Osasun sistema publikoaren aldeko aldarriak ez du etenik, eta kaleak hartu ditu beste behin ere. Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek deituta, hainbat herritar batu ziren atzo Hego Euskal Herrian eginiko mobilizazioetan, «herritarren osasun beharrei erantzungo dien osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde» egiteko. Uste baitute behar horiei erantzuteko arazoak COVID-19aren eraginetik harago doazela, eta neurriak hartzea beharrezkoa dela, aldi berean bizitzen defentsan aritzeko ere.
Leioan Bizi; Izartu Mungialdea; Gora Deustu; Erandio Herri Plataforma; Zumarraga 24/7; Gasteizko eta Algortako Osasun Publikoa Aurrera; Bilboko, Donostialdeko, Tolosaldeko eta Zornotzako Osasun Publikoaren Alde, eta Altsasuko eta Nafarroako osasun plataformak izan dira hain justu protesten antolatzaileak, eta, Osakidetzari dagokionez behintzat, bat egin duteSATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek ere. Haien arabera, Eusko Jaurlaritzak «aurrekontu eta politika antisozialak» jartzen ditu praktikan osasungintzan, eta eskerrak eman dizkiete horren salaketan diharduten plataformei.
Besteak beste, Algortan (Bizkaia), Zornotzan (Bizkaia) eta Murgian (Araba) egin zituzten atzokoan mobilizazioak, baina hiriburuetan eginikoak izan ziren jendetsuenak.
Manifestazio bat egin zuten Donostian, 12:30ean, Easo plazatik abiatuta, eta lehen arretaren egoera izan zuten gogoan bertaratutakoek. Besteak beste, lehen arretako presentzia berreskuratzea «kostatu» izana deitoratu zuten, eta eremu horretan egoera hobetu izana ere zalantzan jarri zuten, nabarmenduta erabiltzaileak osasun etxera joaten den aldiro mediku ezberdin batekin egiten duela topo. Beraz, «diskurtso gutxiago eta baldintza gehiago» eskatu zituzten.
Eta Bilbon ere ez zen mezurik falta izan. Ehunka herritar batu ziren arratsaldeko protestan, eta plataformetako kideek hartu zuten hitza amaieran, Arriaga antzokiaren parean. Salatu zuten COVID-19aren egoera baliatuz erakundeak «murrizketetan oinarritutako politikak» ari direla egiten, baina izurritearen aurretik jada «diseinatzen eta aplikatzen» ari zirela. Haien hitzetan, osasun sistema publikoko «krisiaren» arrazoia, eta batik bat lehen mailako arretarena, ez da soilik «profesionalen edo baliabideen falta» pandemiarengatik: «Gure gobernuek aurrekontu publikoak osasun negozio pribatuen interesen alde erabiltzearen aldeko apustua ere badago».
Pribatuak, gora
Protesten deitzaileek ez dute begi onez ikusten osasun sistema publikoaren kudeaketa, eta, gainera, Bilbori dagokionez bederen, uste dute auzoetako osasun etxeetatik zerbitzuak «desagertzen» ari diren heinean gero eta ugariagoak direla osasun aseguru pribatuen kontsultak eta klinikak. «Aseguru pribatuen ontasunak saltzen dizkigute errealitatea ezkutatu bitartean; eritasuna larriagotuz gero, osasun sistema pribatura bideratuko gaituzte, ez baitago artatuak izateko behar beste baliabide».
Bada, egoera horren jakitun, aurrekontuetan ez ezik, lehen mailako arretan ere finantzaketa handitzeko eskaria egin diote Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta, horrez gain, adierazi zuten aurrez aurreko kontsulten, gaixotasun kronikoak dituztenen etengabeko jarraipenaren eta diagnostiko «goiztiar eta ziurraren» aldeko apustua egiten dutela. Alegia, osasuna «modu integral batean» landuko duen sistema bat dute nahi eta helburu, oraingoz horrelakorik ez dagoela iritzita: «Herritarrek osasun fisikoaren arloan eta osasun mentalean dituzten premiei erantzuna emateko gai izan behar da, baina oraindik gainditu gabe dagoen ikasgai bat da gure sisteman».
Osasungintza publikoaren aldeko mobilizazioak egin dituzte Hegoaldean
Osasun sistema publikoa asmo duten herri plataformek lehen arretaren egoera dute gogoan, erakundeen politikak salatzearekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu