Jaurlaritzak unibertsitate legeari buruzko «kezkak» helarazi dizkio Madrili

Espainiako Gobernua ontzen ari den unibertsitate legeari begira, lankidetzarako borondatea erakutsi du Jokin Bildarratzek

Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta Espainiako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak bilduta, atzo, Bilbon. IREKIA.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Joan Subirats Espainiako Unibertsitate ministroa atzo bildu ziren lehenengoz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisekin eta ministroaren kabinete zuzendari Marta Cruellsekin batera. Bilera horren ardatz nagusiak izan ziren Espainiako Gobernua lantzen ari den LOSU unibertsitate lege berria, «euskal unibertsitate sistema» eta prestakuntza duala; eta, testuinguru horretan, Jaurlaritzaren jarrera helarazi zien Bildarratzek: «Unibertsitate legea kudeatzen ari dira, eta, alde horretatik, gure kezka batzuk azaldu dizkiegu, baina, aldi berean, baita gure lankidetza osoa ere». Ez zuen zehaztu zein diren kezka horiek.

Kezkak kezka, Bildarratzek nabarmendu du ez dutela zalantzan jartzen akordioren bat lortuko dutela. Iritzi berekoa da Subirats ere: ziurtatu du LOSUren gai nagusien inguruko adostasun maila «zabala» dutela.

Bestelako gai batzuez ere aritu dira. Bildarratzek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate ereduaren bertuteak mahai gainean ipini ditu: «Hitz egin dugu euskal unibertsitate sistemaz eta haren bereizgarriez, baita hiru lan ardatz garrantzitsuz ere: bikaintasuneko ikerketaz, internalizazioaz eta enpresa gehi unibertsitatea formakuntza dualaz».

Legea lantzen

Hezkuntza Sailarekin ez ezik EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariekin ere bildu da Subirats. Ministroak esku artean dituen gai garrantzitsuenetako bat egon da erdigunean: lantzen ari diren LOSU Espainiako Gobernuaren Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa.

Hilabeteetako sukalde lana du atzean LOSUk. Orduan Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministro zen Manuel Castellsek iazko abuztuaren 31n eraman zuen aurreproiektua Ministroen Kontseilura, baita oniritzia jaso ere. Baina berehala hautsak harrotu zituen testuak: ikasleen eta errektoreen kritikak jaso ditu. Hilabete pasatzerako onartu zuen Castellsek berak ere berriz «kontsulta eta negoziazio fasean» zegoela. Euskal Herrian ere ez dute begi onez ikusi legea: Ernai gazte erakundeak mobilizazioak egin zituen abenduan, legea arbuiatzeko, eta Ikasle Abertzaleek datorren ostegunerako ikasleen greba deialdia egina dute, besteak beste LOSU kritikatzeko.

Berdintasuna sustatzea, behin-behinekotasuna murriztea, errektorea aldatzeko prozesua aldatzea... Jomuga asko zituen lehen testu hark. Besteak beste, proposatu zuen «prekaritatearen egiturazko egoera» amaitzeko, unibertsitate publikoetako irakasleen eta ikertzaileen behin-behinekotasuna murriztea. Haien aldi baterako kontratuak gehienez %40 izatea baimentzen du egungo legeak, eta %20ra jaistea jaso zuten dokumentuan.

Berdintasunaren arlokoproposamenak ere gehitu zituzten: unibertsitate guztiak behartzen zituen genero berdintasunerako unitateak sortzera, baita jazarpen sexualaren aurkako protokoloak egitera ere. Botere organoetan emakume gutxiago daudela eta, unibertsitateetako organo kolegiatu guztiak «modu orekatuan osatuta» egotea jaso zuten, baita irakasle edo ikertzaile izateko lehiaketetan andreen sarbidea errazteko neurriak hartzea ere.

Errektorea aukeratzeko sistema ere aldatu nahi zuten: gaur egun, sufragio unibertsal haztatu bidez aukeratzen dute; alegia, unibertsitateko kideek bozkatzen dute, baina botoek ez dute balio bera. Hori mantendu zuten dokumentuan, baina errektorea organo jakin baten bidez hautatzeko atea ere zabalik utzi zuten. Gainera, behin ikasketak amaituta, titulua Espainiako erregeak sinatu beharrean errektoreak ematea jaso zuten.

Ordutik, aldatu da ministroa —Subiratsek hartu zuen Castellesen lekua abenduan—, eta aldatu dira LOSUren edukiak ere. Esaterako, atzera egin dute, eta errektorea hautatzeko aukera ez zabaltzea erabaki dute, baita erregearen sinadura mantentzea ere. Eta aldaketak eragin ditzakeen berritasun bat ere txertatu dute: Subiratsek nahi du unibertsitateetako irakasle guztiek lehen urtean formakuntza ikastaro bat egin behar izatea. Hala argudiatu zuen neurria iragarri zuenean: «Unibertsitatea salbuespena ez izatea nahi dugu. Edozein hezkuntza jardueratan, irakasle izan nahi duen orok praktikaldia igaro behar du, eta hori ez da horrela unibertsitatean». Hasierako formakuntza horretaz gaiz, irakasleen etengabeko formakuntzari bultzada bat emango diote legean, Hezkuntza Ministerioaren arabera. Finantzaketa handiagoa ere hitzeman izan du ministroak: 2030erako Barne Produktu Gordinaren %0,7tik %1era igotzea agindua du.

Subiratsek asteon adierazi duenez, «garai aldaketak» isla eduki beharko du legean. Horretarako, hainbat erronkari erantzun beharko diolakoan dago, hala nola klima larrialdiari, teknologia berriei, globalizazioari eta bizitza osoko formakuntzari. Gainera, Europa mailako aldaketak ere aintzat hartu beharko ditu. Gaur egun, Europako Batasunean eztabaidatzen ari dira Europako tituluak martxan jartzea, baita Europa mailako ikasle txartelak sortzea ere.

Hurrengo urterako, prest

Behin eztabaidak gainditu eta adostasunak erdietsita, Subiratsen esanetan, espero dute LOSU Ministroen Kontseilura ekainean eraman ahal izatea, Espainiako Kongresuan udako oporren aurretik sar dadin. Legea onartu asmo duten data ere zehaztuta daukate: 2023ko lehen seihilekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.