Eva Ferreira soilik aurkeztu da EHUko errektore izateko

Azken urteetako errektoreen ildokoa da Ferreira. Azaroaren 26an egingo dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko hauteskundeak

Eva Ferreira hautagaitza aurkezten, Bilbon, urriaren 16an. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Atzo itxi zen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izateko hautagaitzak aurkezteko epea, eta, BERRIAk jakin duenez, Eva Ferreira (Barakaldo, Bizkaia, 1963) izango da errektoregai bakarra. Azaroaren 26an izango dira hauteskundeak, eta datorren astelehenean hasiko da kanpaina.

Ferreira azken urteetako errektoreen ildokoa da, eta lantalde horietan ere aritu izan da: 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Ferreira, eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia. Azken urteetan, Unibasq erakundeko zuzendaria izan da, EAEko unibertsitateetako kalitate agentziako zuzendaria, baina joan den urrian utzi zuen postua.

Okerrik ezean, abenduaren 4an izendatuko dute Ferreira EHUko errektore. Ekonomia Aplikatuko katedraduna da EHUn, eta, besteak beste, ikergai ditu genero arrakala eta emakumeen kristalezko sabaia. Ingelesez eta gaztelaniaz garatu du ikerketa ibilbidea, eta azken urteetan ikasi du euskara. EHUren idazkari nagusia, berriz, Aitor Zurimendi izango da. Ferreirak nabarmendu zuenez, EHU «plurala» da, eta horrelakoa izango da bere lantaldea ere: Arabako Campuseko errektoreorde izateko hautagaia Manoli Igartua da; Bizkaiko Campuseko errektoreorde izateko hautagaia, Gorka Moreno ; eta Gipuzkoako campuseko errektoreorde kargua Agustin Erkiziak hartuko du.

Beste hautagairik gabe

Ez da izango EHUko hauteskundeetan hautagai bakarra dagoen lehen aldia, hori izan baita azken bi hauteskundeetako egoera ere. Ezker abertzalearen inguruko sektoreak ez du hautagairik aurkeztu 2004az geroztik. CCOOren bueltako sektorekoak, azken aldiz, 2008ko hauteskundeetara aurkeztu ziren. Ferreirak aski du baliozko botoen herenak lortuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.