Ospitaleratzeek eta ZIUetako egoerak ematen dute COVID-19aren bilakaerari erreparatzeko argia, eta gora eta gora ari dira. 647 pertsona daude ospitaleratuta gaitzaren ondorioz —Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 112-120 ospitaleratu zeuden atzo—. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 527 ospitaleratu zeuden COVID-19ak eraginda iragan igandean; haietako 23, ZIUetan. Ekainaren 1ean 374 ospitaleratu zeuden gaitzarekin; horrenbestez, %42 egin dute gora ospitaleratzeek hilabete pasatxoan. Azken astean hildakoak, berriz, 22 izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; aurreko astean 30 izan ziren, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera.
Ikusi gehiago:Koronabirusaren azken datuak
Goranzko horrek kezkatuta, zuhurtziarako deia egin dute Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailetako arduradunek. Batez ere maskaren erabileran egin dute azpimarra: toki itxietan eta jende asko elkartzen den guneetan maskara erabiltzeko eskatu dute; 60 urtetik gorakoei eta talde zaurgarrietan daudenei, batez ere.
Nafarroako Gobernuko Osasun Saileko zuzendari nagusiaren arabera, COVID-19a zabaltzen ari da omikronen B-4 eta B-5 aldaeren ondorioz, azkar zabaltzen baita.
Maskarak erabiltzeko deia
Nafarroako Osasun Sailak argi utzi du «birusaren zabalkundea murrizteko» positibo direnek eta sintomak dituzten horiek zer egin behar duten: «Egungo segurtasun neurriei jarraitu behar diete, eta bertze pertsonekin daudenean maskara etengabe erabili, harreman sozialak murriztu eta pertsona zaurgarriekin harremanak saihestu». Gainera, egoera zein den kontuan hartuta, guneen aireztapen egokia ziurtatzea «ezinbertzekoa» dela berretsi du.
Osasun zuzendari Carlos Artundok esan du txertatuen kopurua «oso handia» denez immunitatea dutenen kopurua ere handia dela, baina ospitaleratzeen igoera etengabeaz ohartarazi du. Hori dela eta, oraindik txertoaren hirugarren dosia hartu ez dutenei txertatzeko eskatu die.