Bizkaiak 313 milioi euroko iruzurra azaleratu zuen iaz, 2019an baino %37 gutxiago

Erregaien merkaturatzaile handiek azken salmentaren BEZarengatik zor zutena ordaintzen bukatu dutelako jaitsi da hainbeste kopurua

Gasolindegiko bateko langilea. Bizkaian diharduten erregai enpresa handiek erregularizatu dute haien egoera. M. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Bizkaiko Ogasunak 313,4 milioi euro erregularizatu zituen iaz iruzur fiskalaren aurkako planaren barruan. Aurreko urteetan azaleraturiko kopurua baino askoz txikiagoa da: 504 milioi erregularizatu zituzten 2019an —%37 gehiago—; eta 477 milioi 2018an. Ogasunak, baina, azaldu du erregai saltzaile handien BEZarengatik dela, atzeratuak zituzten ordainketak eguneratu dituztelako dagoeneko. Gipuzkoak eta Nafarroak, berriz, iragan astean eman zituzten datuak, eta 225 eta 174 milioi euroren iruzurrak azaleratu dituzte hurrenez hurren. Arabak, ostera, ez du ezagutzera eman oraindik. Ipar Euskal Herrian ez da datu hau ematen.

Bizkaiko Ogasunak erregularizatzeko 457.000 jarduketa egin zituen iaz, 2019an baino 25.000 gehiago. Orduan zergatik azaleratu da iruzur kopuru askoz txikiagoa? «Prebentzioan sakondu dugulako», nabarmendu du Jose Mari Iruarrizaga Ogasun diputatuak. Azalpenaren muina, baina, erregai enpresen aferan dago, eta banaketa kateko azken salmentaren BEZaren aitorpenean. 2017ra arte Bizkaiko gordailu fiskaletan pilaturiko erregaia merkaturatzen duten enpresek Espainiako Zerga Agentzian ordaintzen zuten BEZa. Bizkaitik kanpoko enpresak dira asko, eta kontsumitzaileari eginiko salmentaren BEZa ez zen Bizkaian gelditzen.

Bizkaiko Ogasunak urteak zeramatzan praktika hori salatzen, eta auzitara jo zuen. 2017an Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion, eta atzeraturiko BEZak eskatzen hasi zen enpresa horiei. Bide horretatik, 217 milioi euro berreskuratu zituen 2018an; 281, 2019an, eta 70 milioi iaz, azkenak. Ogasunaren arabera, hortik dator iruzurraren jaitsieraren azalpen nagusia. Enpresek dagoeneko Bizkaian ordaintzen dute salmenten BEZa, eta, beraz, hurrengo urtean ez da kontzeptu horri buruzko iruzurrik izango.

Iruzur mota hori ez dute aurkituko, baina bai beste batzuk, Iruarrizagak nabarmendu baitu modu berriak agertzen direla urtero. «Txartelen erabilerari buruzkoak, balio erantsi handiko zerbitzuen laguntzak [bost milioi euro berreskuratu dituzte haietatik], enpresa karruselak...». Azken horren eredu bat jarri du: «Aurkitu dugu kasu bat non bizkaitar batek enpresa bat muntatu duen Portugalen, Frantziako beste enpresa baten babesean, eta hona Santanderko [Espainia]) enpresa baten bitartez iristen den. Globalizazioa da».

Suitzako dirua, astiro

Nazioarteko mugimendu inguruen harira, Bizkaiko Ogasunak datu deigarria plazaratu zuen iaz: lurraldeko zergapekoek 1.500 milioi euro dituzte atzerrian, horietatik 600 milioi Suitzan. Urtebete geroago, zertan da bilaketa? Iñaki Alonso Ogasun zuzendariak azaldu du: «Ari gara; gehiago egin nahi genuen, baina COVID-19ak eragina izan du. Datuak jaso eta gurutzatzen ari gara, baina ez da erraza, herrialde bakoitzak bere modura interpretatzen ditu. Galbahea pasatzean ezagutuko dugu benetako argazkia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.