Caixabankeko langileek greba egin dute Hegoaldeko 140 kaleratzeak salatzeko

Sindikatuen arabera, erantzun handia izan du lanuzteak, %80tik gorakoa. Taldeak ezarritako baldintzak «basatiak» eta neurrigabeak direla diote

Iruñeko Caixabanken egoitza nagusian elkarretatzea egin zuten atzo, kaleratzeen aurka. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bankiarekin bat egin ondotik, Caixabank finantza taldeak bere historiako kaleratze kopururik handiena iragarri zuen apirilaren 20an. Bateratzeak eragindako bikoizketa arazoak arrazoituta, 1.534 bulego eta 8.291 langile kaleratzeko asmoa azaldu du, lantalde osoaren %19. Hego Euskal Herrian, zehazki, 1.800 langiletik 140 kaleratu nahi ditu. Bankuak aurkeztutako erregulazio espedientearen aurka protesta egiteko, langileek greba egin zuten atzo, eta azpimarratu zuten Hego Euskal Herrian erantzuna oso handia izan dela, «%80tik gorakoa».

Euskal Herritik at, Espainian ere egin zuten greba, eta, protesta orokor hori ikusita, Caixabankek beste proposamen bat egin du: hasieran iragarritako 8.291 kaleratzeren ordez, orain 6.951 izatea planteatu du. Espediente horietan, adin tarte bakoitzean baldintza jakin batzuk jarri ditu mahai gainean, baina oraingoz ez da aurrerapauso handirik eman negoziazioan, eta ekainaren 29an amaitzen da dosierra hitzartzeko epea.

Hego Euskal Herriko lau lurraldeen artean, Nafarroan izango dira kaleratze gehien, eta sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñeko egoitza nagusian, 11:00etan, Guztiok gara Caixabank, ERErik ez lelopean. UGTko Salvador Iriartek adierazi zuen Caixabankek ez duela posizio malgurik azaldu elkarrizketetan. Halaber, azken asteetan iragarritako kaleratzeen jaitsiera «gezurra» dela deitoratu zuen, menpeko negozio adarretan ere kaleratzeak egin nahi dituztelako.

Kaleratze behartuak

Iriarteren arabera, aurkeztutako dosierra «basatia» eta neurrigabea da. Borondatezko kaleratzeak lehenesten ditu legediak, baina, sindikatuen aburuz, adinen araberako kaleratze kuotak ezarrita, Caixabankek derrigortu egin nahi ditu langileak bankua uztera: «Proposatutako baldintzak ez dira bateragarriak borondatezkoak izatearekin». Adibidez, kaleratuen %40 inguru 50 urtetik beherako langileak izatea jarri du mahai gainean, eta sindikatuek uste dute irizpide hori tranpatia dela. «Gutako edonor kaleratu dezakete».

Atzo, sindikatuek irmo adierazi zioten ez dutela kaleratze beharturik onartuko, ezta langileen prekarizaziorik ere. «Zuzendariek gero eta diru gehiago irabazten duten bitartean, gure etorkizuna eta gure familiena arriskuan jartzen dute». Egun, Caixabank-en, 40 urtetik beherako langileen kopurua txikia da, eta sindikatuek uste dute kontratazio berrietan baldintzak nabarmen okertzeko asmoa duela taldeak.

Era berean, gaitzetsi dute Bankiaren bat egitea zerbitzuen digitalizazioa bultzatzeko baliatu nahi duela. Izan ere, Caixabankek azaldu du bat egitearen sinergiak baliatzea dela moldaketa egiteko arrazoia, baina Hego Euskal Herriko lurraldeetan Bankiaren sarea oso txikia da. Espainian eta Katalunian, Bankiatik datozen bi langileko bat kaleratzeko asmoa azaldu du zuzendaritzak; aitzitik, Euskal Herrian proportzio hori hautsi egiten da: Bankiatik 108 langile datoz, eta, berez, 140 kaleratu nahi ditu guztira.

Horrekin batera, salatu dute landa eremuko herri batzuetan ordutegi murriztua duten leihatila zerbitzua jarri nahi dutela bulegoen ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.