Israelen anexio plana, AEBek bide eman zain

Anexioa uztailean egingo dutela ziurtatu du Israelgo Lurralde Elkarlanerako ministroak. Johnsonek ohartarazi du «legez kanpokoa» litzatekeela, eta Erresuma Batuak ez lukeela babestuko

Israelen anexio planaren kontrako protesta, atzo, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Zisjordaniako lurren heren bat anexionatzeko plana atzo jarri behar zuen martxan Israelgo Gobernuak, Benjamin Netanyahu lehen ministroak iragarritakoaren arabera. Eguna atzeratu egin behar izan du, ordea, egutegiari buruzko desadostasunak tarteko. Gobernuko hainbat kide ez daude ados Netanyahuk ezarri zituen epeekin. Horrez gain, Israel elkarrizketan ari da AEBekin, anexio planak ekar ditzakeen ondorioak aztertzeko, eta ez du Etxe Zuriaren onespena lortu oraindik. Datozen egunetan hitz egiten jarraituko dute bi gobernuek. Dena den, Ofir Akunis Israelgo Lurralde Lankidetzarako ministroakatzo ziurtatu zuenez, Israelen «subiranotasun hedatzea» uztailean mamituko du gobernuak.

«Gaur [atzo] egin zitekeen [Zisjordaniaren anexioa], baina oraindik ez dago akordiorikAEBetako Gobernuarekin», azaldu zuen Akunisek. Gabi Ashkenazi Israelgo Atzerri ministroaren esanetan, Tel Avivek eta Washingtonek elkarrizketekin jarraituko dute «datozen egunetan».

Ziurgabetasun eta kezka handiz erreparatzen diete bitartean Palestinako herritarrek Israelgo Gobernuaren asmoei, eta, atzo, anexio plana salatzeko protestak egin zituzten Gazan nahiz Zisjordaniako hainbat hiritan.

PAN Palestinako Aginte Nazionala gidatzen duen Fatah alderdiak aurreratu zuen Israelek anexioa abian jarriko duela Europako Parlamentuak udako etenaldia egiten duenean, planaren kontrako nazioarteko salaketa ahulagoa izan dadin. Fatah-k gaineratu du ez duela inolako negoziaziorik babestuko Israelekin hark anexioa baztertu ezean.

Aurreko egunetan, Israelekin negoziatzeko prest agertu da PAN, baina argitu du ez duela onartuko elkarrizketak AEBen bake proposamenari lotzea.

Israelek Zisjordaniako lurren heren bat lortu nahi du anexio planaren bidez. Eremu horien artean dira Jordan harana eta Israelek Zisjordanian eraiki dituen kokaguneak. Plana bat dator AEBek urtarrilean aurkeztu zuten bake proposamenarekin.

Nazioarteko eragile ugariren gaitzespena jaso du Netanyahuren eginbideak, legez kontrakoa litzatekeela eta. Hala salatu dute Europako Batasunak, Nazio Batuen Erakundeak eta Liga Arabiarrak. Ildo beretik mintzatu zen atzo Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnson ere. «Erresuma Batuak ez du onartuko 1967ko mugak aldatzea, bi aldeen akordioaren bidez ez bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.