Bolivian bigarren itzulia saihesteko adina boto lortu ditu Evo Moralesek

Mesa oposizioko liderrak salatu du hauteskundeak «iruzur» bat izan direla, eta hainbat estatuk babestu dute. Istiluak izan dira herrialdean

Manifestari batzuk, hauteskundeetan iruzurra izan dela salatzen El Alton (Bolivia), herenegun. MARTIN ALIPAZ / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Botoen %10eko aldearekin edo handiagoarekin irabazi behar zituen igandean egin ziren presidentetzarako hauteskundeak Evo Moralesek, Boliviako presidenteak, bigarren itzulia egitea nahi ez bazuen behintzat; eta, jakinarazpen ofizialaren faltan, lortu du helburua. Moralesek presidente gisa egingo duen laugarren agintaldia izango da, ezusterik ezean; 2006tik du kargua.

Oposizioko liderrak, Herritarren Komunitatea koalizioko Carlos Mesak, ez du aintzatetsi Moralesen garaipena. Azken emaitzak jakin bezain pronto zabaldu zuen bideo batean,«MASek [Moralesen alderdiak] iruzurra gauzatu» duela esan zuen: «Emaitzak gure botoen manipulazio lotsagarri bat dira». Jarraitzaileei «euren eskubide demokratikoengatik» mobilizatzen jarraitzeko eskatu zien, gobernuak bigarren itzulia onartu dezan; «estatu kolpe bat» jo izana ere egotzi zion Moralesi.

Eztabaida hauteskunde gauean bertan hasi zen: bozen emaitzak aurretiaz jakiteko sistemak akats bat izan zuen, eta geldirik egon zen 23 ordu baino gehiago. Berriz ere martxan jarri zenean, joera nabarmen aldatu zen ofizialismoaren alde. Emaitzak jakin berritan, Moralesek esan zuen bere garaipena «konstituzionala» dela, eta «boto indigena» ez onartzea egotzi zion oposizioari.

Moralesen hautagaitzak eztabaida sortu zuen lehendik ere. Boliviako konstituzioaren arabera, presidente berak ezin ditu bi legegintzaldi baino gehiago egin karguan; hori aldatzeko, gobernuak erreferendum bat egin zuen 2016an, eta ezezkoa izan zen emaitza; hala ere, berriz aurkeztu zen Boliviak izan duen lehen presidente indigena.

Hauteskunde prozesuan izandako irregulartasunek herritarren haserrea piztu zuten, eta aste osoan istiluak izan dira ustezko iruzurra salatzen dutenen eta Poliziaren artean. Iturri ofizialen arabera, gutxienez laurogei pertsona atxilotu dituzte, eta 27 zauritu: horietako hemeretzi segurtasun indarretako kideak dira, eta beste zortzi, zibilak.

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen mandatariak, Michelle Bacheletek, kezka adierazi zuen atzo, txosten batzuk iritsi baitzitzaizkion esanez Poliziak «indarkeria gehiegi erabili» duela manifestarien eta segurtasun indarren arteko istiluetan. Salaketak ikertzeko eskatu dio Boliviari.

Nazioarteko erantzuna

Hainbat herrialdek esku hartu dute Boliviako hauteskundeek sortutako polemikan. Argentina, Brasil, Kolonbia eta AEBetako gobernuek bigarren itzuli «sinesgarri eta garden bat» egiteko eskatu zioten Moralesen gobernuari atzo: «Amerikako Estatuen Erakundeak [AEE] bidalitako behatzaileek ezin badute ziurtatu lehen itzulia garbia izan dela, bigarren itzulia egin behar du Boliviak, hauteskunde sistemarensinesgarritasuna berreskuratzeko». Europako Batasunak ere adierazi zuen bigarren itzulia egitea dela «egokiena». Moralesek erantzun zien prest dagoela «botoz boto» berriro beste kontaketa bat egiteko.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak zoriondu zuen Morales garaipenagatik. Madurok Twitter bidez zoriondu zuen bere «anaia», lortutako «aparteko garaipenagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.