PSE-EE errenta irregularren zergaren inguruan lehertu den auziaren erdi-erdian dago. Abuztuan PFEZean aldaketa eragingo zuen foru dekretua argitaratu zuen Bizkaiko Buletin Ofizialak, aurretik aldundiko gobernu kontseiluaren oniritzia jaso ondoren. Bertan daude sozialistak, baina ez ziren jabetu dekretuak zekartzan aldaketez. Orain onartutako arauak dakarrenaren jakitun, atzera eskatu dute hura erretiratzeko. EAJk jarrera aldatuko duela uste du Ekain Rico batzarkide sozialistak, baina hala egin ezean ohartarazpena egin du: Batzar Nagusietan dekretua aldatzeko ekinaldirik abiatzen baldin bada, hura babestuko dutela.
Hasierako okerra onartu, eta foru gobernuan presio egin nahi dute horrela sozialistek, PFEZean ezarritako aldaketak kaltegarriak baitira haien arabera. Bizkaiko aldundiak abuztuan argitaratu zuen dekretua baino lehen, 300.000 euro arteko errentek irabaziaren erdiarengatik ordaindu behar zuten zegokion zerga, eta irabazi guztiarengatik 300.000 eurotik gorakoek. Azken aldaketaren ostean, muga hori kendu egin da, eta, ondorioz, 300.000 eurotik gorako irabaziak dituztenek zerga gutxiago ordainduko lukete. Errenta irregularren formula hori erabiltzen da zorizko jokoekin izandako irabazien kasuan, baina baita eliteko kirolarienean ere. Horregatik, aste honetan Athleticeko jokalariengan jarri da arreta, eta klubak zergak ordaintzerakoan aurreztuko duen dirutzan.
Oposizioa ere presio egiten saiatu da. EH Bilduk eskaera zuzena egin zien atzo sozialistei: koherenteak izan daitezela euren jarreran. Akatsa onartu eta atzera egin izana positiboa dela esan zuen Arantza Urkaregi batzarkideak, baina gogorarazi zien Eurokopa Bilbon jokatu ahal izateko UEFAri ezarri zaizkion zerga salbuespenak onartu dituela. Horregatik, «Bizkaia paradisu fiskal bat bihurtu ez dadin» lan egin dezatela eskatu zien. «Ez da ulergarria errenta irregularren auzia bakarrik kritikatzea; fiskalitate justuago bat lortzeko aldaketa gehiago egin behar dira».
Errenta irregularren auziak Bizkaiko mugak gainditu ditu, eta Arabako Aldundiak esan du prest daudela neurria aztertzeko. Dena den, foru gobernuko kide diren sozialistek jada aurreratu dute aukera horren aurka daudela. Ez dute Bizkaiko okerra berriz egin nahi, eta, bozketa izanez gero, ez lukete aldaketa hori babestuko. Gainera, horrek hiru aldundien arteko zerga harmonizazioa hausten dutela diote. Gipuzkoak ez du araua aldatuko.
Errenta irregularren zergaren auzian PSEri begira daude oposizioan
EH Bilduk positibotzat jo du Bizkaiko sozialistek atzera egin izana, baina eskatu die ez onartzeko UEFAri ezarriko zaizkion zerga salbuespenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu