Kontuen lehen galbahea gainditu du Espainiako Gobernuak

Bozketa berean baztertu dituzte aurkeztutako zazpi osoko zuzenketak. EAJk eta EH Bilduk gogoratu dute asko dagoela negoziatzeko

jon olano
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako aurrekontu proiektuaren tramitazioak aurrera jarraituko du, gainditu baitu lehen galbahea; osoko zazpi zuzenketa aurkeztu zizkioten 2022ko aurrekontu proiektuari, eta guztiak ezetsi dituzte Espainiako Kongresuan. Bozketa bakarrean baztertu dituzte guztiak, 350 diputatuetatik 188k kontrako botoa emanda. 156 izan dira osoko zuzenketen aldekoak, eta bakarra abstenitu da. PP, Vox, Ciudadanos, JxC, CUP, Foro Asturias eta Coalicion Canariak aurkeztu zituzten zuzenketak, eta horien aurkako blokean daude PSOE, Unidas Podemos, EAJ eta EH Bildu, besteak beste. Talde politikoek zuzenketa partzialak aurkeztea izango da hurrengo pausoa, eta gaur arteko epea daukate horretarako.

EAJk aurrekontu proiektuak aurrera egitea ahalbidetu badu ere, Idoia Sagastizabal diputatuak ohartarazi du «zati handi bat» falta dela oraindik aurrekontuei buruzko akordio bat lortzeko, eta, beraz, zuzenketa partzialak aurkeztuko dituzte. Halere, azaldu du jeltzaleak prest daudela ados jartzeko: «Uste dugu aurrekontuek hobetzeko tartea dutela». «Euskal agendari» eta «inbertsio eraldatzaile berriei» erreparatu die, uste baitu Euskal Herrirako inbertsioak «atzera» geratzen direla egungo testuan. Bide beretik, osoko zuzenketa bat aurkezteko aukera baztertzearekin, Aitor Esteban alderdikideak aurreko ostiralean azaldu zuen mahai gainean jarriko dituztelaabiadura handiko trenaren lanak eta Hego Euskal Herrira bideratutako aurrekontuen egokitzapena.

Bestalde, TVEn eginiko elkarrizketa batean, EH Bilduko diputatu Oskar Matutek azaldu du ez dutela osoko zuzenketarik aurkeztu «aukera bat» eman nahi diotelako akordioari. Halere, osoko bilkuran adierazitako babesa ez da «txeke zuri bat», haren hitzetan. Matutek nabarmendu du «euskal herritarren bizitzak hobetuko dituen» akordio on bat eskaini beharko duela gobernuak, ezkerreko independentisten botoa «irabazteko»: «Gaur egun, aurrekontuak urrun daude guk islatzea nahiko genukeenetik». Adibide gisa aipatu du lan erreforma indargabetzeko beharra: «Euskal ezker subiranistak hiru helbururekin lan egiten du Madrilen: langileei ostutako eskubideak berreskuratzeko, zer izan nahi dugun libre eta demokratikoki erabakitzeko, eta salbuespenezko espetxe politika amaitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.