Ez daude bere onenean Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko harremanak. Bi herrialdeen arteko tentsioa nabaria izan da azken hilabeteetan, eta horren erakusle dira Taiwanen inguruko ika-mikak, Ukrainako gerran Txinak duen zeresanari buruzkoak, espioitza baloi hegalariak...
Ikuspegi ekonomikotik ere, samurtasun gutxi. Oraindik indarrean daude bere garaian Donald Trumpen administrazioak ezarritako muga zergak. Horri gehitu zaie iazko urte bukaeran AEBek mikrotxipen inguruan hartutako jarrera: Estatu Batuek oztopatu egin nahi dituzte txip aurreratuenen Txinarako esportazioak, argudiatuta osagai militarretarako eta adimen artifizialerako erabil daitezkeela. Aste honetan bertan etorri da erantzuna, Txinak esportazio kontrola ezarri baitie hain zuzen txipak egiteko erabiltzen diren bi lehengairi: galioari eta germanioari.
Jokaleku horretan iritsi zen atzo Janet Yellen AEBetako Altxorreko idazkaria Pekinera, eta igandera arte luzatuko da bisita. Yellenen asmoa da txinatarrei azaltzea mikrotxipen Txinarako esportazioen debekua «segurtasun nazionaleko» kontua dela; helburua ez dela Txinako ekonomiari kalte egitea, ezta ikuspegi ekonomikotik AEBek abantaila hartzea ere, baizik eta hornikuntza iturriak dibertsifikatzea».
Baina, itxura guztien arabera, bisitaren xede nagusia bi herrialdeen arteko komunikazio kanalei zabalik eustea da, eta nolabait tentsioaren goraldia etetea. Horregatik dago pragmatismo ekonomikoa mahai gainean: ikuspegi ekonomikotik horren lotuta dauden herrialdeei ez zaie komeni tentsioak urrunegira eramatea, bientzako izan baitaiteke kaltegarri. Yellenek asteak daramatza hori adierazten.
Ildo horretan, bidaia honen aurretik, orain dela hiru aste, Anthony Blinken AEBetako Estatu idazkariak egin zuen bisita Txinara, eta Xi Jinpingekin bildu zen. Yellen gaur elkartzekoa da Li Qiang lehen ministroarekin.
Yellenek bisita zaila du Txinan
AEBetako Altxorreko idazkaria bi herrialdeen arteko tentsioak baretzeko asmoz iritsi da Pekinera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu