Langabezia tasa %8ra apalduko da 2020. urterako, BBVAren ustez

'Zertan den Euskadi' txostenean diote BPGa %2,2ko haziko dela aurten, eta %2 hurrengo urtean

Rafael Domenech eta Carlos Gorria BBVAko kargudunak Zertan den Euskadi txostena aurkezten. BBVA.
Irune Lasa.
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Iazko urtean eta urte honen hasieran geldotu egin da jarduera ekonomikoaren hazkundea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Esportazioak 2017an baino gutxiago hazi dira, zerbitzu turistikoak ere motelago ibili dira, eta, aldi berean, gastu eta inbertsio publikoak aurreko joerari eutsi eta ez dira hazi. Horiek horrela, BBVA Research-en Zertan den Euskadi txostenaren arabera, 2018. urtea %2,2ko hazkundearen itxi dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak.

Barne produktu gordina 2019an %2,2 eta 2020an beste %2 hazita, ikerketaren egileek uste dute erkidegoko jarduerak hazkunde erritmo dinamiko horri eutsiko diola. Txostenean diote bilakaera horretan enplegua ere handitu egingo dela, bi urtean 27.000 enplegu sortuko baitira. BBVAk iragarri du erkidegoko langabezia tasa %8,1era apalduko dela 2020. urte bukaeran.

Hazkunde horretan lagungarri izango dira, batez ere, diru politika (interes tasa txikiak), petrolioaren salneurri txikia eta doikuntza fiskalerako behar txikiagoa—eta horrek administrazioentzat dakarren maniobrarako tarte handiagoa—.

Dena den, eta batez ere enpleguari begira, hobekuntzari gehien igarriko dioten eskualdeak hiriguneak izango dira—gehienbat Donostia eta Gasteiz inguruak—. Beste zenbait eskualdek, aldiz, jaitsiera nozitu dute Gizarte Segurantzako afiliazioetan, hala nola Aiaraldeak, Arabako Errioxak eta Markina-Ondarroak—.

Arriskuak

%2 inguruko hazkunde erritmoa moteldu dezaketen arriskuak, hala ere, hor daude, eta ez dira makalak. Ziurgabetasuna gero eta handiagoa da munduko ekonomian. Esaterako, hor dago brexit-aren inguruko argitasun falta. Hala ere, BBVAren ustez, arrisku handiena AEBen eta Txinaren artean piztutako merkataritza gerratik datorkio euskal ekonomiari; batez ere, gatazka hori automobilgintzara eta ekipo ondasunen sektoreetara hedatzen bada.

Barne merkatuari dagokionez,txostenak zalantzak agertu ditu jada hartu diren zenbait neurriren inguruan. Adibidez, ikertzaileek uste duten gutxieneko soldataren igoerak ondorio negatiboak izan ditzakeela hazkundean eta enpleguan, horrekin batera ez badator beste neurririk produktibitatea hobetzeko.

Beharrezkotzat jotzen ditu ekonomiaren kalteberatasuna murrizteko neurriak ere; adibidez, demografiaren ondorioz lanpostu batzuk ezin bete ditzakeen ekonomiak, aldi berean behin-behinekotasun maila esanguratsua izateak eragin ditzakeen desoreka eta inklusio falta eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.