Ez dute maskara jantzi eta distantzia gorde beharko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako Haur Hezkuntzako ikasleek eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailakoek, betiere irakasleekin batera «bizikidetza talde egonkorren» partaide direnean. Hori jasotzen du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egin duen protokoloak. Orain, ikastetxeek kontingentzia planak diseinatu beharko dituzte, Hezkuntza Sailaren jarraibideak oinarri hartuta.
Eusko Jaurlaritzak hiru egoera aurreikusi ditu: ikasturtea presentzialki hastea, hezkuntza telematikoa eta aurrez aurrekoa txandakatzea, eta hezkuntza ez-presentziala lehenestea.
Lehen egoeran, HHko eta LHko eskolak goizez eta arratsaldez emango dituzte. Ikastetxeek aukera izango dute astean arratsalde batean eskolak ez emateko, baina horrek ezingo du eragin ikastorduak murriztea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikastetxeek aukera izango dute eskolak goizez soilik eskaintzeko. Batxilergoan, berriz, eskolak Internet bidez ere eman ahal izango dituzte: lehen mailan, gehienez lau orduz, eta bigarrengoan, hiru orduz. Bigarren egoeran, HHko eta LHko ikasleak ikastetxera joatea lehenetsiko dute. Jangela, berriz, zabalik egongo da; lehen egoeran eta bigarrenean, ikasle «zaurgarrienentzat» izango da.
Maskarei dagokienez, HHko ikasleek ez dituzte jantziko. Gainera, ikasleek eta irakasleek osatuko dituzten «bizikidetza talde egonkorretan» ere ez dituzte erabiliko. Gainontzean, metro eta erdiko distantzia gorde ezin denean jantzi beharko dituzte. Irakasleentzat boluntarioa izango da maskara janztea «bizikidetza talde egonkorretan», baina tartea gorde ezin duten gainerako egoeretan derrigorrezkoa izango da.
Murrizketak irailean
«Hezkuntza Sailak ez die jaramonik egin eskola komunitateen eskaerei». Hori salatu dute ikastetxe publikoetako zuzendarien eta familien elkarte Heizek eta EHIGEk. Azaldu dutenez, astean zehar jasotzen ari dira eskaera horien erantzunak, eta «kezkaz» ikusten dute ez dagoela ikastetxeetarako baliabide gehiagorik. «Hori gutxi balitz, murrizketa nabariak ezarri nahi ditu Hezkuntza Sailak».
Aipatutako elkarteek diotenez, jantokiko arduradunen lanaldia erdira murriztu nahi dute; murrizketak egingo dituzte egoera sozioekonomiko apaleko ikastetxeentzako baliabideetan; eta ez da egongo baliabiderik geletako ratioak jaisteko eta IKT arduradunak eta aholkulariak indartzeko. «Asmo hori bertan behera uzteko eskatu diogu Hezkuntza Sailari», ziurtatu dute. Horrez gain, kanpaina bat abiatuko dute Ordezkaritza Organo Goren guztiekin, Hezkuntza Sailari eskatzeko kontuan har ditzala ikastetxeen eskaerak.
Konfinamenduak sortutako beharrei erantzuteko, uste dute baliabide gehiago beharko direla datorren ikasturtean. «Hala eskatu diogu Hezkuntza Sailari azken hilabeteetan». Haien hitzetan, baliabide horiek «ezinbestekoak» dira Hezkuntza Sailak identifikatu dituen gaiei —digitalizazioari, euskarari eta arreta emozionalari— erantzuna emateko eta datozen egoeretara egokitzeko.
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratze bat egingo dute gaur, 17:30ean, Hezkuntza Sailak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean. Han, datorren ikasturte hasiera negoziatzeko eta hezkuntza indartzeko eskatuko dute. Horrez gain, LABek jakinarazi du 11:00etan elkartuko direla eskola jantokietako langileak eta eskola garraiokoak, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gure lanpostuak jokoan daude lelopean.
Asteartean, sindikatu horiek ohar bat argitaratu zuten irailerako murrizketak salatzeko.
Maskararik eta distantziarik ez HHn eta LHko lehen bi mailetan
Jaurlaritzak hurrengo ikasturteko protokolo orokorra helarazi du. Batxilergoan aukera egongo da eskolak Internetez ere emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu