe engainatzen du, politikan eta publizitatean bezala, adibidez.

Magia egiteaz gainera, zure bizipenak ere kontatzen dituzu ikuskizunean. Nolatan?

Artistikoki biluzten naiz. Ikusleari niri buruzko zerbait kontatzen diot, entretenimendu hutsa diren beste emanaldietan ez bezala.

Magia, beraz, ez da aisialdi hutsa?

Noski, magia bide bat da, eta badira umorea, drama... Adibidez, emakumea mozteko trikimailua egiten dugu, baina kutsa gardenekin, inoiz egin ez den bezala. Puska horretan magia ez da polita eta lirikoa, dramatikoa eta arriskutsua baizik. Emozio asko eta anitzak transmititzeko bidea da magia.

Buru-belarri jarri zara magia 2.0 dei daitekeen horrekin?

Horretan lanean ari naiz, eta aukera guziak ikertzen. Ikuskizun honetan efektu berri asko daude, sakelako telefonoekin, iPadekin eta sare sozialekin. Ikusleak liluratzen ditu, haiek harritzeko modu berria baita. Magoek sorpresarekin jokatu behar dugu beti. Magia trikimailu batek izan dezakeen txarrena aurrez ikusteko mundukoa izatea da.

Analogikotik digitalera pasatzeak mesfidantza sortu dezake?

Organikoa izan behar da beti, efektua ezin da oinarritu erabat teknologian, bestela ez litzatekeelako ezinezkoa jendearentzat, eta magia egoteko, ezinezkotasuna egon behar da. Dena den, magiak eta asmakizunek lotura estua dutela uste dut. Magoak aurrerapen zientifikoen abangoardian egon gara beti. Arthur C. Clarke zientifikoak arrazoi zuen: «Teknologia aski aurreratu oro nekez bereiz daiteke magiatik», zioen. Zinema magoek abiatu zuten, eta beste aurrerapen teknologiko batzuk ere hortik etorri dira. Orain ere abangoardian egon behar dugu, eta teknologia erabili ezinezko efektuak lortzeko, noski, sinesgarria den bitartean, betiere.

Zer sentitzen da David Copperfieldi trikimailu bat saltzean?

Garai hauetako magorik handiena da, eta luxu handia da nirekin harremanetan jarri eta numero honen eskubideak eskatzea. Betetako amets bat da kolaborazio hau, eta orain lagunak gara. Joan den astean harekin egon nintzen berriz ere.

Magoen artean trikimailuak partekatzen dituzue, edo bada errezelorik?

Trikimailuaren eta momentuaren arabera. Badira magia konferentziak, jendeak efektuak eta trikimailuak erosten ditu, eta badago merkatu bat. Baina batzuk mago batenak dira, eta ez ditu saldu nahi, eta, horrelakoetan, ideia eta jabetza errespetatzen ditugu.

Berritu edo hil. Magian ere bai?

Ikusleak merezi du gauza berriak ikustea, eta geroz eta zailagoa dena egin behar dugu. Informazio asko dago garai hauetan; beraz, magoek asmamena zorroztu behar dugu, gehiago lan egin eta ezinezkoagoak diren gauza hobeak aurkeztu.

Kapela eta makila oraindik ere badira magiaren iruditeriaren parte?

Bai, baina nik ez dut erabiltzen. Oso ongi egon zen, erreferente bat izan zen, baina magiak aurrera egin behar du, eta bide berriak jorratu. Sinbolo horiek zaharkiturik daude.

Kartak desager daitezke ere?

Hainbeste aukera ematen dute... Oso zaila da desagertzea. Denetarik egin liteke kartekin; beraz, beti egonen dira magiari loturik.

Magia sasoiko dago?

Bai, orain bereziki. Hainbat mago gaude gure ikuskizunak han-hemen eskaintzen, eta antzokiak bete egiten ditugu. Bada magia ikusteko grina. Egia esan, edozein liluratzen da magia zuzenean ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.