Euskaraldia. Elkarrizketa. Arrate Illaro. Euskaraldiko koordinatzailea

«Euskaraldia ez da aldekotasuna adierazteko kanpaina bat»

Euskaraldiak sortutako mugimenduarekin oso pozik dago Illaro: «Espektatibak gainditu egin ditugu». Orain, erronka nagusia da herritarrei esplikatzea zer den Euskaraldia. Eta zer ez den.

Garikoitz Goikoetxea.
Orio
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Lanorduak pilatuta, baina ilusioz ari da lanean Arrate Illaro (Getxo, Bizkaia, 1989), Euskaraldiko koordinatzailea. Euskaltzaleen Topaguneko teknikaria da. Pozik dago prozesuarekin. Hankak lurrean izateko deia egin du, halere.

Urte erdi Euskaraldia hasteko. Zer sentsaziorekin zaudete?

Oso onarekin. Espero genuen harrera ona, ez delako hutsetik abiatu: hainbat herritan egin dira dinamikak, eta sortu dute giro bat. Baina espektatibak gainditu egin ditugu, bai batzordeetan, bai aurkezpenetako giroan. Osatu dira batzorde gehienak, eta haiekin ari gara harremanetan, baliabideak eskaini eta kideak prestatzeko.

300 udalerri baino gehiago sartu dira. Helburuak gainditu dira?

Ez genuen zenbakirik jarri, baina ez genuen espero 300dik gora izatea. Badakigu zaila dela proposatutako lankidetza dinamika martxan jartzea, zaila dela herritarrak aktibatzea horrelako arnasa luzeko ekimen batean. Ez genuen espero. Lan asko da, baina merezi du.

Kantitateari ez, kalitateari begiratu nahi diozue. Badaukazue beldurra Euskaraldia euskararen aldeko festa bihurtzeko?

Badakigu indar berezia egin behar dugula jendeari azaltzen ariketa bat dela, ez dela euskararen aldekotasuna edo gaitasuna adierazteko kanpaina bat. Badaukagu kezka herritarren izen ematea baino lehen ondo azaltzeko zein diren ahobizi eta belarriprest rolen funtzioak, eta zer den 11 eguneko ariketa. Ez dugu zenbakietan jarri nahi fokua: kontua ez da zenbat herritan abiatzen dugun edo zenbat ahobizi eta belarriprest lortzen ditugun, baizik eta horiek zenbateraino ematen dituzten pausoak inertziak apurtzeko eta hizkuntza praktika berriak martxan jartzeko. Ahobizi den herritarrak hizkuntza ohiturak aldatzen dituen, ikusten duen bidea hamabigarren egunean jarraitzeko. Hori da garrantzitsua.

Leku batetik bestera oso desberdina da testuinguru soziolinguistikoa. Ari zarete egitasmoa bera eta diskurtsoa egokitzen?

Marko orokorra jarri dugu guk. Herri bakoitza ari da lanketa egiten. Adibidez, udalerri euskaldunenetarako proposamen bat egin du Uemak, beste arlo batzuetako hizkuntza erabilerari eta hautuei buruzko gogoeta egiteko; inguru erdaldunagoetan ere ari dira egokitzapenak egiten. Euskaraldia Tuteran eta Azpeitian egingo da. Urratsak ezin dira berdin fokuratu, baina bietarako da baliagarria.

Euskalgintzara hauspo moduko bat ekarri du Euskaraldiak?

Herrietako euskaltzale mugimenduetan igartzen da. Ahul edo dinamika gutxirekin zeudenak berraktibatu dira, taldeak hedatu dira, eta euskaltzale berriak sartu dira. Lurraldekako mintegiak egiten ari gara, eta aspalditik dauden batzuek aipatu digute zenbat aurpegi berri dauden. Igartzen da zelako mugimendua dagoen, gogoa.

Euskalgintzako eragileek eta instituzioek elkarrekin aurkeztu zuten Euskaraldia. Aurkezpenetik harago, elkarlanean ari dira?

Maila nazionalean, bai: koordinazio mahaia dago, erakundeen foroa, euskalgintzako eragileena... Eta hiru foro: prestakuntza, haur eta nerabeak, eta lan mundua. Herrien kasuan, batzuek bazuten elkarlan dinamika, eta oso naturala izan da; beste batzuetan ez zuten, baina erraz samar heldu diote; eta beste batzuetan gehiago ari da kostatzen —bagenekien, bazituztelako beste inertzia eta harreman mota batzuk—, baina ari dira apurka-apurka gerturatzen.

Ez da konponduezinengatik kanpoan geratu den herririk eta.

Herri batzuetan gertatu zaigu udalak interesa izatea eta euskaltzale taldeak ere bai, baina batzea kostatzea. Gu saiatu gara harremanetan jartzen eta elkarrekin egiten. Kostatzen ari da herri batzuetan, baina badakigu ez dela egun batetik bestera aldatuko.

Funtzio banaketarik baduzue? Zer instituzioek, zer eragileek?

Bai. Gu ari gara elkarren artean adosten. Erakunde publikoen batzordean lantzen da zelako baliabideak eta babesa eskaini; euskalgintzakoan gehiago lantzen da herritarren aktibazioa eta zer prestakuntza eskaini herritarrei.

Diru baliabideen gaia argitu da herrietan? Batzuetan bazeukaten kezka baliabideekin...

Elkarlanean bezala: batzuetan, oso natural eta iazko aurrekontuetan ja sartuta, eta, beste batzuetan, beranduago. Batzuek lortu dute, eta besteek, eskasago. Baina, gutxiago edo gehiago, hor ere ari gara urratsak ikusten.

Entitateen txanda izango da datorren urtean. Aurtengo Euskaraldian zer rol izango dute?

Herritarrei babesa ematekoa. Batetik, bazkide, bezero edo langileei kontatzea Euskaraldia zer den, eta parte hartzeko gonbita egitea; pentsatzen badugu lantokian-eta ez dugula harrera ona edukiko, muga izan daiteke. Bestetik, herritar horiei baliabideak eskaintzea: txapak eman, prestakuntza tailerrak eskaini, espazioak girotu Euskaraldirako aholkuekin... Ahobiziei eta belarriprestei aukera eta babesa eman, azken finean.

Eta datorren urtean?

Aurtengo Euskaraldiak pertsonak ditu oinarri, eta horien urratsak eragin nahi ditugu; datorren urtean, entitateen urratsak. Eta txandakatuz joan. Pertsonak daude zentroan aurten, eta horien babesle izango dira entitateak; datorren urtean nahi dugu entitateek egitea urratsak, pertsonek babestuta eta bultzatuta. Nahi dugu aurten sortuko diren pausoak babesteko neurriak har ditzatela. Datorren urteko Euskaraldiak eduki beharko lituzkeen ezaugarri batzuk proposatu ditugu, eta iritziak eta ekarpenak jaso.

2019tik aurrera, zer? Txandaka joatea aipatu duzu...

Oraingoz, aurtengoa. Badakigu 11 egunean ez ditugula inertzia guztiak astinduko. Hasieratik irudikatzen genuen epe luzeko lan ildoa izango dela, eta urtez urte urrats batzuk egitea da asmoa: pertsonek eta entitateek. Bi ildo horietan aurrera joan nahi dugu.

Eta 11 egun horiek amaituta, zer?

Gure proposamena da txapa lasai kentzea abenduaren 4tik aurrera: 11 eguneko ariketa trinko bat izango da. Helburua da pertsona zehatz batzuekin egindako aldaketak ahalik eta denbora gehienean mantentzea. Konturatzen bagara herriko okinak belarriprest txapa daukala eta orain arte inoiz ez badiogu euskaraz egin, hor aldaketa egitea eta eustea. Baina ariketa 11 egunekoa da.

Espektatiba handia sortu du Euskaraldiak. Horrek berak eragin dizue bertigorik edo beldurrik, ez bada ondo ateratzen...?

Sentsazioa daukagu ondo aterako dela: ikusi dugu zenbat euskaltzale aktibatu diren, Euskal Herri osoan zenbatek erabaki duten hau abiatzea. Lankidetza bide berri batzuk sortu izana bera ere bada zerbait ondo ateratzea. Espektatibei neurria jarri behar zaie: 11 egun dira. Iritsiko da abenduaren 4a, eta oraindik gauza asko egongo dira aldatzeko. Baina bidean urrats bat egiten badugu, ondo ateratzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.