Etxegabe bat hil da Hendaian

Kaneta portuan hilik topatu dute 50 bat urteko gizonezkoa. Bigarrena da aurten Euskal Herrian

Etxegabe bat Baionan, artxiboko irudi batean. ISABELLE MIQUELLESTORENA.
Garazi Aduriz Zuñeda.
<i>Hendaia</i>
2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Etxegabe bat hilik aurkitu zuten atzo goizaldean Hendaiako Kaneta portuan (Lapurdi). 50 bat urteko gizon bat zen. Atherbea elkarteko kide Françoise Theuxek ezagutzen zuen, erakunde horrek Baionan dituen zerbitzuen ohiko erabiltzailea baitzen. «Gizona ez da soilik hotzez hil; gure laguntza hartzeko ohitura zuen: kalean hainbat urtez bizi ondotik, higatua zen», urrikaldu da Theux. Frantziako Poliziaren Donibane Lohizuneko komisarian (Lapurdi) ikertuko dituzte gizonaren heriotzaren nondik norakoak. Aurten Euskal Herrian hildako bigarren etxegabea da.

Atherbea elkarteak harreman estua du Hendaiako CCAS Gizarte Ekintzarako Herri Erakundearekin. Hendaian, etxegabeentzat plantan ezarriak diren zerbitzu batzuk aipatu ditu Theuxek, hala nola Atherbearen talde mugikorra, eguna igarotzeko Txoko gunea, eguneroko laguntza humanitarioaren eskaintza eta Gurutze Gorriaren jantokia, besteak beste. «Hendaian garatzen ari den laguntza sarea sendoa eta ugaria da», azaldu du Atherbea elkarteko kideak.

Bestalde, Hendaiako CCAS Gizarte Ekintzarako Herri Erakundeak azaldu duenez, «lo egiteko hamabi toki» ireki dituzte abenduaren 1etik martxoaren 31ra arteko tarterako: «Horietatik lau emazteentzat erreserbatuak dira; gainontzeko zortziak, berriz, gizonezkoentzat». Etxegabeek 115 telefono zenbakira deitu behar dute toki horietako batean lo egin nahi badute. CCAS erakundeak azaldu du «etxegabeek gauez neguko hotzari aurre egiteko» proposatzen duela baliabide hori, Frantziako Gobernuak hotzaldiaren aurka plantan jartzen duen planaren barnean.

Aurten Euskal Herrian hildako bigarren etxegabea da Hendaiakoa. Lehena Bilbon hil zen, urtarril bukaeran, haren kartoizko eta egurrezko etxolak su hartu ondotik. Etxegabearen «erailketa» gaitzetsi zuten orduan Eskubide Sozialen Gutunak eta AZET etxebizitza sindikatuak. Sistema kapitalistaren eta Bilboko Udalaren «nekropolitika instituzionala» jo zituzten erantzuletzat: «20.000 etxe daude hutsik hirian, baina jendea kalean lo egiten eta hiltzen uzten du udalak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.