Karmele Aranburu (Orio, Gipuzkoa, 1957), kazetaritzaren heroi aroko irudi bizia da: ahots lakartua, tabako paketea ondoan, sendo hitz egiteko modua, eta bilorik ez ahoan. Herri Irratiko albistegiburua izan zen 35 urtez, eta haren solasaldiak eta berri saioak garaiko entzunenetakoak izan ziren. Badaki irratigintza bizia abentura arriskutsua izan daitekeela.
Begi bistakoa da kazetari bokazionala zarela. Noiz erabaki zenuen mikrofonoko animalia izateko jaio zinela?
Bederatzi urterekin esan nion amari, «nik notiziak emango ditut». Barre egin zuen, baina denborarekin konturatu zen ez nenbilela txantxetan. Gauzak jakitea maite nuen, eta gero, lehenbizikoa izan kontatzen. Hori eduki dut buruan neure bizitza guztian.
Kazetari iaioa, beraz?
Bai. Orain ez daude halakoak.
OPUSen zelako kazetaritza mota irakasten zuten orduan?
Etxean ez zegoen dirurik, guztiok Kutxak emandako diru-laguntzei esker ikasi genuen. Iruñean hasi nintzen kazetaritza ikasten Opusen. Sartzerakoan, «euskaraz egiten duzu?» galdetu zidan Gloria Toranzo irakasleak. «Bada, hobe izango da euskaraz hitz egiten ez baduzu, horrek traba egin dezakeelako zure idazkeran eta ahoskeran», esan zidan.
Madrilgo Konplutentse unibertsitatera beste giro baten bila joan zinen?
Bi urte egin nituen Iruñean. Gero,Madrilgo Gobernuak agindu ofiziala eman zuen: ikus-entzunezko kazetaritzan aritu nahi izanez gero, derrigorrez joan behar zenuen Madrilera ikastera. Nik argi nuen irratian egin nahi nuela lan. Joan nintzen Madrilera eta hasi bezain laster, beste agindu bat atera zuten, aurrekoa bertan behera uzteko. Urte oso bat galdu egin nuen.
Zergatik?
Lanean hasi nintzen Herri Irratian, 1977an, 19 urterekin, bekadun. Azterketak egitera bakarrik joaten nintzen Madrilera. Konplutentsea Alderdi Komunistaren presio lapiko bat zen. Matrikulatuta egon behar zenuen, eta azterketak egin, baina han ez zenuen ezertxo ere ikasten.
Gaztetatik, beraz, trantsizioko krokodilo saldan sartu zinen buru-belarri. Zorte ona izan zenuen?
Polita izan zen, baina baita gogorra ere. Esaterako: 1977ko uda, Askatasunaren Martxa... Hamar ez, hamar mila alderdi politiko zeuden. Sindikatuak, beste horrenbeste. Eta Herri Irratia bera ere, berriz gerta ezin den fenomenoa zen.
Baina Eliza katolikoarena zen irratia; nolatan ez zeundeten soka motzean lotuta?
Jesuitena zen. Juan Lekuona zuzendaria jesuita bera ere. Hemen egon den komunikabiderik libreena izan zen, konparaziorik gabe. Nik gatazka asko izan nituen jesuitekin. Baina garai hartan behintzat, hemengoak ziren, euskaldunak, herrikoiak, eta Euskal Herriarekin konprometitutakoak. Antifrankistak ziren, goitik behera.
Eguerdiko albistegiko ahotsa zinen orduan. Eta general izatera heldu zinen berehala. Nola?
Gurea 13:00etako albistegia zen. Radio Euskadi eta Euskadi Irratia sortu zirenean, ordu berean jarri behar izan zituzten albistegiak, geurea ordu horretan zelako. Jose Ramon Belokirekin hasi nintzen, baina hura berehala joan zen Carlos Garaikoetxearen lehendakaritzara. Ni bekaduna nintzen artean, eta, bat-batean, albistegietako buru geratu nintzen, nahi eta nahi ez; 21 urte nituen.
Dena zerorrek egiten zenuela dio kondairak. Egia al da?
Ulpiano Duque genuen Gasteizen, ezinbesteko pertsona, eta gero, Bilboko Herri Irratiaren laguntza. Faxik ere ez genuen, eta faxak orain antzinako gauza ematen du. Telefonoa besterik ez. Ulpiano gaixoa eskale moduan ibiltzen zen: alderdi edo sindikatuekin hitz egin, eta «mesedez utziko didazu telefonoa orain kontatu didazuna zuzenean esateko albistegian?». Guk egiten genuen dena: grabatu, produkzioa, gidoia, esatari lana... Dena telefonoarekin. Eta, halere, lortu genuen erreferentziako albistegia egitea. Orduan ez ginen horretaz konturatzen; eta hobe. Ikusten dudanean orain irrati publikoan 10.000 pertsona saio bat egiteko, liluratuta geratzen naiz.
Madrilen ez ziren oso pozik egongo zuek Espainiako irratiei aurrea hartzearekin. Zer-nolako neurriak hartu zituzten?
SER irratiak sekulako antena handia zuen Donostian. Guk antena txikia genuen Apaizgaitegian, eta, Ministerioak aginduta, indarra kendu ziguten. Loiolako antena lehergailu batez suntsitu zigun Triple A taldeak. Ahotsik gabe geratu ginen, baina lortu genuen entzuleei eustea, haiek konturatu egin zirelako egiten ari ginen lanaz. Batzuetan, soinua galtzen zuten, baina ez zuten irratiz aldatzen. Manifestazio bat egin zuten Herri Irratiaren alde. Gero jakin genuen RNEko [Espainiako irrati publikoa] zuzendariak esan zuela: «Hauek zoratuta daude: uste dute aurre egin diezaioketela Ministerioaren aginduari?». Eta, halere, jo eta ke, hor egon ginen.
Gertaera latzen lekuko izan zinen. Oraindik sarri oroitzen duzun baten bat?
German Rodriguez hil zuten Iruñean, 1978an [uztailaren 8an]. Hurrengo eguneko protestan, Donostian, Joseba Barandiaran tirokatu zuen Poliziak Aldapetatik. Telefonoz jaso nuen deia; ezagun bat: «Karmele, mutil bat daramate autoan, eta hil egin dela dirudi». Josebaren amak gure albistegia entzunez jakin zuen semea hil ziotela.
Twitter bezalakoak zineten, baina telefono bakar batekin?
Ez dakizu zenbat kostatu zitzaidan irratiak faxa jartzea lortzea. Ordurako, alderdiek-eta faxez bidaltzen zituzten agiriak. Lekuonari eskatzen nion gailua: «Hori zertarako?», erantzuten zidan. Jendeak deitu egiten zigun, informazioa emateko, gu ginelako erreferentzia nagusia. Poliziak Errenterian [Gipuzkoa] gozo dendetako leihoak apurtu eta pastelak jaten ibili zela [1978ko uztailaren 13an]... hori guztia geuk kontatu genuen zuzenean.
Trantsizioa deiturikoa beste modu batez egin zitekeen?
Batetik, ETA hor etengabe egon ez balitz, bai, ziur. Baina, bestetik, EAJk esan zuen: «Eta neure puska zer?». Alderdi sozialistak: «Eta neure puska zer?». Euskadiko Ezkerrekoak berriak ziren,baina pentsatu zuten moderno orbangabeak zirenez jasoko zutela euren puska. Eta ez zuen puskarik jaso. Ikusi genuen euskal gizartea aitona-amonen familia klanetara itzuli zela. 25.000 ezkerreko alderdi sortu ziren. Gazteak ziren, baina ni baino zaharragoak eta Euskadiren salbatzaileak izango zirela uste zuten. Azkenean, ezer ere ez. Amorrua ematen dit jendea entzutea 1970ko hamarkadaren amaieran bakarrik hemen zegoela protesta mugimendua. Espainian sekulako mugimendua zegoen, eta gutxiestea bidegabea iruditzen zait, goitik behera. Zenbat kalte egin dion herri honi gora gu eta gutarrak horrek. Eta besteak, zer?
Antzik ikusten al diezu gaurko egoerari eta ordukoari?
Ez. Gaurkoa haserrea da, besterik ez. Finantza oligarkiaren ideia da Podemos, kaleak erre ez daitezen, haserrea bideratzeko. Zenbat jende egon zen M15 mugimenduaren urteurrenean? Inor ez. Zenbat manifestazio gogor azken boladan? Bat ere ez. Kontuz, Podemosen ideiaz ari naiz! Horrek ez du esan nahi orain Podemosen zirkuluetan daudenak bide horretan daudenik. Horiek errugabeak dira.
Eguerdiko albistegiak 30 urtez egin duenak asko jakingo du alderdi politikoek kazetariei eginiko presioaren inguruan. Zuk nola nabigatu zenuen marrazoen artean?
Mariano Ferrer bere garaian Euskadiko Ezkerreko kide izan zenez, batzuentzat, automatikoki Karmele Aranburu ere Euskadiko Ezkerrekoa zen. Gezur galanta. Batzuk esaten zidaten: «Zu EAJkoa zara»; beste batzuek: «HBkoa»... Denetik esaten zidatenez, neure buruari erantzuten nion: «Ondo nabil!». EAJ eta EA banatu zirenean, zer ez nuen jasan nik! Telefonoz, EAJko emakumeak—badakizu nolakoak diren—: «Zeinek pasatu dizu sobrea? Aspaldi konturatua nintzen nolakoa zinen...», eta halakoak.
Zu ere ez zinen makala izango. Diotenez, zakar izatea leporatzen dizutenean, «ni Orioko sardinera bat naiz» erantzuten duzu. Egia al da?
Ni lotsatia izan naiz beti, baina lotsa handiagoa eman dit beti saltzea eta barregarri geratzea. Orain, langabezian nago. Eta badakit zergatik: ez naiz inoiz izan EAJko Very Important Family batekoa. Eta behin ere ez dut onartu ETA. Erdikoak garenak bazterrean geratu izan gara beti, eta banekien non bukatuko nuen. EAJ eta orduko Herri Batasuna aita eta semea izan ziren, eta orain ere bai. Zenbat kazetari bizi izan dira ETAren kontura, eta zenbat bizi dira orain ETAren ondorengoaz! EAJk bitan bota nau kalera: lehena, Onda Vascak Herri Irratia erosi zuenean, Xabier Lapitz sartzeko kaleratu ninduten. Euskadi Irratian min handia eman zidaten: hango jendeak bazekien zein nintzen, eta zer-nolako lana egin nuen 30 urtez irratian, eta, halere, «PSEren gobernuak ekarritakoa» nintzen haientzat.
Zergatik esaten diezu kazetari bekadunei ikasketak aldatzeko?
Fakultatean ez da ezer ikasten. Bekadunekin 20 urte daramat EHUko Udako Ikastaroetan lanean, eta beti esaten diet: «Oraindik denbora daukazue, alda itzazue ikasketak, ez da berandu». Fakultatetik Wikipedian adituak besterik ez dira ateratzen. Kazetaritza oso gaizki dago, eta ezin naiz ezkorragoa izan: ez dago kazetaritzarik. Wikipediak dioena Jainkoaren hitza da. Egunero ikasteko grinarik ez duen kazetari bat ez da kazetaria. Galderarik egiten ez duen kazetari bat ez da kazetaria. Galderarik gabeko prentsaurreko bati men egiten dion kazetaria ez da kazetaria. Orain, inork ez daki ezer. Eta, txarrena, ez zaie axola ez jakitea.
Zuzenegia izatea zeure kalterakoa izan da?
Sutsua naiz, kresala dut odolean. Ezin dut gezurrik esan, aurpegian nabaritzen zaidalako. Xabier Arzalluz eta Carlos Garaikoetxea Legebiltzarrean elkarrekin jartzea lortu nuen, EAJ eta EAren arteko banaketaren ostean lehen aldiz, neure magnetofonoa erdian. Orioko kresala! Kepa Aulestia eta Mario Onaindia eztabaidan jarri nituen, hauteskunde kanpaina batean, irratian, Onaindia PSEra joan eta gero.
Elkar gorroto zuten?
Ez dakizu nola. Lehenengo galdera bakarrik egin ahal izan nuen: elkarren lepora egin zuten salto biek. Bakarrik nik dakit zenbat kostatu zitzaidan biak elkartzea, baina mundiala izan zen. Orioko kresala! Teoria bat daukat horren inguruan: kostaldekook eta barnealdekoek zeharo ezberdina dugu burua. Oñatira, Arrasatera, Azpeitira, Azkoitira [Gipuzkoa] joan, eta ikusiko duzu mendi handiz inguratuta daudenek pentsatzen dutela mundua horietan amaitzen dela. Kostaldekoak garenok badakigu mundua ez dela bukatzen, itsasoak jarraitzen duelako.
Karmele Aranburu. Kazetaria
«Finantza oligarkiaren ideia da Podemos, kaleak erre ez daitezen»
Odolean kresala duela dio Aranburuk. Beroketarik gabe, buruz bota zen irratiko uhinetara 1977. urtean. Orduko politikaren zurrunbiloaren erdian Herri Irratiko albistegietako buru bihurtu zen 21 urte eskasekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu