«Hezkuntza komunitatearen eguneroko bizitzan lan integrala eta integratua planteatu behar da, estamentu guztien lankidetzarekin». 2013an hezkidetzako lehen planarekin abiatutako bidea sendotu nahi du Eusko Jaurlaritzak bigarren planarekin. Ikastetxeetan berdintasunarekin lotutako egiturak sortzea eta oinarrizko trebakuntza ematea jarri zuen helburu nagusi lehen plan hark, eta, ebaluazioaren arabera, zentroen %87k izendatu dute hezkidetza arduradun bat, eta irakasleen %60k jaso dute hamar orduko formakuntza modulua. Ildo horretan jarraitzeaz gain, ikastetxeen kulturan eragin nahi du orain gobernuak: genero ikuspegia eguneroko jardunean txertatu, bai zeharka, curriculumetan edota dokumentazioan, bai berariaz, hezkidetza proiektuen bidez.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean izan zenatzo, bigarren planaren xehetasunen berri ematen. «Sexismoaren molde guztiak gainditzea» jarri zuen helburu. Eta lehentasunen artean, indarkeria matxista prebenitzeko eta garaiz antzemateko tresnak abian jartzea. Nahiz eta zentro askok xede hori jaso duten euren prestakuntza proiektuetan, bigarren planak berak nabarmendu du «oraindik asko» dagoela egiteko; besteak beste, biktimak «laguntzea» aipatu du.
Bortizkeriari kontra egiteko zein berdintasunean aurrerapausoak emateko, ezinbestekotzat jo dute «prestakuntza ibilbideak eskaintzea». Langileei orain arte emandako trebakuntza familietara ere hedatu nahi dute, hezkuntza komunitate osoak formakuntza izango duela bermatzeko. Ikastetxeetan sortu diren ardurak eta egiturak koordinatzeko premia ere nabarmendu dute.
Inklusio plana, martxan
Eskola inklusiboa garatzeko lehen plana ere mintzagai izan du Uriartek parlamentuan. Batetik, «bizikidetza positiboa» du xede planak, eta, bestetik, ikasleen egoera sozialak, ekonomikoak edo erlijiosoak eragin ditzaketen oztopoak gainditzea; ikasteko zailtasunak garaiz antzematea azpimarratu dute. Finean, sailburuaren arabera, bi planen helburua da «ikasleak bizitzarako heztea».
Eskolen kulturan berdintasuna txertatu nahi du Jaurlaritzak
Uriartek hezkidetzako bigarren plana aurkeztu du legebiltzarrean. Irakasleei ez ezik, ikasleen familiei ere trebakuntza emango diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu