Aske dira atzo goizean Lapurdin atxilotu zituzten lau gazteak

Uztailaren 14ko gertakariengatik atxilotu zituzten. Baionako prokuradoreak kasua itxi du, eta ez da atxiloketa gehiago izanen

Atxiloketak salatzeko, protesta egin zuten atzo goizean Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbleakoek. GULLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak hiru gazte atxilotu zituen atzo goizean Urruñan eta Hendaian (Lapurdi), eta beste baten bila ere joan ziren, baina ez zuten etxean atzeman. BERRIAk jakin duenez, laugarrena, atxilotuetako baten anaia, bere baitarik aurkeztu zen polizia etxera atxilotze aginduaren berri izan zuenean. Uztailaren 14an Frantziako egun nazionalaren harira Lapurdi kostaldeko hirian egin zuten manifestazioan gertatutakoak lirateke atxiloketen iturrian. Baionako Polizia Judizialaren iturriak aipatuta, France Bleu Pays Basque irrati publikoak zabaldu zuen Frantziako bandera bat lapurtzea leporatzen dietela atxilotuetako biri; eta beste biri, autoritate publikoaren ordezkari bati eraso egitea. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbleak elkarretaratzea egin zuen atzo eguerdian Baionako komisariaren aitzinean, atxiloketak salatu eta atxilotuei babesa erakusteko. EH Baik ere «sostengu osoa» adierazi zien atxilotuei. «Jakobinoa eta nazionalista den estatu frantsesak, itsu itsuan errepresioaren bidea segitzea aukeratu du. Atxiloketa hauen bidez, beldurra eta neurrigabeko autoritarismoa

inposatu nahi diote Ipar Euskal Herriko gazteriari».

Arratsaldean, libre utzi zituzten lau atxilotuak. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak BERRIAri jakinarazi dio lautik hiru lege ohartarazpen batekin atera direla; horietako bi Frantziako bandera lapurtzeagatik, eta beste bat autoritate publikoaren ordezkari bati -Jean François Hirigoien Donibane Lohizuneko auzapezari- eraso egiteagatik. «Neurri alternatibo bat» dela erran du prokuradoreak, eta berak jakinarazi diela auzipetuei. Hirigoienek salaketa ezarri bazuen ere, kasua «itxitzat» eman du, eta baieztatu du ez dela «atxiloketa gehiago egonen».

Maritxu Paulus Basurco izan zen gazteetako baten abokatua, eta berak eman zituen argipenak Jerome Bourrier Baionako prokuradorearen erabakiari buruz. «Prokuradoreak, delitu bat izan dela kontsideratzen badu, erabakitzen ahal du auzipetzea edo ez». Ondotik, auzitegiak erabakitzen du delitua izan den ala ez, eta, delitu bada, zer zigor merezi duen. «Hiru urteko epean, prokuradoreak kontsideratzen ahal du afera berriz ateratzea, beste arau hauste batzuk izan direlako, eta, beraz, kontsideratzen duelako baietz, pertsona hori auzipetu behar dela». Atzo, kasua ixtea erabaki zuen. Hala ere, gibelapenarekin emandako zigorrarekin desberdindu zuen Basurcok. «Hor ez dira zigortuak. Ohartarazia zaie legeak zer dioen».

Istiluak auzapezarekin

Asimilaziotik erresistentziara! lelopean, 200 bat pertsonak protesta egin zuten Donibane Lohizunen, joan den uztailaren 14an, Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarrikapenak zabalduz. Herriko etxera iristean, Hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere. Euskal Herria da! zioen pankarta bat ezarri zuten herriko etxeko harresian. Hori ez zen Jean François Hirigoien Errepublikanoetako auzapezaren gustukoa izan, eta manifestariei oldartu zitzaien, pankarta kentzen saiatuz. Bultzada batzuen ondotik, herriko etxera itzuli zen manifestariei irain keinu bat eginez.

Ondoko egunetan, erreakzio soka luzea sortu zuen gertakariak, eta Errepublikanoetako Ipar Euskal Herriko hautetsiak banan-banan atera ziren gertatutakoa salatu eta Hirigoieni babesa erakustera. Uztailaren 22an,ikerketa bat abiatu zuen Baionako prokuradoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.