Hezkuntza publifikatzearen onurak azaleratu dituzte Donostian

Steilasek 'Euskal eskola publikoaren etorkizunean lanean' jardunaldiak egin ditu. Publifikazio progresiboa defendatu dute

Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Hezkuntza sistemak egun dituen ajeez, indarguneez eta etorkizunean eman beharreko pausuez aritu ziren atzo, Donostiako Kursaalean, Steilas sindikatuak antolatutako Euskal Eskola Publikoaren etorkizunean lanean jardunaldietan. Helburu argia du begiz jota Steilasek: publifikazio progresiboa. Besteak beste, Josean Bueno irakasle eta EAEko Eskola Kontseiluko kide ohiak eta Arantza Fernandez de Garaialde irakasle ohi eta Bilboko euskal eskola publikoaren aldeko plataformako kideak hartu zuten hitza.

Egungo hezkuntza sistemaren argazki bat eginez hasi dute hitzaldia. Indarguneetan jarri dute azpimarra. Zerrenda bota du Fernandez de Garaialdek: absentismo txikia, haur txikienen eskolatze handia, berrikuntza pedagogikoa, eskola uzte goiztiarra apala izatea... Beste batzuk gehitu ditu Buenok: langileak, borrokatzeko gaitasuna, euskararen aldeko apustua... Halere, zenbait ahulgune ere identifikatuta dituzte: besteak beste, eskola pribatuen «gehiegizko presentzia», administrazioak «behar bezala» ez aintzat hartzea eskola publikoa...

Pil-pilean dagoen gaiari ere heldu diote: hezkuntza legeaz etahitzarmenaz aritu dira. Buenoren esanetan, legea justifikatzeko «irakaskuntza pribatua blindatzeko beharra» erabiltzen ari dira. Ez dago ados: «Hori bada abiapuntua, ez dakit egokia den». Erantsi du lege berririk gabe ere «gauza asko» alda daitezkeela. Mesfidati mintzatu da Fernandez de Garaialde, esanez egun dagoen legedia ere ez dela betetzen, esaterako, itunpeko ikastetxeen kuotak kobratzen dituztelako: «Indarrean dagoena ez da betearazten. Lege berri bat egingo dugu, zertarako? Dagoena mantentzeko? Ez betearazteko?».

Gaur-gaurkoz, EH Bildurena da hezkuntza hitzarmenerako publiko egin duten proposamen bakarra. «Zalantza asko» sortzen dizkio Buenori. Esan du egitura berrian ikastetxe pribatuei finantzaketa «modu sendoagoan» bermatuko litzaiekeela, eta izaera publikoa onartuko litzaiekeela pribatu direnei ere. Bueno ez dago ados: «Publikoa ez da herrikoia, publikoa ez da kooperatiboa; publikoa lotuta dago botere publikoekin: hau da, publikoa da botere publikoak herritarrei eskubide batzuk bermatzeko ematen dien zerbitzua». Deszentralizazioak ere arazoak ekar ditzake, haren irudiko, uste baitu eskolak presiotik eta kanpo interesetatik babesteko «ahulago» egongo direla.

Halere, Buenok uste du EH Bilduk proposamen interesgarriak ere jasotzen dituela: ikasleei begirako planteamendua, eraldaketa pedagogikoa, landa eskolen baldintza propioak, euskal kultura lantzeko beharra, ebaluazioa berraztertzeko eskaera, laikotasuna, eta herria, eskola eta komunitatea «modu estuagoan lotzeko ikuspegia», besteak beste.

Orain, zer?

Aurrera begira ere jarri dira hizlariak. Publifikazioa defendatu duBuenok: «behar-beharrezkoa delakoan nago». «Arrakala sozialari» aurre egitea ezinbestekotzat du: «Nahi dugu pobreentzako eskola bat eta jende normalarentzako eta hain pobre ez direnentzako beste eskola bat? Edo beste eredu bat nahi dugu?». Fernandez de Garaialdek ere publifikazioa egin behar dela pentsatzen du, besteak beste, jaiotze tasaren jaitsierari erantzuteko: «Suposatzen bada pribatua zerbitzu publikoa betetzen ari dela eta diru publikoaz hornitzen ari dela, zergatik ez diegu eskaini behar sare publikoan benetan integratzea? Eta, horrela, modu koordinatuan funtzionatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.