Gutun bat bidali dio Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Espainiako Gobernuko presidenteari, «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdean mugaz gaindiko joan-etorriak zabaltzeko», eta gutun beraren kopia bat helarazi dio Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak Edouard Philippe Frantziako Gobernuko lehen ministroari. Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko txandakako presidente gisa idatzi du gutuna Urkulluk, euroeskualdea osatzen duten hiru gobernuen izenean. Beren biztanleen mugaz gaindiko joan-etorri batzuk baimendu ditzala eskatu du idatzian, besteak beste, «familiako, gizarte eta ekonomiako eta osasuneko harremanak tartean direnean». Jaurlaritzaren hitzetan, «helburua da gaur egun COVID-19aren ondorioz mugaren bi aldeen artean mugitzeko dagoen debekuaren salbuespenak zabaltzea».
Prentsaurrekoa egin zuen atzo arratsaldean Frantziako Gobernuak, eta, osasun egoeraren arabera, ekainaren 15ean muga irekitzeko aukera aipatu zuen bertan Edouard Philippe lehen ministroak.
Euroeskualdeko hiru gobernuen izenean idatzitako gutunean, hiru arlotan eskatu dute mugaren zabaltzea: «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak edo antzeko izaeradun beste erakunde batek finantzatutako mugaz haraindiko proiektuak»; «mugatik hurbil bizi eta egunerokoa alde bietan egiten dutenak. Familiako, gizarte eta ekonomiako arrazoiak; ez, ordea, aisiagatiko kasuak»; «ohiko mugimendua osasun motiboengatik: kontsulta medikoak eta paramedikoak».
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Europako Batasunaren inguruko gaietarako konferentziaren bileran parte hartu zuen atzo arratsaldean eta eskaera bera plazaratu zuen. Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak ere «lehenbailehen» muga irekitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok adierazi du itxierak «min» egin duela, harreman ekonomiko eta pertsonalak eten dituelako. Horiek horrela, Ipar eta Hego Euskal Herriko muga salerosketarako, senideak bisitatzeko eta abeltzaintzarako irekitzea eskatu du.
Konfinamendu neurriak hartzearekin batera itxi zuten Ipar eta Hego Euskal Herria bereizten dituen muga, eta hala dago ordutik. Mugaren alde batean bizi eta bestean lan egiten dutenak pasa daitezke soilik, enplegatzailearen ziurtagiria erakutsita. Horrek egoera bitxiak sortu ditu, Euskal Herriaren zatiketa agerian utzita. Konfinamendutik ateratzea hasi denetik, Ipar Euskal Herriko herritarrek 100 kilometroko perimetroan mugitzeko baimena dute, adibidez —mugarik gabe Pirinio Atlantikoetako departamenduaren barnean—. Hori horrela, Hendaiako (Lapurdi) herritar bat arazorik gabe joan daiteke Paueraino (Biarno), baina, ez du Bidasoa ibaia pasa eta Irunera (Gipuzkoa) joateko eskubiderik.
2.000 izenpe sarean
Azken asteetan, izenpe bilketa bat zabaldu dute sarean. «Muga itxita egoteak traba egiten die Euskal Herri barneko mugimenduei, 'mugaz gaindiko' langileei, euskal kulturari, euskal ekonomiari, gure arteko harreman naturalei eta abar». Frantziako eta Espainiako gobernuei mugak «lehenbailehen» irekitzeko eskatzen diete. Egun gutxian, 2.000tik gora pertsonak izenpetu zuten testua.
Koronabirusa
Mugako baldintzak malgutzeko eskatu dute Urkulluk eta Roussetek
Gutun bat bidali diete Frantziako eta Espainiako gobernuei, «euroeskualdean mugaz gaindiko joan-etorriak zabaltzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu