Zio politikodun bortxaren aurka batu dira EAJ, PSE-EE eta EP-IU

Murtzian egindako eraso bat gaitzetsi dute hiru alderdiek. EH Bilduk EAJri egotzi dio testua koalizioaren aurkako «jaurtigai» gisa erabiltzea

Eneko Andueza, Miren Gorrotxategi eta Joseba Diez, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adierazpen bat adostu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean, joan den apirilaren 2an Cartagenan (Murtzia, Espainia) Podemoseko egoitzari egindako erasoa gaitzesteko. Hiru alderdiek «pertsonen, erakunde politikoen egoitzen eta hainbat elkarteren» aurkako erasoak salatu dituzte testuan, eta adierazi dute «arbuiatu» egiten dituztela «askatasunaren eta aniztasunaren aurkako eraso justifikaezina» diren jokaera horiek. Harago ere jo dute alderdiek, ordea, adierazi baitute «indarkeria, mehatxuak edo estortsioa inolako proiekturen defentsarako tresna gisa erabiltzearen aurka» daudela: «Indarkeria ekintza politikorako tresna gisa erabiltzeak ez du lekurik eta ez du lekurik izan behar XXI. mendeko Europan, eta bide baketsuen eta demokratikoen erabilera esklusiboa ezinbesteko agindu etiko eta soziala da». Adierazpenaren arabera, halaber, «askatasuna, tolerantzia, berdintasuna eta aniztasun politikoa» defendatzeko «konpromisoa» berresten dute EAJk, PSE-EEk eta EP-IUk, «alderdi politiko jakin batzuek sistema demokratikoaren funtsezko balioak etengabe zalantzan jartzearen aurrean».

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren ustez, EAJk haren aurkako «jaurtigai» gisa erabili nahi izan du testua. Bertze ohar baten bidez jakinarazi duenez, izan ere, koalizio subiranistak ez du idatziarekin bat egin EP-IUk bidalitako «jatorrizko» adierazpenetik «desitxuraturik» gelditu delako. EH Bilduk adierazi du berak ere «argi gaitzesten» dituela «beti pertsona, elkarte eta erakunde politikoen egoitzen aurkako erasoak», baita Cartagenakoa ere, baina ohartarazi du «zalantzagarria» iruditzen zaiola «duela ia bi aste» gertaturiko eraso horretaz Eusko Legebiltzarrak irakurketa politiko bat egin behar izatea. EH Bildu «prest» zegoen «ariketa» hori egiteko, «faxismoari beti eta leku guztietan aurre egin behar zaiolako». Ordea, EH Bilduk uste du EP-IUk hasieran proposaturiko testuak «helburu argia» zeukala, hots, «eskuin muturraren indarkeria goraldia eta faxismoa zuritzeko saiakerak salatzea»; eta, haren ustez, ez da horrela gertatu azken adierazpenean, «EAJ eta PSEren esku sartzeak eskuin muturraren erantzukizuna difuminatzea ekarri duelako, adierazpenaren fokua zehaztu nahi izan ez dituzten bestelako erantzukizunetan ipinita». Horregatik ez du sinatu.

EAJ: EH Bildu, eskuinarekin

EAJk EH Bilduri egotzi dio PPrekin eta Voxekin «geratu» eta «indarkeriaren erabilera errefusatzeari eta alderdi politikoen egoitzen aurkako erasoak gaitzesteari uko» egin izana: «Otegiri konparazioak gustatzen ez bazaizkio ere, bere ekintzak eta jarrerak bat datoz eskuin muturrekoekin». Jeltzaleen ustez, «ezker abertzaleak esan zezakeen indarkeria iraganaren parte dela, baina ez du egin». EAJk uste du EH Bilduk «berriro urratu» duela «zoru etikoa»: «Haien kontakizuna selektiboa da, beste alderdi batzuena bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.