Eztabaida piztu da administrazio orokorreko lanpostuen hizkuntza eskakizunen inguruan. Herenegun, Elkarrekin Podemos-IUk eskatuta, agerraldia egin zuen Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak. Hain zuzen, merituengatik langileak egonkortzeko LEP lan eskaintza publikoetako hizkuntza eskakizunak izan zituzten hizpide. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak BERRIAri nabarmendu dio ez dela horrelako eztabaidetarako garaia. Irmo mintzatu da: «Lanpostu horiek badituzte beren hizkuntza eskakizunak ezarriak, eta hori errespetatu behar da».
Gisa horretako eztabaidak gainditzearen aldekoa da Garamendi ere: «Ez du ematen komeni denik garai bateko eztabaidak berpiztea, are eta zatiketa handiagoa eragiten dutelako». Haren hitzetan, euskara eskakizunek «gizarte adostasun zabala» dute, eta, gainera, kopuru bat eman du, auziari neurria hartzeko: administrazio orokorreko behin-behineko langileen %90ek bere lanpostuko hizkuntza eskakizuna betetzen dute. Gobernuak legez jokatzen duela ziurtatu du: «Martxan jarri ditugun prozesuekin ez dira joko arauak aldatu; aurretik zeuden hizkuntza eskakizunak eta lanpostuak dira orain ateratzen ari direnak».
Jon Hernandezek, EP-IUko legebiltzarkideak, erantzun dio ez dela koalizioaren asmoa «adostasunak haustea», baina, hizkuntza eskakizunak direla medio, «esperientzia daukan jende asko» kanpoan utziko dituztela uste du. Halaber, langile horiekin «malgutasunik» ez izatea egotzi dio gobernuari: «Ez dute legez kanpoko ezer egiten, baina pentsatzen dugu ez dutela behar den adinako malgutasunik izan euskararen erabilera indartzeko».
Bilbao, berriz, langileei bainoago herritarren eskubideei erreparatzearen alde agertu da: «Herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubide hori dago jokoan». Horregatik, lanpostuetan langile elebidunak jarri behar direla irizten dio: «Lanpostu horiek berez badaukate ezarrita beren hizkuntza eskakizuna aspalditik, eta, gainera, langile horiek aukera izan dute euskalduntzeko. Hor ezin da atzera egin».
3.500 lanpostutik gora
Europako legediari jarraikiz, egonkortu asmo dituzten lanpostu kopuruak ez dira nolanahikoak. Garamendik gogorarazi duenez, administrazio orokorrean 2022an 1.686 lanpostu eskaintzea onartua dute. Horri 2017an, 2018an, 2019an eta 2021ean egindako eskaintzak gehitu behar zaizkio —oraindik azterketak egin gabe daude—. Beraz, orotara, 3.683 lanpostu esleituko dituzte LEPetan. Sailburuak ziurtatu du lanpostu guztien deialdiak urtea amaitu aurretik egingo dituztela. Lehen datak jarriak dituzte dagoeneko: administrazio orokorreko 1.272 lanpostutarako deialdia egin dute, eta probak irailaren 17an eta 18an egingo dituzte, BECen.
Euskara
Kontseiluak uste du ezin dela atzera egin LEPetako hizkuntza eskakizunetan
Eusko Jaurlaritzaren eta EP-IUren artean ika-mika sortu da administrazio orokorreko lanpostuen hizkuntza eskakizunen harira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu