Datorren asteko estreinaldiak

Utopia kolektiboaren ifrentzua

Esperientzia pertsonalean oinarriturik, komuna batean girotu du Thomas Vinterbergek bere azken filma

'Kollektivet' filmak komuna baten bizimodua du oinarri, irudian bertako kideak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2016ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Thomas Vinterberg komuna batean bizi izan zen, 7 urte zituenetik 19 urte bete zituen arte. Zuzendariak kontatu duenez, oroitzapen ona du esperientzia hartatik. Gazte-gaztea zen, eta fantasiaz beteriko mundu batean bizi zela iruditzen zitzaion. Alkohola, sexua, elkarrizketa filosofikoak eta beste hamaika kontu ezagutu zituen komuna hartan eman zituen urteetan.

Bizitako esperientzia hori pelikula batera eraman nahi izan du zinemagile daniarrak. Baina nostalgia onberan erori beharrean, begirada zorrotz samarra da Kollektivet-ek eskaintzen duena.

1975. urtean dago girotuta pelikula. Erik Arkitektura irakaslea da, eta, aita hil berri zaionez, landan dagoen etxetzar bat jasoko du herentzian. Anna emaztea telebista aurkezle bat da, eta etxetzarrera lagun batzuk bizitzera gonbidatzea proposatuko dio senarrari. Aspaldi samarrean gain behera hasia da senar-emaztearen arteko harremana, eta,proiektu horretan, errutinari aurre egiteko modu bat ikusiko dute.

Horrela, lagunen arteko komuna bat sortuko dute. Denetarikoak dira hara bizitzera joanen diren adiskideak, eta, hasieran, ideia ona izan dela emanen du: denen artean hartzen dituzte erabakiak, eztabaida sakonak izaten dituzte, ez da hitz egiteko gai taburik...

Baina laster batean hasiko dira lehenengo arazoak sortzen, eta komunako giroa gaiztotu egingo da. Testuinguru horretan, gertaera batek hankaz gora jarriko du komunaren oreka delikatua, Erik bere ikasleetako batekin maiteminduko baita.

Dogmatik sortua

Lars von Trierekin batera, Thomas Vinterberg Dogme 95 izena hartu zuen mugimendu zinematografikoaren sortzaileetako bat izan zen. Zinemagintzaren oinarrietara itzultzea aldarrikatzen zuen mugimenduak, eta horretarako zuzendariek bete beharreko arau zorrotzen zerrenda bat proposatzen zuen.

Dogme 95 mugimenduaren irizpideei jarraikiz, 1998an pelikula bat egin zuen Vinterbergek, eta ospe handia ekarri zion: Festen. Besteak beste, epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen filmak urte hartako Cannesko zinemaldian.

Mugimenduak ez zuen luze iraun. Estuegiak omen ziren zinemagileei ezartzen zitzaizkien arauak. Nolanahi ere, ordurako Thomas Vinterberg nahiko zuzendari ezaguna zen, eta horrek aukera eman zion pelikulak egiten segitzeko.

Danimarka utzi behar izan gabe, filmografia interesgarria ondu duVinterbergek. Egin dituen pelikulen artean, 2010eko Submarino eta bi urte geroago egin zuen Jagten filmek izan dute harrerarik onena ikusleen artean.

Iaz, berriz, lehen aldiz egin zuen lan Britainia Handian, eta Thomas Hardy idazlearen Far for the Madding Crown eleberriaren moldaketa bat egin.

'KOLLEKTIVET'

Zuzendaria. Thomas Vinterberg.

Aktoreak. Ulrich Thomsen, Trine Dyrholm, Martha Sofie Wallstr¿m Hansen, Helene Reingaard.

Herrialdea. Danimarka. Urtea. 2016.

Iraupena. 107 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.