78ko Sanferminak Gogoan elkarteko kideak Argentinan daude, Maria Servini epaileak deklarazioa hartzeko. German Rodriguez 1978an Espainiako Poliziak tiroz hildako gaztearen auziaren harira joan dira plataformako kideak Argentinara, epailearekin egotera. «40 urteren ostean, eta ia 10.000 kilomtro egin behar izan ditugu justizia eskatzeko», azaldu du Fermin Rodriguez, German Rodriguezen anaiak. Frankismoan egindako delituen inguruko Argentinako kereilaren barruan hartu die epaileak deklarazioa, eta, Sabino Cuadra elkarteko kideak jakinarazi duenez, erantzukizunak eskatuko dituzte Martin Villaren aurka. Plataformako kideak ez ezik, baita Rodriguezen familia eta Iruñeko Peñen delegazio bat ere.
Joan den uztailaren 8an 40 urte bete ziren Rodriguez hil zutenetik, eta 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak jakinarazi zuen hainbat egitasmo jarriko zituela martxan zer gertatu zen argitzeko; besteak beste, kereila bat aurkeztuko zutela ere iragarri zuten joan den urtarrilean plataformako kideek. Martin Villa txostenean jasotako informazio berriari esker eman dute pausoa. Dokumentu horietan biltzen da egun hartan gertatutakoaren informazio asko; izan ere, Gobernu Zibilak, Segurtasun zuzendariordeak eta Polizia inspektoreburu batek egun horietan egindako txostenak jasotzen ditu.
Informazio horrekin jo dute Servinirengana. Hala azaldu zuen atzo Fermin Rodriguezek, German Rodriguez zenaren anaiak: «Nire esperantza da hemen [Argentinan] mugi daitekeenarekin kontzientziak astindu ahal izatea han». Gainera, jakinarazi dute Villa deklaratzera deitu duela epaileak datorren irailaren 9an.
Babesa Argentinan
Servini epailearekin egoteaz gain, «benetako justiziaren eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko» xedearekin izan dira Argentinan plataformako kideak eta senideak. Bertako giza eskubideen aldeko hainbat eragilerekin biltzeko baliatu dute bidaia.
Maiatzeko Plazako Amekin eta Argentinako Asanblea Nazionaleko eta Senatuko beste batekin bildu dira, eta Buenos Airesko Udaleko giza eskubideen batzordeak ere babesa adierazi die kereila sustatu duten kideei: «Argentinakoa da munduan diktadura frankistaren krimenen aurkako kausa bakarra,justizia unibertsalean oinarrituta».
Plataformakoen ustez, 1976ko martxoak 3ko Gasteizko sarraskiaren moduan, sanferminetakoa ere gizateriaren aurkako krimena da. Horregatik jo dute Argentinako auzitegira. Espainiako Estatuak frankismoko krimenak ikertzea eragotzi du, 1977ko amnistia legean oinarrituta.
Servinirekin bildu dira 78ko Sanferminak Gogoan-ekoak
1978an Espainiako Poliziak hildako German Rodriguezen auziaren harira deklarazioa hartu die Servini epaileak. Giza eskubideen aldeko Argentinako elkarte eta eragileekin bildu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu