Txinatik kanpo ere lantegi batzuk ixten hasi dira koronabirusaren ondorioz

Nissanek Japoniako planta bat itxiko du, osagaiak falta dituelako. Txinan, autogintza enpresa handiek asteon ekingo diote berriz jardunari

Makoto Uchida Nissan Motorreko zuzendari nagusia. KIMIMASA MAYAMA / EFE.
xabier martin
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Txina munduko hornitzaile handienetakoa da autogintzan, eta,koronabirus berria dela eta, berresten hasi da arriskua dagoela ekonomiarentzat oinarrizkoa den sektore horren katea eteteko. Nissanek iragarri du Japoniako bere fabrika bat itxiko duela, eta ez duela zabalduko jarduera bermatzeko nahiko osagai lortzen dituen arte. Kyushuko lantegian (Japoniako hegoaldea) ekoizten dituzten autoen osagaiak Txinatik iristen dira, eta hornidura hori eten egin da azken egunetan. Begien bistakoa da birus kutsakorra munduko ekonomiari eragiten ari zaiola, eta Nissanena izan daiteke egoera hori hoberen erakusten duten adibideetako bat.

Txinan fabrika ugari gelditu dituzte, eta ez bakarrik autogintzaren sektorean. Baina autogintzan berezko garrantzia dauka egokitu den egoerak, Txina baita munduko autoen fabrika handiena. Urte berriarekin batera iritsi da koronabirusaren auzia, eta konpainia askok oporrak luzatu dizkiete langileei. Alegia, industriaren jarduerak beherakada nabarmena izan du, eta egoera hori Txinatik kanpoko fabriketan ere sumatzen hasi dira mundu zabalean, nahiz eta orain arte bi konpainiak baizik ez duten hartu fabrikak ixteko neurri gogorra: Hyundai Hego Korean, eta Nissan Japonian. Koreako enpresak hilaren 7an eten zuen jarduera hiru lantegitan, osagaiak falta zirelako.

Europan ere gerta daiteke

Munduko autogintzako konpainia handiek, ordea, jarduerari ekingo diote berriro datozen egunetan, Txinan. Fordek itxita eduki ditu atzo arte Chongqing eta Hangzhouko bere bi lantegiak; Teslak ere bai bere gigafaktoria, Shanghain. Elon Musken konpainiak onartu du Model 3 autoaren ekoizpenari eragin diola lantegiaren itxierak, eta atzerapenak izango direla autoak bezeroei emateko. Halaber, asteon bertan hasiko da berriro jardunean PSA Peugeot Wuhaneko bere hiru plantetan; baita General Motors ere. Hondak beste hainbeste egingo ditu; hark ere Wuhanen ditu lantegiak.

Eta Txinan fabrika gehien duen erraldoiak, berriz, Toyotak, bere hamabi lantegiak irekiko ditu otsailaren 15ean; bi egun geroago, BMW hasiko da jardunean, Brilliance bere bazkidearekin. Egun horretan bertan ekingo dio ekoizpenari beste erraldoi batek ere: Volkswagenek.

Europan normal ari dira auto konpainiak, baina Txinako egoera mehatxu argia da normaltasun horrentzat. Fiat Chryslerrek abisua eman du: baliteke Europan ere ekoizpena etetea Txinako osagaien gabezia dela eta. Bi eta lau asteko epean fabrikak ixten has daitezkeela ohartarazi du Fiat Chryslerreko zuzendari nagusi Mike Manleyk. Stockari esker aurrera egin dute fabrikek egunotan, baina horniduraren katea martxan jarri beharko dute berehala itxierak ailegatu ez daitezen.

Koronabirus ezezagunak gaixotuta, 900 pertsona baino gehiago hil dira jadanik, gehien-gehienak Txinan, eta 40.000 baino gehiago daude kutsatuak munduko 26 herrialdetan. Txinako urte berriko oporrak bukatu dira, baina enpresa asko langileen oporraldia luzatzen ari dira, edota lantegietara joan ordez etxetik lan egiteko agindu die beharginei.

Oraindik goiz da jakiteko zenbateraino eragingo dion munduko ekonomiari koronabirusaren auziak, baina kezka handitzen ari da nazioarteko erakundeen artean. Birus kutsakorra mendean hartu arte, ziurgabetasuna handitu besterik ez da egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.