Arratsalde beltza izan zuten atzokoa Jon Ander Peñak eta Jon Mariezkurrenak Binakako Txapelketan. Orain arteko bi partidak irabaziak zituztela iritsi ziren Bergarara (Gipuzkoa), eta faborito ziren, argi eta garbi. Kantxan, ordea, ez zuten asmatu; hamasei pilota galdu zituzten bien artean. Hasieratik hartu zuten errenta Unai Lasok eta Ander Imazek, eta 47 minutuan 22-14 gailendu ziren. Bi bikoteak berdinduta daude orain sailkapenean, bina garaipenekin.
Lehenengo postua sendotzeko helburuarekin irten ziren kantxara Peña II.a-Mariezkurrena II.a , baina hasiera-hasieratik ikusi zen ez zela haien eguna. Laso-Imazek ez zioten utzi Mariezkurrenari nagusitzen, eta asko mugiarazi zuten. Oso atzetik jokatzera behartu zuten, eta oso deseroso aritu zen.
Laso-Imazek 6-0 hasi zuten partida, baina aurkariek susperraldi txiki bat izan zuten. Sakea berreskuratuta, Mariezkurrena II.ak kantxan hobeto kokatzeko aukera izan zuen, eta, ohikoa duen joarekin, min egitea lortu zuen. Izan ere, Imazek ere ez zuen egunik onena izan. Bost pilota galdu zituen. 8-5 hurbildu ziren Peña IIa-Mariezkurrena II.a, baina eroso egon gabe jarraitu zuten.
Oso frontoi azkarra da Bergarakoa, eta defentsako lanean asko sufritu zuten lau pilotariek. Hala ere, Laso izan zen erasoan asmatu zuen bakarra. Hark jarri zion kolorea norgehiagokari. Sei tanto egin zituen Bizkarreta Gerendiaingo aurrelariak.
Peña II.ak pare bat aldiz asmatu zuen boleaz, eta 8-5etik 12-11ra igaro zen partida. Bazirudien Peña II.a-Mariezkurrena II.ak aurrea hartzea lortuko zutela eta, hasieran nekez aritu baziren ere, neurketa irauliko zutela. Baina azkar batean lau tanto egin zituzten jarraian Laso-Imazek, eta partida erabakita utzi zuten.
Gaur, Larraintzarren (Nafarroa), Elordi-Zabaletak Peio Etxeberria-Rezustaren aurka neurtuko dituzte indarrak (22:15, ETB1). Jokin Altunak, berriz, atzo jakinarazi zuen osatu zaiola eskua, eta bihar jokatu egingo duela. Tolosarekin batera, Ezkurdia-Martijaren aurka arituko da.
Lasok asmatu, besteek sufritu
Laso eta Imaz 22-14 gailendu dira Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren aurka, Bergaran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu