Espetxe politikan «salbuespena» gainditzeko, beste bi plan aurkeztu ditu Jaurlaritzak: Hitzeman, iazko urriaren 2an, eta Zuzen Bidean, azaroaren 29an.
Hitzeman
Helburuak. Biktimei erreparazio moralerako ekintzak eskaintzea, espetxe politika«bizikidetza politikaren zati» izan dadin laguntzea, presoak gogoeta autokritikoaren bidez «gizarteratze prozesura» bideratzea, eta haiei «hainbat estaldura» eskaintzea.
Prozedura. Presoak beren borondatez sartuko lirateke programan. «Lehenik eta behin, hasierako adierazpen bati atxikiko zaizkie», dio txostenak. Giza eskubideekiko konpromisoarekin, biktimei egindako kaltea onartzearekin eta autokritika egitearekin lotuta legoke atxikimendurako testua. Jaurlaritzak kudeaketa batzorde bat sortuko luke, eta hark proposatuko lieke presoei zer ibilbideri jarraitu.
Babes instituzionala. Programara atxikitako presoei babes instituzionala emango lieke, gizarteratzen laguntzeko: lege aholkularitza eta pertsonala, laguntza psikologikoa, eta lana eta etxebizitza aurkitzeko laguntza.
Zuzen Bidean
Legea aldatu gabe. Hamar neurri proposatu zituen, legea aldatzea behar ez dutenak. Besteak beste, espetxeen eskumena Jaurlaritzaren esku uztea; presoak gerturatzea; 104.4 artikulua ezartzea gaixo dauden presoei; seme-alabak dituztenak espetxe berean batzea; 70 urtetik gorakoak askatzea; espetxe onurak preso guztiei normal ezartzea; orain «normalizatuta» dauden jarduera politikoengatik preso daudenei «legezko neurriak» ezartzea; eta gizarteratze politikak bultzatzea.
Legea aldatuta. Atxilotze inkomunikatua desagertzea; behin-behineko espetxealdia murriztea; tortura saihesteko nazioarteko erakundeek egindako proposamenak legean jasotzea; zigorrak osorik betetzera behartzen duten legeak indargabetzea; beste herrietan betetako zigorrak aintzat hartzea; espetxe zaintzarako epaileen eskumena Espainiako Auzitegi Nazionaletik lurralde esparruetakora igarotzea; indarkeriarekin lotutako jokabideak delitu arrunten esparruan sartzea; eta adierazpen askatasuna bermatzeko, interpretazio lausoak kentzea.
BESTE BI PLANAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu