El Duesora mugituko dituzte Irati haurraren guraso presoak

Etxeberria eta Zapirainez gain, bertze hiru preso hurbilduko dituzte, eta bat Euskal Herriratu. Oihan Barandalla aske utzi dute

Oihan Barandalla, atzo, senide eta lagunekin, aske gelditu berritan. ETXERAT.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Espetxe Erakundeen ortziraleroko mugimendu iragarpenen artean Beatriz Etxeberria eta Iñigo Zapirain euskal presoenak eman zituzten atzo: Irati haur motxiladunaren gurasoak dira bi euskal presoak, eta alabarengandik urrunduta daude joan den martxoaren 8tik, Iratik 3 urte bete baitzituen egun horretan. Iragarpenaren arabera, El Duesora eramanen dituzte (Kantabria, Espainia, 170 kilometro), eta, beraz, umeak pixka bat hurbilago izanen ditu aurrerantzean gurasoak. Irati Gurasoekin Etxera plataformak, nolanahi ere, galdegiten du Euskal Herrira ekar ditzatela eta modulu misto bat sor dezatela.

Etxeberriarena eta Zapirainena ez ziren izan atzo Espetxe Erakundeek egindako iragarpen bakarrak: bi horiez gain, bertze hiru euskal preso hurbilduko dituzte, eta bat Euskal Herriratu. Jurdan Martitegi da Euskal Herriratuko dutena: Soto del Realen dago gaur egun (Madril, 430 kilometro), eta Martutenera ekarriko dute (Donostia). Hurbilduko dituztenak Asier Badiola, Jon Troitiño eta Harriet Iragi dira: Badiola Valentziatik (Herrialde Katalanak, 600 kilometro) El Duesora mugituko dute; Jon Troitiño Murtzia IItik (Espainia, 820 kilometro) Logroñora (Espainia, 170 kilometro); eta Iragi ere Logroñora, Castello IItik (Herrialde Katalanak, 480 kilometro). Bertzalde, Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, joan den astean iragarritako Asier Karreraren Euskal Herriratzea ez da Zaballara izanen (Araba), Martutenera baizik.

Oihan Barandalla, aske

Atzo goizean, halaber, Lannemezango espetxetik (Okzitania) atera zen Oihan Barandalla Goñi Etxarri-Aranazko presoa (Nafarroa) —Baionan bizi izana zen—.

2007an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Cahorsen (Okzitania), Luis Iruretagoiena, Alaitz Aramendi eta Ander Mujikarekin batera, eta hemezortzi urteko zigorra ezarri zion Parisko Auzitegiak, ETAko kide izatea leporatuta. Hamahiru urte egin ditu kartzelan, azkenean. Aske utzi ondotik, Frantziako Estatutik kanporatu dute, Kazeta.eus-ek atzo jakinarazi zuenez.

Barandalla askatuta, guztira 220 dira Espainiako eta Frantziako kartzeletan dauden euskal presoak. Aste honetan lehendik iragarritako bi hurbilketa gauzatu ditu Espainiako Estatuak, Maite Pedrosa eta Eider Perez Zuerako espetxera mugituta (Espainia, 245 kilometro), eta, beraz, guztira 110 preso dira 2018ko irailetik Espainiak mugitutakoak: gaur egun dauden presoen erdiak. Oraindik 52 euskal preso daude mugimendu iragarpenak gauzatu zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.