Ismael Manterola
BEGIZ

Artearen euskal kontsumitzailea

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Zein emaitza emango luke artearen kontsumoan euskarak duen presentziari buruzko ikerketa batek?

Prentsan, telebistan eta liburugintzan egindako inkestaren emaitzak ez dira oso baikorrak izan euskal kulturaren gaineko etorkizuna ziurtatzeko. Hala ere, txostenak kulturako beste hainbat alor ere barnean hartu balitu, ez zen baikorragoa izango. Adibidez, Euskal Herrian sortzen den artea ez dago euskaldunei zuzenduta. Bestalde, gutxitan sortzen da euskaraz. Zer aukera du artista batek euskarazko ikastaroak edo tailerrak egiteko Euskal Herrian? Antolatuz gero ere, zenbat jende egongo litzateke prest izena emateko? Sormen prozesuaren urratsak egiten direnean, zenbatetan egin daitezke guztiak euskaraz?

Hartzaile-kontsumitzailearen ikuspuntutik begiratuz gero, ez da ohikoa erakusketetan txartelak euskaraz ere egotea, edo katalogoak euskaraz irakurtzeko aukera izatea. Hitzaldiak, bisita gidatuak eta abar ere ez dira euskaraz antolatzen, nahiz eta artista askok euskaraz, jakin, badakiten. Itzulpena da nagusi arteari buruzko testu idatzietan. Horrek euskararen presentzia ziurtatzen du, baina ez du produkzioa sustatzen. Arte zentro edo museo batetik testuren bat idazteko eskatzen digutenean, euskararako eta ingeleserako itzulpenaz ohartarazten gaituzte, jatorrizkoa euskaraz idaztea pentsaezina delako haientzat. Testua euskaraz idazten denean ere, katalogoko zein orritan jartzen da? Eskuinean, jatorrizko testuek betetzen duten tokian? Edo ezkerrean, itzulpenak egoten diren tokian?

Katalogoko testuak euskaraz idatzita daudenean, zenbat jendek irakurtzen ote dute jatorrizko bertsioa? Siadecoren txostenean literaturarentzat gordetzen diren %22,9 baino jende gutxiagok, seguru asko. Literaturan zailtasunak eta ohitura faltak jartzen badira argudio moduan euskaraz ez irakurtzeko, iruditzen zait maila akademikoko testuetan askoz ere altuagoa dela, artearen esparruan behintzat. Zenbat jende egoten da arte zentro edo museoek erakusketa aretoetan jartzen dituzten hormako testuen euskarazko bertsioen aurrean? Noiz entzungo/irakurriko diegu ikasleei Picassoren Avignongo Andereñoak eta ez Las señoritas de Aviñon? Zenbat urte behar dira euskaldundutako irakaskuntzan artelanen izenburuak euskaraz normaltasunez erabiltzeko?

Azkenik, zeinek du artean euskararen erabilera normalizatua sustatzeko ardura? Iruditzen zait artearen sareak edo sistema publikoak gehiago egin beharko luketela, unibertsitatetik hasita, museoetara, erakunde publikoetatik pasatuta. Dena erabiltzailearen esku lagatzen duen gizarte-iritzia zabaltzen ari den honetan, sistemaren ardura azpimarratzen tematuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.