ATZEKOZ AURRERA. Nadia Ghulam. Idazlea

«Bonba erori ostean, goitik behera aldatu zen nire familiaren egoera»

Lana egin ahal izateko, gizon plantak egin zituen Nadia Ghulam idazle afganiarrak hamar urtez, eta bizitakoari buruz idatzi du. Afganistango egoeraz hitz egin berri du Gasteizen.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Zortzi urte zituela, bonba batek jo zuen Nadia Ghulamen (Kabul, Afganistan, 1985) etxea. Goitik behera aldatu zuen horrek haren bizitza. Erredura gogorrak izan zituen. Baina ez hori bakarrik: gerraren ondorioak zirela medio, familiaren sostengu bilakatu zen. Gizonen antzera jantzi eta portatu behar izan zuen lan merkatura heldu ahal izateko. Egun, Bartzelonan bizi da. Han jaso ditu erreduretarako eta horien ondorioetarako zerbitzu medikoak. Hamar urtean bizi izandako esperientziei buruzko liburuak idatzi ditu. Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean izan da Afganistango emakumeen egoerari buruzko hitzaldi bat ematen, Hirugarren Adinekoen Elkartegiak gonbidatuta.

Nolakoa da Afganistanen emakumeen egoera?

Emakumeon ikuspuntutik hobera egin du. Kabul hiriburuan aukera gehiago daude emakumeentzat. Ez hori bakarrik: gehiago daude aktibo, egunero borrokan. Hala ere, herri txikietan emakumeek oraindik ez daukate aukerarik eskolara edo medikutara joateko .

Hezkuntza lotu duzu aurrera pauso horrekin. Zergatik?

Hezkuntza ez da bakarrik irakurtzen edo idazten jakitea. Bizitzea bera da. Zure ingurukoekin harremanak nola izan jakitea da; ume batekin, emakume batekin. Gerra garaian, hori guztia galtzen da.

Gerra al da egoera horren eragile zuzenena?

Bai, hein batean. Ez dira bakarrik etxeak eta eraikinak suntsitzen. Guztiz aldatzen zaitu. Tristeak bilakatzen dira pertsonak, bortitzak. Ezin dute harremanik izan, ezin dute ezer azaleratu.

Zure ama jarri izan duzu emakumearen rolaren garapenaren adibide gisa. Nola lehen minigonaz ateratzen zen kalera, eta orain burka ez duen kentzen, infernura joateko beldurrez.

100 urteko atzerapauso bat eman dugu. Emakumea garatzen ari zen gerra aurretik. Orain, garun garbitze bat egin zaio gizarteari.

Zuk bizitakoa ezaguna egin da gizonezkoa zinela irudikatu zenuelako. Nolatan bukatu zenuen horretan?

Etxean bonba erori ostean, goitik behera aldatu zen nire familiaren egoera. Nire neba hil egin zen gerraren ondorioz. Aita, ama, bi ahizpa eta ni gelditu ginen. Aitak burua galdu zuen nire nebaren heriotzagatik; izan ere, horren ondorioz diru sarrerarik gabe geratu ziren etorkizunerako.

Zergatik diozu hori?

Gure gizartean semeek irabazitako dirua gurasoek kudeatzen dutelako. Emakumea bazara, etxetik joan behar duzu. Gizonezkoa bazara, ezkondu egingo zara, haurrak izango dituzu, baina zure gurasoekin biziko zara.

Egoera horretan zeundela, gizon janztea erabaki zenuen.

Hiru aukera nituen: kalera atera eta dirua eskatu; nire 6 eta 7 urteko ahizpak 30 urteko gizonezko batekin ezkondu, haiek gu mantentzeko; edo gizonen antzera jantzi, lan egin ahal izateko.

Zertan egin zenuen lan?

Zertan ez nuen egin esango banu, lehenago bukatuko nuke.

Hamar urtez gizonezkoa izan zinen. Rol maskulinoak ere hartu zenituen?

Guztiz. Horrela, gainontzekoak bezain gizona nintzela erakutsi nezakeen. Adibidez, lagunekin nengoela ahizpa kalean ikusten banuen, jo egiten nuen. Etxera joateko esaten nion, emakume batek ezin zuelako kalean egon. Lagunek esaten zidaten nire arreba oraindik gaztea zela, lasai egoteko. Itxura mantentzen laguntzen zidan. Baina minduta nengoen, nire ahizparen askatasuna murrizten nuelako.

Ondorioak izan al ditu jarrera horrek?

Bai, familian batez ere. Amak oraindik seme deitzen nau. Orduko lagunek oraindik ez dute guztiz barneratu emakumea naizela. Nire ahizpak isilak dira nire aurrean. Komunera banoa, barrezka entzuten ditut, txantxetan. Baina, berriro azaltzen banaiz, isildu egiten dira.

Zaila izan al zen fisikoki gizonezkoa zinela irudikatzea?

Bai, nerabezaroan batez ere. Titiak ez garatzeko, ez nuen bazkaltzen. Ramadana egiten nenbilela esaten nien nire ingurukoei; nahiz eta garaitik kanpo izan. Jainkoarekin harremana estutzeko zela nioen.

Ahotsean ez al zitzaizun igartzen?

Bai, baina erredurengatik zela erantzuten nuen. Aurpegia eta lepoa neuzkan erreta. Hala ere, inork galdetuz gero, beste toki batera bizitzera joaten ginen.

Zein da hamar urte horiei buruz egiten duzun balorazioa?

Alde batetik, gogorra izan zen, oso zaila, oso tristea. Baina, beste alde batetik, orain Afganistango egoera oso ondo ezagutzen dut, gizonezkoena ere ezagutzen dudalako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.