«Eskola bat da, artista hasiberriek lehen pausoak emateko gune segurua». Hala deskribatu du Iker Fidalgo Haria arte ekoizpen kolektiboko kideak Inmersiones Euskal Herriko artista berrien biltzarrean bizitako esperientzia. Duela hamar urte parte hartu zuen lehen aldiz, artista moduan, eta, aurten, biltzarraren XV. aldian, antolatzaile aritu da. «Proposamena egin zidatenetik, banekien Inmersiones-en parte hartuko nuela».
Askotariko diziplinak bateratzea eta artista berriak ezagutaraztea dira biltzarraren helburu nagusiak. Aurten, «testua, gorputza eta ahotsa» izango dituzte artistek gogoetarako abiapuntu, bakoitzak ematen dizkien narrazio ahalmenak landuta. Topaketa Gasteizko ZAS kultur espazioan izango da, etzi, larunbatean; gaur eta bihar, berriz, irekiera egunak izango dira. Maria Bastoros arte historialari eta idazlearen hitzaldiak emango dio hasiera biltzarrari, bihar, Tracey Emin arroka batekin ezkondu zen izenburuko saioarekin. Antolatzaileek nabarmendu dute publiko zabalarentzat prestatu dutela egitaraua, ez soilik artistentzat. Streaming bidez ere emango dituzte hitzaldi eta ekintza guztiak.
Artistak eta txokolatea
Aldi honen bereizgarri modura, «hibridazioari» helduko diote aurten. Parte hartzaileak ez dira soilik artista berriak izango; askotariko arloetan jada ezagunak diren egileak ere gonbidatu dituzte, lehen aldiz. Guztira, hogei lagunetik gora ageri dira egitarauan, eta horien artean daude Alexia Sayago, Miriam Inza, Ane Berganza, Gari Aranbarri eta Izaro Ieregi, besteak beste. «Ponentzia guztiak ez dira ohikoak izango», zehaztu du Fidalgok. «Hitzaren bitartez osatutako saioez gain, performatiboak ere izango ditugu».
Horietako bat Maria Salgado artista madrildarraren erakustaldia izango da. Gertrude Stein eta Helmut Heissenbuettel poeten testuetan oinarrituko du bere proposamena; hala iradokitzen du izenburuak ere: Steinera lerratua. Fidalgok berak poza adierazi du artista horren kolaborazioagatik. «Aukera paregabea da Salgadoren arteaz gozatu ahal izatea».
Kulturgunetik kanpo, eta artea kalera plazaratzeko asmoz, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte. Bilboko Urretabizkaia Txarangak, esaterako, haize instrumentuz eta mozorro dotorez jantziko du ekitaldia larunbatean, arratsaldeko seietan. Ez da eguneko azken ekintza izango, ordea. Herri txokolatadak emango dioamaiera egunari, 18:45ean.
Arte ikasleen erakusleiho
ZAS gunearen erakusleihoa ere izango da arte biltzarraren adarretako bat egun horietan. Ivan Gomez artistak zuzendu duen Educaciones proiektuaren lehen emaitza jarri dute han, Lehendabiziko karta obra, Inmersiones elkarteko zuzendariak azaldu duenez. «Bost urteko proiektua izan da, eta obra propioak sortzera bultzatu nahi izan ditu ikasleak».
Gomezen artelana bitan banatuta dago. «Zentro guztietako ikasleak osatuz joan diren eskultura eta ikasleekin egin dugun lana islatzen duen bideoa», zehaztu du Gomezek berak. Ikasleek askotariko arlo artistikoak landu ahal izan dituzte harekin, eta, guztira, 194 eskolak parte hartu dute proiektuan. Teknikaren ikuspuntutik ez ezik, adierazgarritasunetik sortzera bultzatu ditu Gomezek. «Nire helburua ez zen teknika erakustea. Materialtasuna eta sinbolismoa erabiltzen erakutsi nahi nien».
Gorputza, ahotsa eta testua, artista hasiberrien obretako lokarri
Hogei artista inguru ariko dira 'Inmersiones' biltzarrean, asteburuan, Gasteizen. Maria Bastarosek irekiko du, eta Maria Salgadok itxi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu