Euskara administrazioan arautzeko dekretuak polemika sortu du Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeen artean —PSNren eta Geroa Bairen artean, batez ere—. Gobernuak aspaldi onartu nahi zuen epaileek duela bi urte baliogabetutako arauaren ordezkoa, baina lan deialdi publikoetan euskarari aitortu beharreko estatusak arrakala sortu zuen gobernukideen artea. Asteon, soka apur bat gehiago tenkatu du PSNk Nafarroako Parlamentuan, Navarra Sumaren aspaldiko eskaera bati men eginik: Kontratu Publikoen 2/2018 Foru Legetik enpresetako euskara planei buruzko puntua kentzea. Aurrerantzean, administrazioarekin lan egiten duten enpresek ez dute euskara plan bat garatzeko beharrik izanen.
Aurreko gobernuak ezarritako neurri bat izan zen enpresa pribatuei euskara sustatzeko planak eskatzea. Horren helburua zen, administrazioak esleitutako lanetan, enpresek euskarazko arreta berma dezaten saiatzea, gutxienez, aurrez aurreko arretari dagokionez. Legeak ez zuen betekizunik ezartzen, langileen euskalduntzea errazteko baliabideak jartzeaz harago.
Legea onartu zenetik, baina, «euskararen inposizioaren» mamua astindu zuen UPNk beste behin ere. Erregionalistek salatu zuten gobernuak enpresa pribatuak «langileak euskalduntzera» behartu nahi zituela. Are: Javier Esparzak xedapen horren oinarrian leudekeen «asmo ezkutuez» galdetu zuen parlamentuan: «Ez al da izanen Gipuzkoako enpresak erakartzeko?».
Diskurtso horrekin bat egin du orain PSNk, Navarra Sumaren zuzenketaren aldeko botoa emanda. Zehazki, Kontratu Publikoen Legearen hamabosgarren xedapen gehigarria ezabatuko dute, eta, hortaz, ezerezean utziko dituzte enpresa pribatuei ezartzen zitzaizkien euskara eskakizunak. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak kontrako botoa eman zuten Ekonomia eta Ogasun Batzordean.
Plan estrategikoa, aurten
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok azaldu du urtea bukatu baino lehen onartu nahi dutela Euskararen II. Plan Estrategikoa. Kontseilariaren hitzetan, Nafarroako Gobernuaren «hizkuntz politika osoa antolatzeko eta gidatzeko tresna» izanen da plan hori: «Hizkuntza eskubideak babesteko eredu propioa garatu zuen gobernuak lehen plan estrategikoarekin, eta horri segida emanen zaio». Plan berrian, garrantzi handiagoa eman diote «kontsentsu sozialaren dimentsioari». Euskarabideak gaur aurkeztuko du planaren zirriborroa Euskararen Kontseiluan, eta datorren astean ikusgai jarriko dute gobernuaren web atarian.
Enpresei euskara planik ez eskatzea adostu dute PSNk eta eskuinak
Puntu hori kenduko dute Kontratu Publikoen Foru Legetik. Gobernuak gaur aurkeztuko du Euskararen II. Plan Estrategikoaren zirriborroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu