Espainiako Kongresuan gaur batzartuko da Herritarren Segurtasunerako Legea aldatzeko lantaldea, eta eztabaidagai izango dute araua moldatzeko txostena onartzea. Horrela, txostena Barne Batzordera eramango lukete, eta otsailean helduko litzateke gaia osoko bilkurara. Horren aurrean, PSOEko diputatu Patxi Lopezek gobernua sostengatu ohi duten alderdiei eskatu die ez dezatela legearen aldaketa blokeatu, orain arte lortutako adostasunek «zuzendu» egiten dituztelako indarrean dagoen legeak sortutako hainbat eragin: «Espero dugu mozal legea atzean uzteko konpromisoa genuenok orain ez jartzea beste interes batzuk jada adostutako aldaketen aurretik; horiek ez lirateke aurrera aterako lege honen kontrako botoa emanez gero».
Siglarik aipatu gabe, Lopezek EH Bildu eta ERC jarri ditu jomugan, eta ohartarazi du ez PSOE eta ez Espainiako Gobernua ez direla «erantzule» izango egungo legeak indarrean jarraitzen badu. Non dauden desadostasunak? Manifestariak sakabanatzeko materialaren erabileran; agintearen aurkako desobedientzian eta errespetuaren urraketan; eta mugetako kudeaketan eta migratzaileak mugan bertan kanporatzean.
EAJ, konforme
EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban ere kexu da Espainiako Gobernuari babesa eman ohi dioten talde batzuen jarrerarekin: «Egungo gehiengoekin eta lortu diren aurrerapausoekin mozal legea aldatzen ez bada, argi geratuko da jarrera batzuen zurruntasuna». Izan ere, egindako urratsei zenbakia jarri die: «Guk aurkeztutako 46 aldaketetatik 40 onartu dira».
Estebanen hitzetan, helburua zen «segurtasunaren eta askatasunaren artean oreka» bat bilatzea, «orain legean ez dagoena», eta uste du lortu dela hainbat puntutan: «Ez da izango guztien gusturako, baina politikak eta adostasunak honetara eramaten gaitu; aurrera egiteko, ea hobea den daukagunarekin geratzea edo aldaketak egitea. Guk baietz uste dugu; orain beste alderdi politikoak busti beharko dira».
Legea erreformatzeko adostasuna duten edukiak ere zerrendatu ditu EAJko bozeramaileak: zigor arautegia, elkartzeko eta manifestatzeko eskubidearen ingurukoak, pertsonak identifikatzeko atxiloketen ingurukoak, polizien grabazioak... Akordio horiek egin dituzte, Estebanen esanetan, «segurtasun printzipioaren eta eskubideen eta askatasunen arteko orekan aurrera eginez».
Bestalde, Naiz irratiari emandako elkarrizketa batean, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak azaldu du bere taldeak zer jarrera duen. «Proposatu ditugun hiru zutabeak onartzen ez badira, ez dugu babestuko erreforma light hau. Gomazko pilotak debekatzeko eta desobedientziari eta errespetu faltei lotutako zigorrak aldatzeko eskatzen dugu».
Gaurko bileraren harira, Aizpuruak mezu argia igorri dio Sanchezen gobernuari: «Mozal legearekin maximalistak garela esan digute, baina hitzemandakoa betetzea baino ez dugu eskatzen. Gu ez gara mugitu, ez dugu inor engainatu».
'Mozal legearen' erreforma ahalbidetzeko eskatu die PSOEk EH Bilduri eta ERCri
Gaur batzartuko da Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea aldatzeko lantaldea. EH Bilduk ez du onartuko erreforma «light» bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu