Euskal Herriaren zentzumenak

Hodeiak ikusteko begiak, lurra entzuteko belarriak... Hainbat gailu ari dira zaintzen ingurua, hura hobeto ezagutzeko, zientzia egiteko eta hondamendiak aurreikusteko. Teknologia pieza horiek eta haietaz arduratzen diren gizakiek talde bat osatzen dute.

Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zentzumenak dituzte bizidunek, ingurua sumatzeko, eta harekin harremanetan jartzeko. Giza komunitateek ere badituzte zentzumenak, baina, noski, horiek ez dira berezkoak, baizik eta teknologikoak. Ziklogenesi leherkorren eta lurrikaren artean bizi dira euskaldunak, eta horiek dira, ingurua zaintzeko, dituzten begi eta belarri mekanikoetako batzuk.

'DONOSTIA' BUIA



Aurten hamar urte bete ditu Donostia buiak. Gipuzkoako hiriburutik 16 milietara dago (30 kilometro ia), itsaso barrenean, eta hamarkada batez, ezinbesteko informazioa eman du. Euskalmetena da buia, eta Mikel Nogues Aztiko teknikaria arduratzen da haren osasunaz. Joan zen astean egin zion azken bisita.

Norvegiako enpresa batek egiten ditu buiak, eta itsaso zakarrei eusteko daude diseinatuta. Astebete uretan, eta gailuak lehenengo ekaitz handia pairatu du: Ana ekaitza. Astelehen goizean neurtu zuen olaturik handiena: bederatzi metro pasatxo. Edonola ere, garaiagoak ere ikusi ditu buiak: 2009ko urtarrilaren 24an, 20,4 metrokoa neurtu zuen, Klaus ekaitzaren erdian.

Gainean, meteorologia estazio bat du, eta, azpian, ura 200 metroko sakonera arte neurtzen du. Gailua 600 metrora dago ainguratura, eta kablean hainbat sentsore ditu, tenperatura eta gatz kontzentrazioa neurtzeko. «Arrainak non egongo diren iragartzeko erabiltzen dira datuok, besteak beste». Ur-lasterrak ere neurtzen ditu: norbait itsasoan galduz gero, gorpua non ager daitekeen kalkulatzeko erabiltzen dute emaniko informazioa.

Erabat autonomoa da buia: eguzki plakekin kargatzen ditu 12 volteko bateriak. Orduero bidaltzen ditu datuak, sateliteen bidez.

Ekaitz guztiak gainditu ditu Donostia buiak, baina, batzuetan, ezin izan dio eutsi etsairik handienari: gizakiari. Nabigazio kartetan agertzen da, eta argi bat du itsasoan ongi nabarmentzeko. «Itsasoan dabiltzan guztiek badakite non dagoen, baina alferrik da: ontziek jotzen dute, arrantzaleen sareetan korapilatzen da, eta euren hariak moztu beharrean buiarena ebakitzen dute». Urtean behin izaten du halako ezbehar bat. Zorionez, gailuak non dagoen ere esaten die Nogues eta lankideei orduero. «Ezin bagara berehala joan, hor egoten gara pantailari begira buia egunez egun nora doan ikusten». Landetako (Okzitania) hondartzetan erreskatatu behar izan dute bitan.

Etorkizuna ikusteko ere balio du buiak. Datuekin ereduak sortzen dituzte, eta itsasoa nola eraldatuko den aurreikusteko erabiltzen dute. Horrez gain, Euskalmetek asko erabiltzen du, eguraldia aurreikusteko. «Larrialdi zerbitzuentzat ezinbestekoa da: itsaso oso zakarra espero denean, krisi mahaia biltzen denean, beti izaten dute hor gure buiaren azken grafikoa».

SISMOGRAFOAK ETA AZELEROGRAFOAK



Euskal Herriko mendebaldean lurrikarak hautemateko eta neurtzeko estazio bakarra dago (Lanestosan, Bizkaian, 1938ko lurrikara handiarengatik jarrita). Baina, halako sentsorez beterik daude Nafarroa eta Zuberoa. Ortzaizen (Nafarroa Beherea) eta Urdiñarben eta Larrainen (Zuberoa) datuak telefonoz komunikatzen dituzten estazio bana ditu Pirinioetako Zaintza Sismikoaren Sareak (RSSP). Nafarroan, hiru estazio sismiko ditu IGN Espainiako Institutu Geografikoak: Arangurenen, Orotz-Betelun eta Baztango Alkurruntz mendian. Estazio sismikook lurrikaren sakoneraren eta indarraren berri ematen dute, eta epizentroa non dagoen zehazten dute. Horiez gain, bi azelerografo daude: Iruñean berriki jarritakoa da horietako bat. «Horrek antzeman zuen martxoko lurrikara latza», azaldu du Antonio Aretxabala geologo eta lurrikaretan adituak. Sismografoak azelografoak baino askoz sentikorragoak dira. Horregatik, azelerografoak erabili behar dira lurrikara indartsuek sismografoen eskala gainditzen dutenean. Donibane auzoko gailuari esker jakin zuten martxokoak lau aldiz gainditu zituela lurrikara baterako Nafarroan aurreikusitako azelerazioa. Lurrikara horrek «albiste ona» ekarri zuen, adituaren arabera: «Eraikinak altxatzeko ezartzen diren irizpideak lau aldiz gaindituta ere, ez zen ia kalterik gertatu».

Bigarren azelerografoa Itoitzen dago, eta urtegiarengatik jarri zuten, ikerketa guztiek ondorioztatu zutelako eraikuntza hark lurrikarak eragin edo, behintzat, aurreratu zituela. «Astero ditugu lurrikarak Nafarroan, baina gehienak oso txikiak dira, eta ez gara konturatzen». Adituaren aburuz, askoz sentsore gehiago egon beharko lirateke herrialdean. Nafarroako gailuek Itoizko 2004ko lurrikaretan lorturiko datuak erabili dituzte Frantziako eraikuntza arauak ezartzeko. «Lurrikarek ez dute mugarik ezagutzen; ez du zentzurik Frantziak hemengo lurrikaren arabera jartzea araua, eta, hemen, Portugalen pareko irizpideekin jarraitzea». Espainiako IGNren esku daude gaur Nafarroako sentsoreak. «Oso logikoa litzateke erakunde autonomo bat izatea Nafarroan horiek kudeatzeko, hemengo sismikotasuna uste baino arriskutsuagoa delako», esan du adituak, «baina Madrilen ez dute entzun nahi».

MIARRITZEKO METEOROLOGIA ESTAZIOA



Pirinio Atlantikoko eskualde osoko eguraldia aurreikusten dute Miarritzeko (Lapurdi) meteorologia estazioan. «Egunean hirutan, aurreikuspen bat argitaratzen dugu», esan du Philippe Valat meteorologoak. Datuak automatikoki bidaltzen dituzten bi estazio dituzte Lapurdin bertan: bat Zokoako gotorlekuan, eta beste bat aireportuan. Izan ere, Miarritzeko estazioan, eguraldiarena ez ezik, hegazkinentzako aurreikuspena ere egiten dute, Valatek azaldu duenez. Aireportuan, hodeien altuera neurtzeko telemetroak dituzte, eta 2.000 metrotik gora, pilotuek horizontalean ikusmena noraino izango duten neurtzen dituzten gailuak. «Miarritzen, Donibane Lohizunen eta Baionan ondo ezagutzen ditugu Bizkaiko golkoan sortzen diren depresio bortitzak, Donostian eta Bilbon bezala». Joan zen astean ikusi zen azkena: «Txingorrak zuritu zuen Angeluko hondartza, eta ikusi genuen hodeiteriarik aktiboena Donostiara zihoala».

KAPILDUIKO RADARRA



Sauronen begia ematen badu ere, Kapilduiko radarra ongiaren alde dabil lanean. 2005ean jarri zuen Eusko Jaurlaritzak Kapildui mendian (Bernedo, Araba), eta Euskalmetek kudeatzen du. Mendiak 1.177 metro ditu, eta radarrak, beste 60 metro ia. Tontorrean duen borobilari radomo esaten diote, eta radarra babesteko egitura bat besterik ez da. Gailua gauza da 400 kilometroko bueltan euria, txingorra edo elurra non ari den antzemateko. «Ezinbestekoa izan da erauntsi handi guztietan, funtsezko informazioa eman digulako gertatzen ari zenaz eta hurrengo egunetarako joeraz», esan du Pedro Anituak, Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak. Halako gailu bat 1983. urtean izanez gero, uholdeen kalteak gutxituko ote ziren? Zuzendariak azaldu duenez, orduan ez zegoen tresnarik jakiteko non ari zuen euria, edo zenbat, edo ibaiak nola zeuden. «Orduan halako informazioa izan bagenu, administrazioek eta herritarrek aurretik oharra jasoko zuten, eta askoz jende gutxiago hilko zen, edo inor ez», esan du Anituak. «Baina kalte ekonomikoak antzekoak izango ziren, oro har, hondamendi saihetsezina izan zelako».

PUNTA GALEAKO PROFILAGAILUA



Punta Galeako (Getxo, Bizakia) haize profilagailuak radar uhinak erabiltzen ditu, haizearen abiada eta norabidea antzemateko hainbat altueratan. Doppler efektua erabiltzen du haizea norantz doan jakiteko. «Altueran gertatzen dena hobeto ezagutzeko jarri genuen», esan du Anituak. «Urteotan emaniko datuei esker, ulertu eta azaldu ahal izan ditugu hainbat fenomeno: galernak eta erauntsiak, brisak nola sartzen diren eta kutsagarriak nola pilatzen eta sakabanatzen diren».

Radarra atmosferako kontuak aztertzeko dago diseinatuta, baina, istripuz, ustekabeko ahalmen bat topatu diote. «Goitik pasatzen den guztia antzematen du: hodeiak bezala, txoriak», esan du Urdaibaiko Bird Centerreko Edorta Unamunok. Meteorologoentzat hori datuen kutsadura da, baina ornitologoentzat informazio baliotsua da, hegaztien migrazioa aztertzeko. «Aranzadin tesi bat aurkeztu berri dute, datu horiek erabilita». Zentzumenak dituenak nahi gabe ere ikasten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.