Etxerat: «Ezin dugu itxaron beste 30 urte»

Senideek salatu dute aurten 32 euskal presori oztopoak jarri dizkietela erredentzioak, irteera baimenak eta hirugarren graduak eskuratzeko

Euskal presoen senideek atzo Bilboko Areatzan egindako agerraldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Urruntzearen mapa bukatzen hasi da, baita lehen graduko erregimena ere, baina Etxerat euskal presoen senideen elkarteak uste du ez dela aski euskal presoen egoera duindu dadin, eta ez dago zain egoteko prest: «Ezin dugu itxaron beste hiru hamarkada, gizarteratzeko oztopoak eta galarazpenak egunero gaindituz; ezin dugu jarraitu sufrikarioaren luzapenaren biktima izaten, eta ezin da kondenatu euskal gizartea bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera». Euskal presoei legez eman beharko litzaizkiekeen erredentzioei, irteera baimenei eta hirugarren graduei buruz egin zituen adierazpenok atzo Etxerat-ek. Izan ere, Bilboko Areatzan egindako agerraldian salatu zuen aurten 32 euskal presori oztopoak jarri dizkietela horiek eskuratu ahal izateko: 21 presoren kasuan, fiskaltzak helegiteak jarri dizkie tratamendu batzordeek hirugarren gradurako edo baimenetarako egindako proposamenei; bertze bederatzi presori erredentzioak eta baimenak ukatu dizkiete, eta bi euskal presok oraindik ez dute jaso auzitegien erantzunik.

Etxerat-ek uste du, hala, «Espainiako Estatuak» ez duela «borondate politikorik portaera mota bat desaktibatzeari ekiteko»; hots, urruntzeari amaiera emateko ez ezik, presoek «egin behar duten bidea eragozten duten gainerako ad hoc neurriei amaiera emateko».

30 urtean baimenik gabe

Etxerat-ek atzo Bilbon egindako agerraldian euskal presoen 32 senide agertu ziren jendaurrera, eta Nekane Basaurik eta Txusa Etxandiak hartu zuten hitza, guzien izenean. 75 urte dituen Joseba Arregi Erostarbe presoaren bikotekidea da Basauri, eta azaldu zuen Arregik 30 urte daramatzala espetxean. 2021eko urtarrilean, baimen arrunt bat tramitatzen hasi zen Arregi Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean, baina fiskalak haren kontrako txostena egina du: «Josebak ez du izan baimen bakar bat ere. 30 urtetan ez da egon segundo bakar batean ere kalean». Irmo mintzatu zen Basauri: «Uste dut badela garaia lege arrunta aplikatzeko, justiziaren aldetik tratu humanitarioa jasotzeko».

Ildo beretik jo zuen Txusa Etxandiak ere, Egoitz Coto presoaren amak. Hogei urte daramatza semeak kartzelan, 2017an bete zituen zigorraren hiru laurden, eta, Duesoko tratamendu batzordeak irteera baimena ematearen aldeko bi proposamen egin badizkio ere, fiskalak ez du deus adierazi oraindik haren kasuari buruz. Aldeko erantzun bat eskatu du Etxandiak: «Tokiz kanpo daude espetxeetako salbuespen egoerari amaiera emateko jartzen diren oztopo eta atzerapenak. Bada garaia baimenak jasotzeko eta etxean egoteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.