Atzera ere, administrazioko hizkuntza eskakizunetan esku hartu dute auzitegiek. Navarra Sumak atzo jakinarazi zuenez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi du Antsoaingo Udalean euskarak ez dezala punturik eman hura eskakizun ez den lanpostuetan. Beraz, euskara ezingo da meritu gisa aintzat hartu lanpostu jakin horietan, baldin eta ez bada aurrez eskatzen euskaraz jakitea.
Antsoaingo Udalak aurtengo urtarrilaren 26ko udalbatzarrean erabaki zuen euskara meritu izatea postu horietan ere, baina Navarra Sumak helegitea jarri zuen. Orain, epaileak aintzat hartu du eskakizun hori, azalduta euskara meritu izan daitekeela «lanpostu jakin batzuetan, arrazoizkoa eta proportziozkoa» baldin bada eta lanpostu bakoitzaren balorazioa egiten bada, «bere ezaugarriak, funtzioak eta errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta». Auzitegiak erantsi du eskakizunik ez duten postuetan euskara merezimendutzat hartzeak «diskriminazioa» dakarrela funtzio publikoan, eta hori ez datorrela bat «arrazionaltasun eta proportzionaltasun printzipioekin».
Gainera, lanpostu jakin batzuei ezarritako euskara eskakizuna bertan behera utzi du auzitegiak; zehazki, idazkaritzarako, zerga kudeaketarako administraziorako, zerbitzu anitzeko hiru lanpostutarako eta kirol arduradun izateko.
Modu horretan, Navarra Sumak eskatutakoa bere egin du auzitegiak. Koalizioak gehiegizkotzat jo zuen hizkuntza eskakizuna zuten postuen kopurua, argudiatuta, Nafarroako Gobernuaren arabera, Antsoaingo herritarren %79,2k ez duela ulertzen euskara. 97 lanpostu publiko ditu Antsoaingo Udalak, eta horietatik 37k zuten ezarria hizkuntza eskakizuna: %38k.
Orkoiengoaren segidan
Denbora gutxian Nafarroako Administrazio Auzitegiak ematen duen antzeko bigarren epaia da Antsoaingoa. Iragan astean, Orkoiengo Udalaren kontra egin zuen, eta erabaki zuen udal horrek eskakizuna ezarria zien bederatzi lanpostutan betebehar hori kentzea. Postu guztietan harreman zuzena izan behar da herritarrekin; besteak beste, kultur koordinatzailea, gizarte etxeko laguntzailea eta berdintasun teknikaria. Gainera, euskara merezimendutzat hartzea ere baliogabetu zuen.
Duela urtebete, berriz, debekatu egin zuen euskara merezimendutzat hartzea Lizarrako Udaleko hainbat lanpostutan. Hiru kasuetan, Navarra Sumak lanpostuei helegitea jarri ondotik eman zituen ebazpenak auzitegiak, eta hiru kasuetan, eremu mistoan dauden udalerrietako udalen kontra jo zuen.
Epaileak eragotzi egin du euskara meritu izatea Antsoainen
Antsoaingo Udalak onartutakoa baliogabetu egin du Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Zazpi posturi hizkuntza eskakizuna kendu die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu