Oihartzuna izan du Alonsotegiko (Bizkaia) kasuak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria jaio zen herrian —jeltzaleen ohiko gotorlekua—, EAJk ez du lortu udal hauteskundeak irabaztea. EH Bildu nagusitu zaio, eta EAJk ehun boto inguru eta zinegotzi bat galdu ditu. Alonsotegi Eraikiz auziak emaitzetan eragina izan duela ondorioztatu dute aditu eta komunikabideek. Izan ere, iaz Barakaldoko Instrukzio Auzitegiak diruaren bidegabeko erabileragatik auzipetu zituen herriko bi alkate ohi —Gabino Martinez de Arenaza eta Aitor Santisteban—. Haiekin batera, zinegotzi sozialista bat ere ikertzen ari dira.
Epailearen ustez, badaude zantzuak eragin trafikoa, diruaren bidegabeko erabilera, iruzurra eta funtzionario publikoen jarduera debekatuak egin zituztela. Ikertuek Alonsotegi Eraikiz enpresa sortu zuten 2003an, hirigintza sustatzeko, baina 2011n itxi zuten, kiebra jota. Udalak bere gain hartu behar izan du hark utzitako 4,1 milioi euroko zorra. Auziak egoera ekonomiko kaskarrean utzi du udala, eta haserrea eragin du herritarren artean. EH Bilduk sustatutako herri akusazio batek jo zuen auzitegira, eta epaiketaren zain dago auzia.
Ez da izan adibide bakarra. Bakio ere gogor jo dute udal agintarien ustelkeria kasuek. Hango alkate ohi Txomin Renteriak (EAJ) bi hilabete eta erdiko zigorra jaso zuen agiri publikoak faltsutu eta administrazioari iruzur egiteagatik. Renteria 1995etik 2011ra izan zen Bakioko alkatea, eta Kiura talasoterapia proiektuaren adjudikazio baldintzak aldatzeagatik epaitu zuten, betiere enpresa adjudikaziodunari mesede egiteagatik. EAko zinegotzi batek salatu zuen 2009an, eta harekin bat egin zuten EAE-ANVk eta Aralarrek. EH Bilduk eraman du herri akusazioa. EAJk 2015ean jaso zuen zigor politikoa kasu honengatik: ia 200 boto, zinegotzi bat eta alkatetza galdu zituen. Azken hauteskundeetan, beste 70 boto eta beste zinegotzi bat galdu ditu.
Muskizen ere izan du eraginik ustelkeria kasu batek, etaposible da han ere kasuaren oihartzunak emaitzetaraino iritsi izana. Izan ere, EAJk 230 boto eta zinegotzi bat galdu ditu. Barakaldoko 1. Zigor Epaitegiak zazpi urteko kargugabetze publikoa ezarri zion 2017an Gonzalo Riancho Muskizko alkate ohiari prebarikazioagatik, kontratu bat ahoz, «modu lotsagabean eta edozein prozedurari muzin eginez» emateagatik, epaiak berak dioenez. Muskiz Bai oposizioko taldeak salatu zuen Riancho Gehilan 2000 SM enpreari 35.500 euro bitarteko fakturazioa egiteagatik, Muskizko Formakuntza Zentroan udako ikastaroak emateagatik. Udaleko kontu hartzaileak «desegokitzat» jo zuen prozedura, baina alkateak ez zion kasurik egin.
Errigoiti eta Karrantza
Bizkaiko beste herri txiki batzuetan agerikoa izan da irregulartasunek eta boterearen erabilera okerrak ondorioak izan dituztela botoetan. Esate baterako, Errigoitin, Iñaki Madariaga alkate jeltzalea hauteskunde delitua egotzita epaitu zuten 2016an, herrian 32 lagun —haietako batzuk Galizian bizi ziren— legez kanpo erroldatu izana leporatuta. Auzi horren epaia ez dute oraindik eman epaileek. Iruzur horren bidez 2011ko bozak irabazteko asmoa zuen alkate ohiak. Eta irabazi egin zituen, baina Bilduk ustezko irregulartasuna salatu zuen. Ez da alkate ohiak izan zuen gorabehera bakarra: 2010ean biomasa plantaren aurkako protesta batean zegoen talde bateko pertsona bat autoarekin harrapatzeagatik urtebeteko espetxe zigorra jarri zioten epaileek. EAJk bozak galdu zituen 2015ean, eta aurten berriro galdu ditu, EH Bildu nagusitu zaiolako.
Sona handiko kasua izan da Karrantzako minda plantarena ere. Herri horretako alkate ohia—Jose Luis Portillo — eta Jaurlaritzako goi kargudun bat —Martin Askazibar, gaur egun Altuna y Uriako kontseilari ordezkaria— zigortu zituzten epaileek: bi urteko inhabilitazioa eta 1,7 milioi eurorainoko isunak. Horiekin batera, erruduntzat jo zituzten beste zinegotzi bat eta Karrantzako Minda enpresako beste hiru ordezkari ere. Enpresa horrek porrot egin zuen, proiektua gauzatu aurretik hamar milioi euro baino gehiagoko diru laguntza publikoa jaso ostean. Herri horretan ere EAJk nabarmen jaitsi du bere pisu politikoa, 100 boto eta zinegotzi bat galduta. Azken lau agintaldietan zazpi zinegotzi izan ostean, laura jaitsi da EAJ.
Herri txikia izanik ere, Mallabia salbuespen gisa har daiteke. Izan ere, 2008an Jose Luis Pagaldai alkate ohi jeltzaleari hiru urteko eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten epaileek, agiri publikoak faltsutu eta diruaren bidegabeko erabilera egotzita. Udal kontu hartzailea ere zigortu zuten. Epaileek frogatutzat jo zuten herriko industrialde bateko enpresek dirua sartu zutela udal arduradunek irekitako legez kanpoko kontuetan. HBk salatu zituen irregulartasunak 1995ean, baina zigorra jaso zutenetik botoetan eta zinegotzi kopuruan igo baino ez da egin EAJ Mallabian.
Herri handietan eragin gutxi
Ustelkeria kasuek ez diote kalte handirik egin EAJri herri handietan. Erandion, esaterako, prebarikazioagatik zigortu zuten Hirigintzako zinegotzia —Itziar Koba—, 2017an. Epaileek frogatutzat jo zuten prebarikazio delitua egin zuela, birziklatze enpresa bati baimenik gabe jarduten utzi ziolako. Afera beragatik epaitu zuten alkatea ere —Joseba Goikouria—, eta absolbitu egin zuten. Azken hauteskundeetan ez dute aurkeztu Goikouria, eta EAJko alkategai Aitziber Olibanek gehiengoari eutsi dio, 200 boto gehiagorekin.
Leioan ere zeresan ugari eman zuen Pinasolo auziak. Ikerketa batean, Lehiaren EAEko Erakundeak ondorioztatu zuen udalak (EAJ) kiroldegi bat egiteko hautatu zuen enpresari «faborezko tratua» eman ziola 60 milioi euroko azpiegitura egiteko. Ikerketa batzorde bat sortu zuen udalbatzak kasua aztertzeko, eta ondorioztatu zuen udalak, Arcain aholkularitzak, Aros eraikuntza enpresak eta Joaquin Pujol arkitektoak adostu egin zutela obra aurrera eramatea lehiaketa martxan jarri aurretik. PPk fiskaltzara eraman zuen gaia 2014an, eta kasuak oihartzun handia izan zuen. Kiroldegia ez zuten eraiki, baina fiskaltzak kasua artxibatu zuen, ez zuelako frogatutzat jo udal ordezkarien aurkako akusazioa. Gai horrek ez du eraginik izan EAJren emaitzetan, ez 2015ean eta ez hilaren 26ko bozetan ere, 1.300 boto gehiago eskuratu baititu alderdiak.
Ustelkeria auzien arrasto txikia
EAJko hautetsi dezente inputatu eta zigortu dituzte azken urteotan Bizkaian ustelkeriagatik; baina, oro har, auzi horiek herri txiki batzuetako emaitzetan bakarrik izan dute eragina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu