Lan erreformaren gabeziak konpontzeko aukera du gaur Madrilek

Bidegabeko kaleratzeagatik ematen den kalte ordaina 45 egunera igo nahi dute. Ezustekorik ezean, PSOEk aurka bozkatuko du

Yolanda Diaz Lan ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea, Senatuan, artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE.
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Diputatuen Kongresuak lan eskubideak «berreskuratzeko eta hedatzeko» lege proposamenak aurrera egingo duen edo ez erabakiko du gaurko saioan. EH Bildu, ERC eta BNG alderdiek egin dute lege proposamena, eta gaur Kongresuko gainontzeko alderdien aurrean defendatu beharko dute. 2022ko maiatzaren 22an aurkeztu zuten lege proposamena, baina ia urtebete atzeratu da tramiterako onartzeko bozketa. Zenbait artikulu aldatu nahi dituzte proposamenarekin, kalte ordainen ingurukoa batez ere.

Hala ere, seguruena da lege proposamena tramitatzerako ez onartzea Kongresuak. Izan ere, PSOEk otsailean izan zuen aukera bidegabeko kaleratzeagatik ematen den kalte ordaina handitzeko, baina aurka bozkatu zuen; ERCk aurkeztu zuen mozio hori. Oraingoan ere badirudi lege proposamenak ez duela Kongresuan eserleku gehien duen alderdiaren babesik izango, are gehiago lan erreforma hark bultzatu zuela jakinda.

EH Bildu, ERC eta BNGrentzat «beharrezkoa eta presazkoa» da lan eta gizarte eskubideak «berreskuratzea eta hedatzea». Hiru alderdi subiranistek uste dute azken lan erreformak ez dituela aldatu 2010eko eta 2012ko erreformatik geratzen ziren hainbat kontu; hala, diote azken erreformak «konpondu gabe» utzi dituela hainbat «beharrezko» afera. Nahiz eta proposamenaren ardatza kalte ordainen igoera izan, bestelako aldaketa batzuk ere sartu dituzte lege proposamenean. Tramitazio soldatak berreskuratu nahi dituzte, baita kaleratze kolektiboen baimen administratiboa ere.

45 egunera buelta

2010eko PSOEren eta 2012ko PPren lan erreformek lan egindako urte bakoitzeko 45 egunetik 33 egunera jaitsi zuten bidegabeko kaleratzeagatik ematen den kalte ordaina. 1980. urtearen aurretik 60 egun ordaintzen ziren lan egindako urte bakoitzagatik, gehienez 70 hilabetez. Urte hartan 45 egunera jaitsi zuten, eta gehienez 42 hilabetez ordaintzen zen. 1997an, 42 hilabetetik 24ra jaitsi zuten gehienez ordaindu beharreko kalte ordaina, eta 2012an iritsi zen egungo egoerara. Orain, ezkerreko alderdiek 45 egunera itzultzea nahi dute, baina oraindik ez dute bazkide nagusia, PSOE, konbentzitzea lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.