Lehen keinuaren ondoren, bigarrena egingo du gaur Frantziako Gobernuak. Pentsio sistemaren erreformak eragindako gatazka desblokeatzeko proposamenak egingo dituela iragarri zuen atzo Edouard Philippe lehen ministroak, sindikatuekin eta patronalarekin bilera sorta egin ondoren, eta Emmanuel Macron presidentea kontsultatu aurretik. Ez dago batere garbi proposatutakoa nahikoa izango den sindikatu erreformistak bere aldera ekartzeko. Argiago dago, berriz, ez dituela CGT, FO, FSU, Solidaires, eta CGC asebeteko, ez dirudielako haien eskaera bakarra betetzeko asmoa duenik, erreforma bertan behera geratzea, hain zuzen ere. Protesta mugimenduak 38. eguna beteko du gaur, eta manifestazioak izango dira.
Atzoko bilerak izan ziren lehen keinua. Negoziazioak berriro irekitzea onartu zuen Parisko gobernuak, pentsio sistemaren finantzaketaz hitz egiteko. Berez, CFDTren proposamena izan zen, eta Philippek ontzat hartu zuen, sindikatu horren babesa lortu nahian baitabil. Horregatik, Matignonen bildutako kazetarien mikrofonoek interes berezia izan zuten Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiaren hitzak jasotzeko. «Irekidurarako borondatea» ikusi zuen, baina ez zuen nahi zuena entzun; hau da, gobernuak orekarako adina kendu duela erreforma proiektutik. 64 urte baino lehen erretiroa hartzen dutenei pentsioa txikituz lortu nahi du gobernuak erretiroaren adina pare bat urtez atzeratzea, 3.000 milioi aurreztuko lituzkete horrela 2022an, eta 12.000 milioi 2027an, eta lagunduko luke sistemaren kontuak orekatzeko.
Bada, orekarako adina ageri egiten da Philippek gizarte eragileei igorritako proiektuan. Hori bai, onartu du atzera botatzeko prest dagoela baldin eta eragile sozialek sistema hobeago bat aurkitzen badute kontuak orekatzeko.
Defizita, gorantz
Erretiro sistemak 3.500 milioi euroren defizita izan zuen 2018an, baina baby boom-aren belaunaldiak erretiratzen hasi ahala zulo hori handituko dela kalkulatu du COR Erretiroaren Orientazio Kontseiluak: 17.000 milioi 2025ean, eta 27.000 milioi 2030ean.
Gatazka desblokeatzeko proposamenak egingo ditu gaur Parisko gobernuak
Orekarako adina azaldu egiten da Edouard Philippek eragile sozialei bidalitako erreforma proiektuan. Gaur ere protesta eguna izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu