Tirabirak EEPn, euskarazko irakaskuntzari jarri trabagatik

Kurutxarrik ohartarazi du Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzunik ez badute urriaren 15eko biltzar nagusia «beroa» izanen dela

Hautetsiak protestan, Hiriburuko eskola publikoaren aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Mobilizazioa eginen dute euskalgintzako eragileek larunbatean, Baionan, euskarazko irakaskuntzak murgiltzea behar duela aldarrikatzeko. Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa egitea ukatu zuen uztailean Bordeleko errektoretzak, eta ordutik afera ez da konpondu. Baliteke urriaren 15eko EEP Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusia gatazkatsua izatea, baina Baionako suprefetak aditzera eman du ordurako egoera alda daitekeela.

Astelehenean izan zen EEPren bulegoko bilkura. Oraindik erakunde publikoko lehendakari izendatu ez badute ere, Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak gidatu zuen —urriaren 15ean izendatu behar lukete—. Euskarazko irakaskuntzaren gaia mahai gainean ezarri zuten, eta azken asteetako blokeatzearen aitzinean aurkitu ziren: «Herve Jonathan Baionako suprefetak eta François Xavier Pestel Akademia ikuskariak ez dute deus berririk proposatzen», azaldu dio Kurutxarrik BERRIAri. Hezkuntza Ministerioari bilkura eskatu zioten EEPn ordezkaritza duten erakundeetako hautetsiek, baina gaur-gaurkoz ez dute erantzunik izan. «Suprefetak erran digu beharbada proposamen bat izanen zela», adierazi du. Oraingoz ez dute deus zehatzik. «Guretzat, urriaren 15a da epea. Astebururako erantzunik ez badugu, biltzar nagusi beroa izanen da». Suprefetari zuzenki galdetu zion BERRIAk asteartean. Honen arabera, «oraingoz, ez da deus berririk».

Kurutxarrik azpimarratu du gaur egun murgiltze eredua dela irakaskuntzaren bidez gazteak euskalduntzeko eredurik onena. «Horixe jartzen dute zalantzan, eta haien aldetik ez dugu hori esplikatzen duen erantzunik. Juridikoki ez du zutik egoteko kolorerik! Badakigu erabakia ez dela ez juridikoa, ez pedagogikoa... ideologikoa da. Hori entzun nahi dugu Ministeriotik».

2022 arteko hitzarmena

Kurutxarrik nabarmendu duEEPren biltzar nagusiak 2022 arte euskarazko irakaskuntza garatzeko «programa» adostua duela; akademia ikuskariak eta suprefetak ere izenpetu zuten hitzarmena. «Ez bada Hezkuntza Ministerioaren erantzunik, bulegoan aipatu dugu badela programa bat zehazturik, eta hirurek [Euskal Elkargoak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Akitania Berria Eskualdeak] atxiki nahi dugu. Hori landu dugu zerbitzuekin. Lan programa horretan, murgiltze galderei erantzutea sartu dugu», esplikatu du. Herri batzuek badituzte eskaerak eginik, murgiltze ereduaren esperimentazioak martxan ezartzeko; bizpahiru daudela aipatu du Kurutxarrik, horien artean dago Larraine (Zuberoa).

Kurutxarrik ohartarazi duEEPren biltzar nagusiko gai ordenan ezarri dutela gaia. Baina akademia ikuskariak eta suprefetak gai ordenatik kendu nahi lukete, haren arabera. Urriaren 15eko bilkuran izanen duen jarreraz galdetuta, honela erantzun du Herve Jonathan Baionako suprefetak: «Estatuaren posizioa ezaguna da, eta, gaur-gaurkoz, nik hori defendatuko dut urriaren 15eko biltzar nagusian. Baina hemendik urriaren 15era gauzak alda daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.