Hik Hasik jokatzen duen rola «ezberdina» dela uste du Joxe Mari Auzmendik (Azkarate, Nafarroa, 1964). Haren esanetan, elkartearen jarduerak hezkuntzaren inguruko proposamen eraikitzaileetan oinarritu behar du. Gizartean txertatutako hezkuntza eredu integrala proposatu du.
Akordiorako bidea hasi du Jaurlaritzak. Ikusten duzu nahiko zimendu badagoela adostasun zabal bat lortzeko?
Badaude akordioan interesa duten eragileak, beste batzuk akordioari irekita daudenak, eta beste batzuk nahiko itxita daudenak. Abiapuntu gazi-gozoa da, baina badirudi egin behar denaren ideia garbi dutela. Hemengo arazo nagusia da eragile bakoitza bere txokoan dagoela, eta zaila iruditzen zaigula denontzat onak izango diren oinarri batzuk ezartzea. Guztion artean etorkizuneko hezkuntza finkatzeko oinarriak ezartzea nahiko genuke.
Hizkuntzena da aztergai dauden gaietako bat: euskaraz B2 maila lortzea derrigorrezko eskolaldia amaitzerako. Lorgarria ikusten duzu hori? Egungo eredu sistemarekin ere bai?
Ezinbestekoa izan behar luke, baina ez da posible egungo sistemarekin. Gutxiengo helburua izan beharko luke B2a lortzeak; Europako sei mailetatik laugarrena da hori. EGA bosgarrena da, eta logikoa litzateke derrigorrezko eskolaldia bukatuta hor egotea. Gertatzen dena da, egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, aurrerapen handia litzatekeela B2 lortzea ikasle guztiek. Horretarako baldintzak sortu behar dira, eta baldintza horiek ez daude sistema honetan. D eredua indartu beharko litzateke, eta behar handiena dagoen lekuan gehiago jarri, oreka lortzeko.
Ikastetxeen artean ere alde handia dago arlo sozioekonomikoari dagokionez. Zer rol jokatzen dute ikastetxeek egoera horretan?
Baldintza onetan, rol garrantzitsua joka dezakete eskolek. Horretarako, inbertsio handia egin behar da prestakuntzan, komunitatearen eraketan eta bitartekoak ezartzen. Oinarrizko arazo bat dago: egungo sistemak porrot egin duela. 1993. urtean eskola publikoaren legea egin zen, eta bazirudien zerbait hobetu zezakeela. Ez du hobetu, eta bakoitza bere eremuan itxiago dago. Gainera, orain segregazioa gertatzen da ikastetxe batzuetan, eta egungo sistemak eraman gaitu horretara. Gu sistema komuna planteatzen ari gara; denontzat legoke finantzaketa, guztiok dugulako hezkuntza eskubidea.
Ebaluazioen gaia hizpidea jartzen ari da.Diagnostikoak, errebalidak, PISA... Ebaluazio eredu egokia sustatzen ari da?
Kanpoko ebaluazioak beharrezkoak dira, baina nola eta zertarako egiten diren jakinda. Guretzat, benetako ebaluazioa barruan egiten dena da. Gero, foku guztiak ikasleengan jartzen dira, eta emaitzak ikasleen inguruaren araberakoak izan ohi dira; beraz, eskolan giro ona badago, goxoa, ratio egokiak, elkarbizitza ona, irakasle prestatuak, familiaren presentzia eta komunitatearekin bat eginda badago, emaitzak beti izango dira onak. Kanpo ebaluazioak kontrolatzeko eta zer maila dagoen jakiteko egiten dira. Zertarako nahi duzu jakin zer maila dagoen, gero ez baduzu hobetzeko bitartekorik jarriko?
Autonomia pedagogikoaren alde zaude. Antolaketa aldetik ere bai?
Bai, zeharo. Bestela, ezin da ondo antolatu. Adibidez, gurasoek ez badute parte hartzen barne antolaketan, zentroak nola funtzionatu behar duen eta zer helburu finkatu behar diren erabakitzen, gaizki ari gara. Komunitateak ez badu erabakitzeko ahalmenik, ez da proiektuaren parte sentitzen, eta besteen esku uzten dituzte egitekoak. Antolaketa leku zentralizatu batetik egiten bada, hara bideratuko ditugu erantzukizun eskaerak, eta, sarri, guri dagozkigu ardura asko.
Orduan, erakunde publikoen zeregina murriztuko litzateke, gertukoena izan ezik?
Hori da. Hori bai, finantzaketa eta haren jarraipena egin beharko luke horretarako eskumena duenak. Norvegian, udalei dagokie; bada, hemen, Jaurlaritzari edo Nafarroako Gobernuari. Garai batean egon ziren aldundiaren eskolak; orduan, haiek eramango zuten finantzaketaren gaia. Gainera, finantzaketaren jarraipena egin beharra dago gardenak izateko, guztion dirua erabiltzen delako.
Iazko urrian dokumentu bat aurkeztu zenuten «hezkuntzaren zoru etikoa» proposatzeko asmoz. Nolako bidea egiten ari da?
Gu deitzen gaituzten tokietara joaten gara. Ez gara eskaintzen, oso talde txikia garelako. Joan izan gara unibertsitatera edota mahai inguruetara. Gurea nahi duenarentzako eskaintza bat da. Ikastetxeetara zabaldu dugu dokumentua, eta ekarpenak egiteko denbora izango dute, adostasunak etadesadostasunak agertzekoa. Bide horretan, datorren apirilaren 20an eta 21ean jardunaldiak egingo ditugu Donostian; gure oinarriak eta besteen proposamenak lantzeko saioak egingo ditugu, eta hortik ateratzen diren ondorioekin proposamena gorpuztuz joango gara.
Noraino iritsi nahi du proposamen horrek?
Gure proposamena ez da berehalakoa, hezkuntza gaietan ikuspuntu luzea eduki behar baita. Aldaketa guztiek denbora behar dute, izan kultura arloan, izan hezkuntzan, izan balioen transmisioan. Gainera, norabide jakin batean egin behar dira aldaketak. Erabilitako hitzetan askotan egoten gara ados; gure proposamenean eta Jaurlaritzaren dokumentuan agertzen diren hitzak berberak dira. Halere, iruditzen zait inkoherentzia dagoela erabiltzen diren hitzen eta gero jartzen diren bitartekoen artean. Adibidez, ondo iruditzen zait helburu gisa jartzea ikasle guztiek euskarazko B2 maila lortzea, baina gero hori babestuko duen lege bat egin behar da. Hala ez egitea inkoherentzia da.
EAEko hezkuntza legea eztabaidagai (eta VI) Joxe Mari Auzmendi (Hik Hasiko kidea)
«Baldintza onetan, rol garrantzitsua joka dezakete eskolek»
Ikastetxeen funtzio nagusia harremantzea dela uste du Auzmendik, eta garrantzi handia eman dio hezkuntza komunitateari. Egungo ereduaren inguruko hausnarketa sakon baten premia dagoela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu