«Belaunaldi baten ahotsa jasotzen duela esatea gehiegi esatea izango da. Nik esango nuke belaunaldi batentzako aukera izaten saiatu garela. Badira jada euskal idazle gazte modura ezagun egin diren idazleak, eta agian ez dute halako aukera baten hainbesteko beharrik, ezta nahirik ere. Baina badaude 18-19 urteko gazteak oso aukera polita ikusi dutenak hemen». Aurrerago ere aipatu du hitza Leire Alonso Alluek: aukera. Hor ikusten baitu, hain justu, proiektuaren indargune nagusia: gazteen literatur lanak plazara ateratzeko bide bat zabaltzean. Horretarako sortu zen Liberoamerica literatur plataforma, Argentinan hasieran, eta herrialdez herrialde haziz joan da gero. Hortik ernatu den adar bat da Liberoamerika, k-rekin, plataformaren euskarazko atala. Haren lehen fruitua litzateke, bada, Izotzetan islatuak. Euskal idazle gazteen bilduma, 24 sinadura eta askotariko testuak batzen dituen argitalpena.
«Berez-berez, Bartzelonan sortu zen proiektua», abiatu du azalpena Alonsok. «Eta literatur plataforma izan da hasieratik, ez argitaletxe bat». Aldizkari digital moduan hasi ziren testuak argitaratzen, Iberiar penintsulakoLatinoamerikako idazle gazteen —eta batez ere, emakumezkoen— lanei hauspoa emateko helburuarekin. Baita, aldi berean, askotariko hizkuntzetako eta jatorrietako autoreak ehuntzeko asmoarekin ere. «Zubi lanak egiteko» gogoarekin, Alonsoren esanetan.
Paper gaineko lehen argitalpena duela bi urte eman zuen plataformak itsasoaren alde honetan: Liberoamericanas. 140 poetas contemporaneas. Aurrez, Uruguain eta Argentinan publikatu zen lehen edizioari beste herrialde batzuetako egileak batuta osatu zuten hura; portugesez, katalanez, galegoz eta euskaraz idatzitako testuak bildu, gaztelaniara itzuli eta denak batuta.
Iosune de Goñi Garcia izan zen lan horren koordinatzaileetako bat, euskarazko poemak hautatu zituena. Hurrengo urratsa, baina, euskarazko alorra martxan jartzea zen, eta hor batu zen proiektura Alonso. Iazko maiatzean ireki zuten testuak jasotzeko deialdia, baldintza birekin: testuak euskarazkoak izatea, eta egileak 30 urtetik beherakoak izatea. Literatur generoari dagokionez, ez zuten inolako zehaztapenik egin, apropos; are, deialdia zabaltzerakoan generoen zurruntasunekin puskatu nahi zutela nabarmendu zuten. «Lehiaketa askotan ezartzen diren modalitateak beti dira edo prosa edo poesia, eta literarioki interesgarria denaren bila joan gara gu, horri begiratu gabe».
Ez zuten uste hautaketa egin beharra izango zutenik, baina pentsatutakoa baino testu gehiago heldu zitzaizkien, eta horietatik 24 aukeratu dituzte azkenean bildumarako. Hona egileen zerrenda: Leire Alonso Allue, Oihana Arana Cardenal, Sara Aranburu Lasa, Olatz Azpirotz Larzabal, Udane Barinagarrementeria Laka, Naia Bederede, Martin Bidaur, Amaiur B. Blasco, Iosune de Goñi Garcia, Nerea Eizagirre Telleria, Aroa Elortza Payros, Oihane Zuberoa Garmendia Glaria, Leire Gisasola, Markel Hernandez Perez, Mattin Lerissa, Irati Majuelo Itoiz, Lierni Munduate Oruesagasti, Eider Perez Martinez, Idoia Ugalde Zarate, Alex Uriarte Atxikallende, Maren Urkizu Urruzola, Kattalin Urrengoetxea Uribarri, Maddi Zabalo eta Ane Zubeldia.
Zerrendari begira, pozten duen gauza bat badela aitortu du Alonsok: jasotako gizon eta emakumeen testuen proportzioa mantendu dela azken aukeraketan. «Askotan gertatzen da emakume asko aurkezten direla, eta, gero, proportzioan, gizonezkoak leku handiagoa izaten dutela. Guk hautaketa egin dugu testuei begira, eta jasotako kopuruen proportzioak mantendu dira. Gure borroketako bat bai izan da hori».
Gorputzaren hitzak
Bilduma hartuta, askotariko lana geratu dela ikusten du Alonsok. Testuak lantzen dituzten gaiak eurak hala direla dio, denetarikoak, baina ohartu dira badela errepikatzen den bat: gorputzarena. «Gorputzari eta norbere buruari buruzko gogoetak, zer eta nor garen. Horregatik jarri nahi genuen islaren ideia izenburuan». Izotzaren aipamena, aldiz, heltzen azkenetakoa izan zen testu batetik hartu dute, zeinak hiriko bizitza deskribatzen duen elur egun batean. «Agian euskal literaturak izotzera ere nahiko jotzen duelako izan da», iradoki du Alonsok.
Plataformaren sareko dendaz gain, ohiko liburu dendetan ere eskuragai jarri berri dute liburua.
Hogeita lau esku elkarren segidan
Askotariko hizkuntza eta jatorritako idazleak ehundu, eta haien lana sustatzea da Liberoamerica plataformaren asmoa. Euskarazko adarrak 24 egile bildu ditu 'Izotzetan islatuak' lehen argitalpenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu