Urkulluk barkamena eskatu dio Ertzaintzak zauritutako ordezkari sindikalari

Lehendakariak azaldu du Poliziak proportzioz jokatu zuela ITP Castingseko grebalariekin, eta ertzain bakarrari egotzi dio jokaera desegokia

Ertzaintzako agenteak errepidean eserita zeuden PCBko langilean altxatzen, astelehen goizean. CCOO.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak barkamena eskatu du joan den astelehen goizean Barakaldon (Bizkaia) gertatutakoagatik. ITP Castings garai bateko Precision Castings Bilbao enpresaren kaleratzeengatik protestan ari ziren langileei oldartu zitzaien Ertzaintza, eta CCOOko ordezkari sindikal bati sudurra hautsi zioten borra batekin. Urkulluk barkamena eskatu die sindikatuko bi idazkari nagusiei, Loli Garcia Euskadikoari eta Unai Sordo Espainiakoari, eta poliziak zauritu zuen kideari.

Urkulluk nabarmendu du «zorigaiztoko gertaera bat» izan zela, eta Ertzaintzak izandako jokaera defendatu du. Lehendakariaren iritziz, operazioan parte harturiko ertzainek proportzioz jokatu zuten, eta jokaera desegokia «pertsona bati, ertzain bati» dagokio. Gaineratu du Ertzaintzak parte hartzen duen operazio guztietan jokatzen duela neurriz.

Istiluak astelehenean gertatu ziren. Hilabeteetako greba eta negoziazioen ondotik, iragarritako kaleratzeak gauzatu zituen ITP Aero Castings enpresak Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia) dituen plantetan. Guztira 83 kaleratze dira, eta, neurri hori salatzeko, greban dauden langileek giza harresi bat egin zuten goizean Barakaldoko lantegiaren aurrean. Lurrean eseri ziren, greba egin ez duten langileen autobusaren sarrera oztopatzeko asmoz. Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta istiluak piztu ziren orduan. Istilu horietan hainbat zauritu egon ziren, eta ertzain batek sudurra hautsi zion Javi GomezCCOO sindikatuko industria arloko arduradunari.

Hauek «tentsio handiko uneak» direla esan du Urkulluk bere barkamen eskaeran, eta adierazi du koronabirusak maila guztietan, «baita lan arloan ere», duen eraginagatik gertatzen ari direla «horrelako zorigaiztoko gertaerak». Era berean, berretsi du Gomez jo zuen agenteari ikerketa txosten bat ireki diola Ertzaintzak, «polizia demokratikoa den heinean, dagokion bezala».

Bilera, bihar

ITP Castingseko eta langile batzordeko kideak bihar elkartuko dira berriro. Asteak zeramatzaten mahai beraren inguruan eseri gabe, baina asteleheneko liskarrek bide bat ireki dutela dirudi. Langileek argi utzi dute zein proposamen eramango duten: kaleratzeen erabakia atzera bota, eta aldi baterako erregulazio bilakatzea. Alde horretatik, Bizkaiko Batzar Nagusietako alderdi guztiek agiri bat sinatu zuten atzo enpresari eskatuz «elkarrizketa bideak» manten ditzala.

Era berean, zuzendaritzari ahalegin bat eskatu zioten plangintza bat abian jartzeko langile horiek duten «ezagutza zehatza» balia dadin. Ordezkari politikoen ustez, langileei esker lortu du enpresak «nazioartean duen maila aipagarria», eta haiei eusten ahalegindu behar da. Halaber, nabarmendu dute sektoreak diru laguntza publiko asko jaso dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.