Tubacexek 8,3 milioi euroren galeraren bidez arrazoitu ditu kaleratzeak

Geroa bermatua duela dio enpresak, luze gabe eta luzera begira ere bai. Cebekek ohartarazi du «batzuetan» ez dela nahikoa soldatak jaistea

Tubacexeko langileen protesta bat, iaz, Laudion (Araba). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Urte hasieran zituen aurreikuspenetatik urrun dabil Tubacex. Joan den astean, lantaldearen %20 kaleratzeko asmoa iragarri zuen enpresak, eta atzo, berriz, datuen bidez erabakia arrazoitzen saiatu zen: 8,3 milioi euroren galerak izan ditu 2020. urteko lehen seihilekoan. Salmentak 282 milioi eurorenak izan dira, iaz baino %12,8 gutxiago.

Tutugileak azaldu duenez,sektorea krisian dago duela urte batzuetatik, eta hori bereziki azaleratu da bigarren hiruhilekoan, COVID-19aren krisia dela eta: Tubacexek 6,7 milioi euroren galerak izan ditu apiriletik ekainera. Iaz, hiru hilabete horietan, 3,3 milioiren irabaziak izan zituen, nahiz eta ez zen urte ona izan.

Dena den, tutugileak ez du datuen analisi erabat ezkorra egin, eta nabarmendu du «emaitza operatibo positiboak» mantendu dituela egungo egoeran ere. «Taldearen egitura finantzario sendoari esker» luze gabe eta luzera begira ere etorkizuna bermatua duela gehitu du Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak.

Hala ere, enpresak Araban dituen fabriken kostutik hamar milioi euro murrizteko helburua jarri du 2021. urterako, eta, beste neurri batzuen artean, lantaldea murriztuz egingo du hori. Amurrioko eta Laudioko fabriketan 150 langile kaleratzeko asmoa du zuzendaritzak —zortziehun langile inguru dira guztira—, baina beharginek argi utzi dute lanpostuak defendatuko dituztela.

Enpresak langileen ordezkariei esan zien, hain zuzen, kaleratzeak ez diren beste bide batzuk azter daitezkeela helburu hori lortzeko. Soldatak eta lan baldintzak murriztea izan daiteke bat, eta, dirudienez, konponbide horixe babesten du Eusko Jaurlaritzak ere, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azken egunetan adierazi duenez. ELA eta LAB sindikatuek patronalaren alde jartzea egotzi diote sailburuari.

Aernnova, soldatak izoztuta

LABek esan du enpleguari eusteko konpromisoa hartzea dela enpresei negoziatzeko jartzen dien baldintza bakarra, eta honela erantzun dio sindikatuari Iñaki Garcinuñok, Cebek Bizkaiko patronaleko presidenteak: «Enpresa batek aurreikusten badu urte batean edo bitan ez duela berreskuratuko lehengo jarduera ekonomikoa, ez du ezertarako balio soldatak jaisteak». Azpimarratu du langileak geldirik badaude enpresek beste neurri batzuk hartu behar dituztela, eta abisatu zuen gehiago izan daitezkeela «euren produkzioa egokituko dutenak». Dena den, Garcinuñok uste du kaleratzeak iragarritakoak baino gutxiago izango direla negoziazioen ostean.

Aernnova da kaleratzeak egingo dituela iragarri duen azken enpresa. LABek gogorarazi du hango beharginek hamar urte daramatzatela soldatak izoztuta, eta, beraz, soldatak murriztea ezin dela «inondik inora ere» izan egoerari aurre egiteko formula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.