1936ko gerrako memoria guneen sarea landu du Nafarroako Gobernuak

1936ko altxamendu faxistak eta ondorengo diktadurak Nafarroan eragindako indarkeria guneen webgune bat aurkeztuko du

Berako bunkerra da webgunean ageri diren fitxetako bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Memoria guneen sareari buruzko webgunea aurkeztu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariarekin batera. Duela hiru urte onartu zen memoria tokiei buruzko foru legea, eta hamazazpi toki aitortu ziren. Webguneak, hain zuzen, hamazazpi toki horien fitxak dakartza, baita Pirinioak memoria eta muga izeneko ibilbidea ere.

«Gune horietan bizi izan zen indarkeriaz eta izuaz galde ahal izango diogu geure buruari. Askotan egon gara toki horietan, itzaltzen ari ziren oihartzun horiei buruz ezer jakin gabe». Halaxe azaldu du Ana Ollok egitasmoaren helburua. Hamazazpi fitxa horietan, 36ko gerra eta diktadura bultzatu zutenen indarkeriaren gertaerak daude: krimenak eta lurperatzeen hobiak, emakumeak umiliatuak izan ziren tokiak, atxilotuak espetxeratu zituzten kartzelak, muga ixteko asmoz defentsarako eraiki ziren gotorlekuak...

Ollok argi utzi du denborarekin fitxa gehiago izango dituztela, «zoritxarrez», jazarpen frankistaren «gune gehiago» baitaude Nafarroan. Informazioa memoriaren arloan ibiltzen diren elkarteei, tokiko erakundeei, ikastetxeei eta lehen aldiz iragan traumatiko horri buruz jakin nahi duten bisitariei zuzenduta dago.

Webgunera joz gero, honako toki hauek ageri dira: Babesaren muga iheslaria eta erbesteratuen omenezko eskultura, Elizondon; Erronkari eta Zaraitzu arteko errepidea eraikitzeko lanetan izan ziren presoei ostatu eman zien Igariko barrakoiaren erreplika; Artesiagan, Iruritatik Eugira doan errepidea eraiki zuten frankisten gatibu izan ziren langile esklaboen omenezko Bidegabeko bidea eskultura; Auritz inguruan, Ibañeta mendatean barrena muga inguruan diren sei bunker; Bera, Lesaka, Erratzu eta Eugi inguruko bunkerrak; Berako eta Erronkariko hilerriak; Ezkabako gotorlekutik 1938ko ihesean oinarritutako GR 225 ibilbidea; Erronkariko eskola, presondegi bihurtu zutena; Legarreako leizea, Gaztelun...

Guneetako batzuk bultzatu dituzten elkarteen informazioa ere bildu dute, joaten direnak haiekin harremanetan jartzeko edo bisitak antolatzeko. Pirinioetako ibilbidea ere aurkeztu dute, zeina «erbesteari eta bortxazko lanei loturik» dagoen. Dena den, Gastonek aurreratu du udaberrian ibilbide eta fitxa gehiagoren berri emango dutela: «Espero dugu erreminta baliagarria izatea ikastetxeentzat, tokiko erakundeentzat, memoria elkarteentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.